Artium Museoan egin den ekitaldian sailburuarekin batera Andoni Iturbe Kultura sailburuordea, saridunak eta epaimahaiko kideak ere izan dira. Honako hauek izan dira aurtengo Gure Artea sarietako epaimahaia osotu dutenak: Damaris Pan, Fernando Pérez, Jesus Mari Lazkano, Maite Garbayo eta Mikel Lertxundi. Jesus Mari Lazkano epaimahaiburuak azaldu ditu beraien erabakiaren arrazoiak. Sorkuntza lana aitortzeko saridunak eta arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saridunak 18.000 eurona jasoko dute eta ibilbide artistikoa aitortzeko saridunak, aurten, 20.000 euro jasoko ditu, aurreko edizioetan baino 2.000 euro gehiago. Sariak emateko ekitaldia udazkenean egingo da Donostian, Tabakaleran.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak gaurko agerraldian adierazi duenez “sari hauen helburua artista guzti hauen lana aitortzea da baina ez da horretan geratzen. Arte garaikideak gure gizartean eta kulturgintzan duen garrantzia eta eragina nabarmendu, aitortu eta saritzeaz gain epaimahaiak sarituengan eta beraien lanarengan nabarmendu nahi dituen balio eta ekarpen artistiko eta profesionalak euskal gizarteari jakinarazi nahi dizkiogu”.
Ibilbide artistikoa aitortzeko saria
Aurtengo Gure Artea sarietako epaimahaiak erabaki duenez Mari Puri Herrero artista bilbotarrak jasoko du ibilbide artistikoa aitortzeko saria. Epaimahaiak azpimarratu duenez Herrerok duen “obra zabalagatik” eta bere “kalitate artistiko bikainagatik” merezi du aitortza. Mende erdi baino gehiagoko ibilbidea egina du Herrerok eta epaimahairen iritziz “jardunean jarraitzen duen sortzaile berezia da—margolaria, grabatzailea eta eskultorea— eta bere obra irudimenezko hausnarketatik nahiz inpresionismoaren berehalakotasunetik sortua da. Bere obrak figurazio liriko, poetiko bat islatzen du eta erreferentzia sinbolikoz betea dago”.
Epaimahaiak adierazi duenez Mari Puri Herreroren “herentzia kulturalak eta garaikidetasunarekiko bere interes erneak XX. mendeko Euskal Artea ulertzeko funtsezko figuretako bat izatera eraman dute. Artearen trantsizio-aldi bat bultzatu zuen belaunaldiko kidea da Mari Puri Herrero, forma tradizionalak eta asmo abangoardistak uztartu izanagatik bereizi izan zenekoa. Bere sorkuntza-lanak mundu kezkagarri bat islatzen du, mehatxuz eta itxura faltsuz betea, eta erreala eta fantastikoa bat eginda sumatzen dira bertan. Marrazkia eta kolorea menderatzen dituen moduak, konposizioaren orekak eta gainezka egiten duen irudimenak bere
ibilbidean zehar berrinterpretatu izan duen ikonografia pertsonal bat sortzea ahalbidetu diote. “Klasikotasun modernoko” pintura garatzen du, non hiriko eta landako bizimoduaren ikuspegi pertsonal eta intimoena eskaintzen duen”. Saria erabakitzeko epaimahaiak Mari Puri Herrerok “artearen hainbat arlotan egindako lana eta ikerketa” ere azpimarratu ditu.
Sorkuntza-lana aitortzeko saria
Epaimahaiaren erabakiz Nora Aurrekoetxea bilbotarrak jasoko du aurten sorkuntza-lana aitortzeko Gure Artea saria.
Epaimahaiko kideek azpimarratu dutenez Nora Aurrekoetxea “egungo euskal eskulturaren ordezkari nagusietako bat da. Bere lanak eraginkortasunez lotzen ditu artista prestatu izan den diziplina desberdinak (Arte Ederrak, Psikologia eta Sexologia), giza harremanen alde emozionalean eta harreman horiek espazio intimoarekin duten interakzioan sakontzearren. Eskulturaren arloan, nagusiki instalazioen sorkuntzan oinarritzen da bere lana. Horietan hainbat lengoaia uztartzen ditu, besteak beste, testua, performancea eta objektuak —gehienak berak sortuak baina beste batzuk eraldatuak edo testuingurutik atereak—, bere azterlanekin lotutako gaiei buruzko hausnarketa sakonen zerbitzura jarriak, eta gorputzek arkitekturarekin duten harremana aztertzera ez ezik, zeinu eta keinu erritualak edo egunerokoak osatzera ere eramaten dutenak. Hala ere, azterlan horren emaitzek saihestu egiten dute ondorio itxiak ateratzea, askotariko esanahiak eta irakurketak eragiteko asmoz”.
Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria
Consonni arte garaikideko ekoizlea eta Bilbon egoitza duen argitaletxe espezializatuak jasoko du aurtengo arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko Gure Artea saria. Consonnik hogeita bost urte daramatza euskal artearen panoraman lanean, eta Estatuan bakarra da ezaugarri horiek biltzen dituena. Epaimahaiak azpimarratu duenez “kultura kritikoaren ekoizpena” da consonniren esentzia.
1996an sortua da consonni eta epaimahaiak adierazi duenez “kultura kritikoa hainbat euskarritatik eta askotariko testuingurutan ekoizten du. Artea eremu hedatu gisa hartuta —literatura, irratia edo hezkuntza—, ehunka jarduera sortu eta bultzatuta, testuinguruko agenteak, publikoak eta artistak erlazionatuta, lurralde-ikuspegi zabal, estetiko eta politiko batetik, artearen eremuari eta haren ertz desberdinei lotuta. Artistei ekoizpen-prozesuetan laguntzeko asmoz sortu zen, haiekin lotura konplize eta estuan, baita prozesuen koiunturazko zirkunstantzietan laguntzeko ere, pentsatzeko, elkarrekin egiteko, ekoizteko, laguntzeko, erakusteko, artxibatzeko eta erlazionatzeko kode bat sortuta”.