Gobernu Kontseiluak, Hezkuntzako sailburuak proposatuta, unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko 2021-2022 ikasturterako ikasketa-beka eta -laguntzen deialdia finantzatzeko zenbatekoa 400.000 eurotan handitzea erabaki du gaurko bileran.
Beken zuzkiduraren bigarren gehikuntza hori Gobernu Kontseiluak 2022ko maiatzaren 17an onartutako 2,6 milioiari gehitu zaio.
2021-2022 ikasturterako beken deialdia 2021eko uztailaren 13an onartu zen, 60 milioi euroko zenbatekoarekin. Deialdia egiten duen Aginduak berak jasotzen du zenbateko hori handitzeko aukera, baldintzak betetzen dituzten familia guztiek laguntza ekonomikoa lortuko dutela bermatzeko helburuz. Era horretan, ikasle guztiek hezkuntza jasotzeko aukera berdinak izatea bermatuta geratzen da, familiaren egoera ekonomikoa zailtasun erantsia izan gabe.
Kopuru hori handitzeko beharra eragin duen faktoreetako bat izan da 2021-2022 ikasturtean jantokiko bekaren onuradun izan diren ikasleen kopurua gehitu izana; aurreko ikasturtean baino 6.710 ikasle gehiago, hain zuzen. 2020-2021 ikasturtean 44.212 ikaslek jaso zuten jantokirako laguntza; ikasturte honetan, berriz, 50.922 ikaslek.