Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Cambridgeko Unibertsitatea bisitatu du gaur goizean. Bi egunetan zehar, eta Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearekin eta Pedro Miguel Etxenike zientzialariarekin batera, zenbait bilera egingo ditu unibertsitateko hainbat arduradunekin, baita une honetan beren proiektua unibertsitate britainiarrean garatzen ari diren Euskadiko ikertzaileekin ere. Bisitaren helburua Eusko Jaurlaritzaren eta Cambridgeko Unibertsitatearen arteko harremana indartzea da, baita bi herrialdeetako zientzialariek garatzen dituzten ikerketa-proiektuen koordinazioa sendotzea ere.
Agenda ofizialari hasiera emateko, Bildarratz sailburua Clare Halleko presidente Alan Shortekin bildu da gaur goizean. Cambridgeko Unibertsitateko graduondoko fakultate ospetsua da Clare Hall, ikasketa aurreratuen zentro gisa identifikatua eta Nobel saridun ugari dituena bertako kideen artean. Bileran, bi arduradunek erakundeen arteko lankidetzaren errepasoa egin dute. Oso positibotzat hartu dute azken urteotan egindako bidea -ekintzen artean, aipagarria da Cambriden egonaldi bat izateko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak euskadiko ikertzaile bati ematen dion beka-, eta horregatik adostu dute 2ra igotzeko aukera aztertzea datozen urteei begira.
Bide batez, Hezkuntza sailburuak Short presidenteari proposatu dio, 2016an bezala, 2023an Euskadik erakunde britainiarrak urtero antolatzen duen Clare Hall Spain topaketa hartzea, lanean diharduen ikerketa-proiektuak, baita bere unibertsitate-eskaintza ere, ezagutzera emateko helburuz.
Goizeko bileraren ondoren, Bildarratz sailburua eta gainerako ordezkariak Malcom Longair irakaslearekin —Cavendish Laboratoryko zuzendari ohia, Cambridgeko Unibertsitateko Fisika sailekoa— eta Clare Halleko zenbait ikertzailerekin bilduko dira. Bestetik, une honetan Cambridgen dauden Euskadiko ikertzaileetako batzuekin bilduko da: Basque Visiting Fellow Alberto Saiz Garitaonaindia eta Ikerbasque eta Cavendish Laboratoryko ikertzailea den Emilio Artachorekin.
Larunbatean, agendak Cambridgeko Cavendish Laboratoryra bisita jasotzen du, fisikaren arloko aurkikuntzen abangoardiako ikerketa-zentrora. Bertan, besteak beste, NDAren eta atomoaren egiturak aurkitu dira, eta bere 28 ikertzailek Nobel saria jaso dute. Sortu zenetik, bere helburu nagusia fisika esperimentala izan da, oinarrizko zientziak aurrera egiteko funtsezko teoriak emanez eta berretsiz. Zentro hau lankidetza estuan ari da bikaintasuneko ikerketa-zentroekin, besteak beste, DIPCekin —Donostia International Physics Center— Pedro Miguel Etxenike presidente dela. Cavendish Laboratoryn fisikaren hainbat arlo aztertzen dituzte. Besteren artean: Unibertsoaren eraketa; komunikazio eta konputazio kuantikoa; tenperatura ultrabaxuen fisika eta materiaren egoera berriak; nanozientzia; eta material eta polimero berrien fisika.
Harreman onuragarria
Azken urteotan, Euskadiren eta Cambridgeren arteko harremanak nabarmen egin du gora. 2001ean lotzen zituzten eta emaitzak argitaratzen zituzten hamar proiektuetatik, azken urteotan behin baino gehiagotan gainditu dira partekatutako proiektuen 100 argitalpen, azken 10 urteetan 900 argitalpen baino gehiago lortuz. Lan gehienek Fisika (% 34), Osasun Zientziak (% 31) eta Gizarte Zientziak (% 23) hartzen dituzte.
Baina partekatutako proiektuen kopuruaz gain, azpimarratzekoa da lankidetza horrek dakarren hobekuntza kualitatiboa: Euskadiren eta Cambridgeko Unibertsitatearen kasuan, aurkeztutako lan zientifikoen kalitatea nabarmen handitzen da lana lankidetzaren emaitza denean. Gauza bera gertatzen da elkarrekin egindako lanek lortzen duten inpaktuan, eta gorakada nabarmena ikusten da Euskadik eta Cambridgek batera lantzen dituzten azterlanetan.
Gaur egun, Euskadi eta Cambridge elkarlanean ari dira H2020 eta Horizon Europe programetako 10 ikerketa-proiektu baino gehiagotan, 55 milioi euroko inbertsioarekin.
Eusko Jaurlaritzak espero du bi egun hauetan Cambridgeko Unibertsitateko proiektu zientifikoen arduradunekin egingo diren bilerek harremanak estutzeko balioko dutela; baita bi erakundeek lankidetzaren alde apustu egiten jarraitzeko ere, Euskadin eta, oro har, gizartean, bikaintasuneko zientzia eta ikerketa indartze aldera.