Euskadiko Osasun Arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako 2022-2025 Estrategiaren aurkezpena

Urkullu Lehendakaria: “Helburua da osasunaren arloko ikerketaren emaitzak pertsonentzako onura, gizarte-hobekuntza eta aurrerapen ekonomiko bihurtzea”


Estrategia berriaren abiapuntua bi hamarkadatan Euskadin egindako lana da, eta jauzi kualitatiboa eman nahi du bikaintasunerantz ikerketa-institutuak koordinatzearen, talentua erakartzearen (3.000 pertsona baino gehiago osasunaren arloan ikertzen), finantzazioa hobetzearen eta nazioartean presentzia handiagoa izatearen bidez

Osasunaren arloko ikerketaren emaitzak pertsonentzako onura, gizarte-hobekuntza eta aurrerapen ekonomiko bihur daitezen lortzea. Horixe da Iñigo Urkullu lehendakariak eta Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak gaur Barakaldoko BECen egin den ekitaldi batean aurkeztu duten Euskadiko Osasun Arloko Ikerketa eta Berrikuntzarako 2022-2025erako Estrategiaren helburu nagusia.

Helburu horiek lortzeko, estrategiak 5 ardatz zehazten ditu:

Lehenengo ardatzak lortu nahi du koordinazio eta integrazio handiagoa ikerketa-institutuen, asistentzia-eremuaren eta enpresa-esparruaren artean. Hau da: ikerketa-sistemaren barruan; ikerketaren eta osasun-asistentziaren artean; eta institutuen eta enpresa eta teknologia ekosistemaren arteko elkarlana indartuz. Horrek guztiak eskatzen du osasunaren arloko Euskadiko ikerketa-sistema beste era batera formulatzea, eta aurrerantzean deituko da:

Osasunaren arloko Euskadiko Ikerketa, eta bioaraba, biobizkaia, biogipuzkoa eta biosistemak bilduko ditu BIOEFek koordinatuta.

Bigarren ardatzaren helburua institutuen espezializazioa bikaintasunerantz eta osasun-sistemaren beharretarantz indartzea da. Bikaintasun hori jada agerikoa da, inpaktu handiko argitalpenen % 61ekin eta argitalpenetan % 40,45eko igoerarekin 2016tik, eta estrategiak eutsi egin nahi dio hazkunde-erritmo horri.

Hirugarren ardatza talentua sortzearekin lotuta dago. Gaur egun Euskadik ia 3.000 pertsona ditu osasunaren arloan ikertzen, eta horietatik % 85 Osakidetzako profesionalak dira; gainera, proiektu gehienak emakumeek lideratzen dituzte. Erronka da ikertzaile gehiago izaten jarraitzea, eta, beste ekintza batzuen artean, Osakidetzan ikerketa-karreraren eredu bat zehaztea, gure sisteman talentuari eusteko nahiz talentu gehiago erakartzeko programak identifikatuz.

Laugarren ardatza Euskadiko ikerketak munduan, nazioartean, presentzia handiagoa izatea sustatzera bideratuta dago. Une hauetan Euskadiko osasun-sistema osasunarekin lotutako nazioarteko 56 ikerketa-proiektutan parte hartzen ari da. Orain asmoa da Euskadiren presentzia hori areagotzea nazioarteko proiektu lehiakorrak lideratzearen bidez.

Bosgarren ardatzak, azkenak, ikerketa-proiektuen finantzazioa hobetzea du helburu. Osasun Sailak I+G+b-ra bideratzen duen aurrekontua etengabe joan da handitzen; aurten % 15 igo da, eta 25 milioi eurotik gorakoa da. Ahalegin hori, beharrezkoa bada ere, ez da nahikoa, eta arlo publikoaren eta pribatuaren lankidetza eskatzen du. Institutuek azken 6 urteotan % 95 gehitu dute kanpoko finantzazioaren kaptazioa, eta helburua da osasun-sisteman ikerketa eta berrikuntza finantzatzeko esparru egonkorra eta efizientea izatea baliabideak finkatu ahal izateko.

3.000 PERTSONA OSASUNAREN ARLOAN IKERTZEN 1.800 PROIEKTUTAN

Bere esku-hartzean, Urkullu lehendakariak azpimarratu du estrategia berri hau aurrerapauso irmoa dela Eusko Jaurlaritzak osasunaren arloko ikerketaren alde egin duen apustuan, kontuan hartuta, gainera, aurretik gogoratu duen bezala, Euskadi ez dela hutsetik abiatu. Berez, orain dela bi hamarkadatatik BIOEFek koordinatzen dituen osasun-ikerketako institutuek osatutako izen handiko sare bat du, gaurko ekitaldian aitortu dena; Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu kontsolidatuaren babesa du; lankidetza publiko-pribatuan oinarritutako ekosistema du; eta, batez ere, Osakidetzako profesionalek osatzen duten giza kapitala du. Zehazki, eta eman dituen datuen arabera, azken urte honetan 3.000 bat ikertzailek parte hartu dute 1.800 proiektu eta azterketa klinikotan baino gehiagotan, horietako asko nazioartekoak dira, eta 150 erakunderekin baino gehiagorekin (horietako gehienak Euskadiko ETEak) lankidetzan jardun dute. Jarduera horrek barne hartzen ditu, besteak beste, diziplinarteko ikerketa, onkologiaren eta neurologiaren arloko I+G eta mikrobiologiaren eta gaixotasun infekziosoen arloak, eta azken urte honetan COVID-19arekin lotutako proiektu ugari izan dira.

Lehendakariak nabarmendu du orain estrategia berriak urrunago joan nahi duela Euskadi zientzian, ikerketan eta berrikuntzan inbertitzeko egiten ari den apustu horretan, eta horren garrantzia oraindik ere gehiago nabarmendu duela COVID-19ak eragindako pandemiak. “Gure helburua da ikuspegi argi bat indartzea: osasunaren arloko ikerketa batez ere osasun-sistemaren eta euskal herritarren beharretara bideratu behar dela. Eta, aldi berean, Euskadiko ekonomiak lehiakortasuna hobetzeko eta hazkunde jasangarriaren bidean aurrera egiteko palanka ere izan behar du”, adierazi du.