Gobernu Kontseiluak, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak proposatuta, Adikzioen eta Droga-mendekotasunen Arreta Integralari buruzko Legea urratzeagatik ezartzen diren zigorrak ordezkatzeko dekretua onartu du gaur. Legea 2016ko apiriletik dago indarrean, eta helburu nagusia du pertsona guztiak babestea, bereziki adingabeak eta gizarteko kolektibo zaurgarrienak. Lege hori eman zenetik onartu den laugarren dekretua da hau, adikzioen arloko erakunde-egitura garatzen eta arautzen duenaren, arauei eta debekuei buruzko seinalizazioa ezartzen duenaren eta esparru horretako aitorpenekin zerikusia duenaren ondoren.
Hauek dira ordezko neurrien helburuak:
-
- Substantzien kontsumoarekin erlazionatutako arrisku-portaerak prebenitzea eta gutxitzea
-
- Arrisku-egoerak hautematea eta, beharrezkoa izanez gero, beste baliabide soziosanitario batzuetara bideratzea
-
- Ordezko neurria bereiztea eta indibidualizatzea, prebentzio-eraginkortasun handiagoa lortzeko
-
- Ezarritako zigorra ordezkatuko duen neurriak, ahal dela, izaera hezitzailea eta erreparatzailea izatea
-
- Gurasoen eta tutoretza edo legezko zaintza duten pertsonen inplikazioa ordezkatzen dituzten adingabeen portaera modelatzen eta bideratzen, horretarako behar duten informazioa, babesa eta laguntza emanez.
Dekretuak ordezko neurri-mota hauek ezartzen ditu:
-
- Gizartearentzako lanak edo jarduerak. Jarduera publikoak, interes soziala eta balio hezitzailea dutenak, egindako arau-hausteak kaltetu duen komunitatearen erreparaziorako izango direnak.
-
- Prebentziozko formakuntza- edo informazio-programa. Helburua da jarduera hezitzaile bat egitea substantzien kontsumoaren arriskuen, arrazoien eta ondorioen gainean sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko eta zigortu den jokabidearen inguruan gogoeta egiteko.
-
- Tratamendu-programa. Mendekotasuna agerian jartzen duen kontsumo edo polikontsumo patroi bat duten pertsonentzako ordezko neurria.
Zehapenak ezartzeko eskumena duen agintariak (udalak edo Eusko Jaurlaritzak) erabaki ahal izango du zehapen hori ordezkatuko den, arau-hausleak berak edo horren lege-ordezkariak (adingabeen kasuan) eskatuta. Ezartzen den eta ordezkatu ahal izango den zehapena diru-zigorra (isuna) izango da, eta arau-hauste arinen eta larrien kasuan bakarrik eskatu ahal izango da. Zehatu den pertsonak ordezko neurriak bere bizilekutik hurbil dagoen herri batean betetzeko ahalegina egingo da, arau-haustea non egin den alde batera utzita.
Edonola ere, ordezko neurriek ezaugarri hauek bete beharko dituzte: borondatezkoa izatea, pertsonak oniritzia ematea, egindako arau-haustearekiko proportzionala izatea, zehatzen den portaerarekin zerikusia izatea, malgutasuna, neurria betetzen duena nahitaez arau-haustea egin duen pertsona izatea, doakoa izatea, neurria beteko duen pertsonaren duintasuna eta eskubideak bermatzea eta ekitatea, bereziki genero-ikuspegiari arreta berezia eskainiz.
Neurrien iraupena ezartzean kontuan izango dira arau-hauslea adinez nagusia ala adingabea den eta ezarri den zehapenaren larritasuna, beti dekretuan bertan ezarritako marjinen barruan. Tratamendu-programen iraupena arau-hausleari neurria betetzeko izendatuko zaion baliabideak zehaztuko du.
Dekretu hau Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren, toki-erakundeen (udalerriak, mankomunitateak eta diputazioak), Kriminologiaren Euskal Institutuaren eta ordezko neurrien ezarpenean eskarmentua duten elkarte batzuen artean elkarlanean eta parte hartuz gauzatu da.