Lehendakaria Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuaren bileraren buru izan da gaur

2022-07-11

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da gaur goizean Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuaren bileran, Lehendakaritzaren egoitzan. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak eta Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak ere parte hartu dute ekitaldian. Larrazak Etxepare Euskal Institutuan azken urtean egindako jardueren berri eman du, baita datozen hilabeteetako jarduera-ildo nagusien berri ere.

2021. urtea COVID-19tik eratorritako osasun-egoerak baldintzatu badu ere, aurreikusitako jardueren zati handiena burutu ahal izan da, ekintzetan eta ezarritako egutegietan aldaketak egin ostean.

Lehendakariaren agurraren ondoren, eta aurreko bileraren akta jakinarazi ondoren, Institutuko zuzendariak urteko kontuak eta 2021eko kudeaketa-txostena azaldu dizkie patronatuko kideei, baita 2022ko bigarren seihilekoan burutuko diren ekintzak ere.

Larrazak nabarmendu du, osasun-egoeraren ondorioz 2021. urtean bizitako ziurgabetasuna handia izan den arren, Etxepare Euskal Institutua “gai izan dela konpromisoei eusteko”. Adierazi duenez, “euskara eta euskal kulturaren irakaskuntza mantendu ahal izan da bere osotasunean eta aurrez-aurre hein haundi batean; kultur jardueren %80a ikuslegoarekin aurrez-aurre egitea lortu dugu horrek askotan ekintzak egokitzera eta datak mugitzera behartu gaituen arren; eta dirulaguntzen exekuzioa %92,5ekoa izan da, sortzaileen mugikortasuna berreskuratu denaren seinale”. Hori bai, munduan zehar herrialde bakoitzaren egoera hain ezberdina izaki, “gertutasunezko” kultur egitasmoak lehenetsi dira.

Bereziki azpimarratu ditu zuzendariak euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatu eta euskal eta nazioarteko arte testuinguruen artean loturak estutzea helburu duen ZABAL programaren emaitzak. Izan ere, honen ondorioz, June Crespo artistaren lanak ikusgai daude Veneziako Biurtekoan eta Consonni argitaletxeak Documenta Fifteen nazioarteko erakusketan hartu du parte.

Osasun-egoerak eragin zuzena izan du Saison Québec – Pays Basque programan, kulturaren bidez bi herrialdeen arteko harremanak estutzea xede duen egitasmoan. Izan ere, oso neurri zorrotzak izan dituzte indarrean 2021. urtearen zati handi batean zehar, eta udazkenera arte ez da kultur jarduera berreskuratu. Hori dela eta, 2021. urtearen azken hiruhilekoan eta 2022. urtean zehar garatzen ari da programaren gehiengoa.

Era berean, 2023. urtean zehar Flandriarekin gauzatuko den kultur programaren berri eman die Larrazak patronatukideei. 2021eko urrian Flandriar eta euskal kultur eragileen arteko topaketa profesionalak burutu ziren Euskadin eta 2022ko ekainean Euskadiko kultur delegaritza batek bidaiatu zuen Flandriara egitasmoa ehuntzeko.

Euskara eta euskal kulturaren irakaskuntzaren alorrean, 2022. urtean zehar abian jarritako euskal ikasketen hiru katedra berriak nabarmendu ditu Larrazak. Bata Galesen, University of Trinity St. David unibertsitatean; bestea Quebecen, McGill unibertsitatean; eta hirugarrena Kalifornian, Bakersfield State University unibertsitatean.