Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, egitura organikoaren eta funtzionalaren aldaketa onartu du, Europako Gizarte Funtsetik heldu diren laguntzen planifikazio, kudeaketa, kontrol eta ebaluazioari buruzko jarduketa-arloa egoki dadin. Orain arte, jarduketa-arlo hori Lan eta Enplegu Sailari atxikitzen zitzaion, eta, onarpen horren bidez, aurrerantzean Ekonomia eta Ogasun Saila hasiko da arlo hori kudeatzen.
Aldaketa horri esker, Covid-19aren pandemiaren deklarazio ofizialaren aurretik bi sail horien artean lehendik zeuden sinergien efizientzia handiagoa eta operatibotasun handiagoa lortu nahi da. Besteak beste:
-
- Lehenik, Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako REACT-EU funtsak (Kohesiorako eta Europako Lurraldeak Suspertzeko Laguntzak) orain arte Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF) eta Europako Gizarte Funtsaren (EGF) programa operatiboen bidez bideratu dira, eta horiek ere aldatu egin dira, funts horiekin finantza daitezkeen politika publikoen sorta zabaltze aldera; izatez, jada ez dituzte Enplegu Sailaren eskumenak soilik hartuko, Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuenak ere hartuko dituzte, hala nola Hezkuntza Sailarenak edo Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailarenak.
Kudeaketaren efikazia eta efizientzia indartu egingo da, bi programa horiek modu koordinatuagoan eta integratuagoan kudeatzen badira.
-
- Bigarrenik, 2021-2027 programazio-aldirako, EGF funtsak balia ditzaketen politikak zabaltzen jarraituko da, eta, beraz, EGF funtsa sail bakarreko funtsa izateari utzi dio, EGEF funtsarekin gertatzen den bezalaxe. Hortaz, EGF funtsa Eusko Jaurlaritzako zenbait sailen politika publikoak finantzatzera pasa da. Justifikatuta dago, beraz, kudeaketa hori Ekonomia eta Ogasun Saila gisako sail “horizontal” baten esku geratzea.
Horrenbestez, behar-beharrezkoa da bi sail horien egitura organikoa eta funtzionala aldatzea, eta, horren ondorioz, lehendik Lan eta Enplegu Sailean lan egiten zuten bost pertsona Ekonomia eta Ogasun Sailean txertatzea.