Euskadiko datu irekien lehiaketetan izena emateko epea zabalik

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko datu irekiak berrerabiltzeko ideia berri eta aplikazio onenen sarien laugarren edizioan izena emateko epea ireki du abuztuak 3ra arte. Euskal Autonomia Erkidegoko katalogo publikoetako datu multzo batean oinarrituta sortutako ideia eta aplikazio onenak saritzeko lehiaketa hauek Jaurlaritzak antolatuta daude eta baita Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Aldundiek eta Gasteiz, Donostia eta Bilboko Udalek ere. Ideia lehiaketaren irabazleak 5.000 euroko saria jasoko du eta bigarren sariak 3.000 euro jasoko du. Aplikazio eta zerbitzuen lehiaketako irabazleak, berriz, 10.000 euroko saria jasoko du eta bigarren saria 8.000 eurokoa izango da.

Lehiaketak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletarako Zuzendaritzak ahalbidetzen ditu, eta Open Data Euskadi, Araba Irekia, Gipuzkoa Irekia, Bilbao Open Data, Open Data Vitoria-Gasteiz, Donostiako Udalaren datu irekiak edota Open Data Bizkaiaren datu publiko irekiak sustatzea eta berrerabiltzea dute helburu. Lehenbiziko lehiaketa ideia originalak aurkeztuko dituzten pertsonei zuzenduta dago, datu irekietatik sortutako edozein zerbitzu, azterketa, bistaratze edo aplikazio proposatuz. Izen ematea doakoa da eta web bidez egin daiteke www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028504  orrian

Aplikazioen lehiaketara, berriz, gailu mugikorretarako zerbitzu, azterketa, web aplikazio edo aplikazio bat garatzen duten proiektuak aurkez daitezke, Euskadiko datu irekien katalogo nagusietako datu multzoak erabiliz. Honetan ere, izen-ematea doakoa da eta www.euskadi.eus/zerbitzuak/1028604  orrian formalizatu daiteke.

Datu irekiak formatu berrerabilgarrian eta erabilera lizentzia irekiekin argitaratzen ditu Eusko Jaurlaritzak Open Data Euskadi webgunean, herritarrek horietatik eratorritako zerbitzuak sortzeko aukera izan dezaten. Zehazki, 8.000 datu multzo baino gehiagoko katalogoa du, eta horien artean nabarmentzekoak dira estatistikoak, geografikoak, administratiboak, ingurumenekoak, turistikoak eta meteorologikoak. Hiru foru aldundiek eta EAEko hiru hiriburuetako udalek ere beren open-data atariak dituzte, eta datu irekien multzoen katalogoa kontsulta daiteke.