Klima- eta ingurumen-krisiak funtsezko aldaketak eragin ditu industrian; eraldaketa hori oso erraz ikusten da automobilgintzaren sektorean, trantsizio handia izaten ari baita zero isuriko ibilgailuen ekoizpenerantz eta errekuntza-ibilgailuen erabateko ordezkapenerantz.
Mentalitate-aldaketa horrek erronka handiak sortu ditu urte gutxitan, eta sektoreak horiei erantzun behar die. Besteak beste, ibilgailuak elikatzeko energia berdea erabiltzea, fabrikak eta bulegoak deskarbonizatzea, produktuen bizitzaren amaieran berrerabiltzeko eta birziklatzeko praktikak inplementatzea, eta produktuen diseinuan, garapenean eta entregan zirkulartasuna aplikatzea karbono-aztarna murrizteko.
Ildo horretan, Walter Packek apustu erabakigarria egin du sektorea ingurune berritzaile eta jasangarria izan dadin, eta, aldi berean, funtzionala eta diseinuzkoa, gai horiekin lotutako hainbat proiektutan parte hartuta. Igorren (Bizkaia) egoitza duen enpresak automobilgintzaren sektorerako pieza apaingarri funtzionalak ekoizten ditu 1992. urtetik, eta, gaur egun, nazioarteko erreferentzia da arlo horretan, hainbat produkzio-instalaziorekin, hala nola Mexikon edo Indian.
Horietako bat Renault España buru duen proiektua da, bizkaiako enpresak duela gutxi bat egin duena. Ibilgailu elektriko konektatuen fabrikazioan espezializatutako ekosistema industrial bat eratzea du helburu eta, horrela, Espainia mugikortasun jasangarriaren lider bihurtzea.
Ibilgailu Elektriko eta Konektatura (VEC) bideratutako PERTE (Berreskuratze eta Eraldaketa Ekonomikorako Proiektu Estrategikoa) baten deialdiari erantzuten dio ekimenak. Bertan, automobilgintzaren sektoreko eta dozenaka autonomia-erkidegotako industria-ekosistemaren esparru guztietako erreferentziazko dozenaka erakundek parte hartzen dute. Horien artean Grupo Antolín dago, munduko automobilerako osagaien fabrikatzaile handienetako bat eta ibilgailuaren barrualderako soluzio teknologikoen hornitzaile globala, Bizkaiko konpainiarekin batera lan egingo duena.
Osagai teknologikoen eta balio erantsi handiko plastikozko piezen fabrikazioan duten ezagutza eta esperientzia batuz, bi enpresek HMI soluzio bat garatuko dute (Human Machine Interface, makina, software edo sistema batekin komunikatzeko aukera ematen duen panela), ibilgailu elektrikoari prestazio berriak emango dizkiona eta barrualdearen erosotasuna hobetuko duena. “Garapen hori prestazioei uko egin gabe kostuan lehiakorra den diseinu bat lortzea ahalbidetzen duten displayetan oinarritzen da, dekorazio-teknologien (IMF) erabileraren bidez, funtzionalitate gehigarrien integrazioarekin eta kontrol-elektronikarekin konbinatuta”, Iñigo Erhardt Walter Pack-eko I+G arduradunak dioenez.
TREASURE euskal konpainiak parte hartzen duen beste proiektu bat da, 2021eko ekainean hasi zen, Horizon 2020 programaren barruan eta automobilaren sektorea zirkularragoa egiten lagunduko duten teknologia berritzaileak probatzeko aukera berriak eskaini nahi ditu.
Europa osoko 15 entitateren parte-hartzearekin, plataforma bat sortu nahi da, azken erabiltzaileari LCA (Life Cycle Asessment) eta simulazio baten bidez bere produktuak izango duen birziklagarritasuna ezagutzen laguntzeko. Ondoren, plataformak osagaiak nola desmihiztatu azaltzen du eta, azkenik, erakusle bat sortzeko berrerabiltzen dira. Hain zuzen ere, erakusle horren garapenean egingo du ekarpena Walter Pack-ek, piezan funtzio elektronikoak txertatuz, beste osagai batzuen alternatiba gisa, aztertzeko eta alderatzeko.
Era berean, Audi enpresaren lehen auto elektrikoaren (e-tron)barruko diseinuan eta teknologian ere parte hartu du enpresa bizkaitarrak. Modelo honen zipriztinguneko moldura ekoiztu du, ibilgailu honen barruko osagai estetiko ikonikoenetako bat.
Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.