Europako Batzordeak, CINEAren bidez (European Climate, Infrastructure and Environment Executive Agency), 12 hilabeteko luzapena eman dio AGREE proiektuari, 2023ko abuztura arte.
Horrela, AGREE proiektuak bere azken jarduera-urteari ekiten dio, kudeaketa- eta finantzaketa-formula berritzaileen bidez, etxebizitza-eraikinetan energia-efizientzia hobetzeko birgaitze-obrak egitea sustatzeko.
COVID-19 pandemiak eragin handia izan du EAEko erakundeek garatutako proiektu guztien garapen normalean; izan ere, AGREE proiektuak bezala, herritarrekiko zuzeneko interakzioaren osagai handia dute. 2020an eta 2021ean herritarrekin eta jabeen erkidegoekin aurrez aurreko bilerak egin ahal izateko izandako zailtasunek eragin argia izan dute AGREE proiektuaren hasierako kronograman, 2022ko abuztua hartzen baitzuen amaiera-urtetzat.
Aurrez aurreko bileretarako zailtasun horiez gain, COVID-19 pandemiaren ondorioak etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko eta eraberritzeko proiektuak egiteko obren jarduera normaltasunez garatzera ere hedatu dira.
Azkenik, COVID-19 pandemiak Europako gizartearen motor ekonomikoetan izan dituen ondorioak arintzeko Europako Batzordeak abian jarritako neurriek, Next Generation EU eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa izeneko aldi baterako susperraldirako salbuespenezko tresnaren bidez, hainbat ekimen publiko sorrarazi dituzte, AGREE proiektuaren helburu nagusiari zuzenean eragiten diotenak: bizitegi-eraikin pribatuen multzoen birgaitze energetikoan inbertsioak sustatzea, kudeaketa- eta finantzaketa-formula berritzaileen bidez, era horretako eraikinen birgaitze-obren eskaria sortzea erraztuz.
Zehazki, Europako salbuespenezko suspertze-mekanismoaren eragin argienetako bat Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko ekainaren 21eko Agindua izan da, Next Generation funtsak eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko obretarako eta bizitegi-eraikinen energia-efizientzia hobetzeko eraikin-liburua/birgaitze-proiektua egiteko laguntzei buruzkoa. Dekretu horrek arau-esparru berri bat ezartzen du AGREE proiektuak sustatzen dituen birgaitze-obretarako finantza-laguntzak eskuratzeko, eta, beraz, eragin positibo argia du proiektuaren garapenean.
Testuinguru horretan, joan den otsailean, AGREE proiektuko zuzendaritza-batzordeak prozesu bat hasi zuen CINEAri eskatzeko AGREE proiektua finantzatzeko akordioa alda zezala, 2019ko udan onartutako kronogramaren gainean 12 hilabeteko luzapen gehigarria emateko. Eskaera hori justifikatzeko prozesu egoki eta neketsua egin ondoren, AGREE proiektuak eskaera hori onartu du Europako Batzordearen aldetik.
Ondorioz, proiektuaren egungo faseei jarraipena eman zaie, eta orain 2023ko abuztuan amaituko dela aurreikusi da. Proiektuaren egungo faseek egin beharreko jarduera garrantzitsuenak hauek dira:
- Azalpen-bilerak jabeen erkidegoekin
- Bilerak interesdunekin eta akordioak/konpromisoak ixtea
- Enkargua eta proiektuak egitea
- Lizentziak eta laguntzak eskatzea
- Dirulaguntzak ebaztea eta ematea
- AGREE Academy abian jartzea