• “Ardo munduan ematen ari diren bide berriak eta hauen eragina gure upategietan” udako ikastaroa Zallan egin da gaur. Mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreko 60 profesional inguruk parte hartu dute.
• Jardunaldian ardoaren munduko joera berriak hainbat ikuspuntutatik aztertu dira: merkatuko eskaria, elaborazio-mota berriak eta doitasunezko mahastizaintza.
Upategien munduari lotutako 60 langile inguruk “Ardo munduan ematen ari diren bide berriak eta hauen eragina gure upategietan” udako ikastaroan parte hartu dute gaur Zallako el Longarren (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, HAZIk eta ARDOA Basque Wine Officek antolatu dute Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen XLI. edizioaren barruan.
Azken bi urteetan, mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreak ekoizpenari, komertzializazioari eta banaketari lotutako oinarriak birpentsatu behar izan ditu zenbait arrazoirengatik: pandemia globalak eragindako krisitik eratorritako aldaketak, Ukrainako gerraren inpaktua eta gizartean ezarritako kontsumo-eskaera berriak.
Baina etorkizuna itxaropentsua da ardoaren munduarentzat; izan ere, egoera horretara egokitzerakoan, lehiakorragoak diren salmenta-aukera berriei atea ireki baitio.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek ikastaro-programari hasiera eman dio mahastizaintza eta ardogintzaren sektorearen ahalegina azpimarratuz. “Gaur, inoiz baino gehiago, joera berriak ohitura aldaketa ekarriko dute etorkizun hobearen alde. Badakigu zuek guztiek esfortzu handia egiten duzuela upategietan eta mahastietan aldaketa eta joera berrietara egokitzeko, tradizioan oinarritutako jakintzatik eta lanetik hasi eta produktu berrien eta merkatu berrien garapen berritzaileetara arte. Eta horrela jarraitzera animatzen zaituztegu”, adierazi du Orozek.
Udako ikastaro honen bidez, mahastizaintza eta ardogintzaren sektorean, merkatuen alorrean, eta mahatsaren produkzioan eta transformazioan bizi diren joera berriak jakitera eman dira. Horren guztiaren helburu bakarra lan-modu berriak erakustea izan da, profesionalei beren negozioa hedatzeko ideia berriak emateko. Jardunaldian zehar joera berri horiek zenbait ikuspuntutatik aztertu dira: merkatuko eskaria, elaborazio mota berriak eta doitasunezko mahastizaintza
Adituak merkatuetan eta esperientzia berritzaileetan
Euskadiko upategien etorkizuna markatuko duten joera berriak ezagutzera emateko, ikastaro honetan merkatuaren analisian adituak diren pertsonek parte hartu dute, bai eta ardoa egiteko ereduak kontsumitzaileen eskaera berrietan oinarrituta egokitu dituzten langileak ere.
Oroz sailburuordearen hitzen ostean, Rafael Del Reyk jardunaldiari hasiera eman dio. Del Rey Ardoaren Munduko Espainiako Behatokiko zuzendari nagusia da, eta ardo-zuriaren merkatua aztertu du Espainian eta nazioarteko merkatuetan.
Horren ostean, ardoan espezializatutako kazetaria eta itzultzaile (Spanish Winelovers eta Decanter) Yolanda Ortiz de Arrik aldaketak eta joera berriek upategiei eskainitako aukera berriak azaldu ditu.
Ardoaren produkzio-bide berriei dagokionez, Agustí Torelló cava katalaneko ekoizleak, eta Julio Prieto ardo-aholkulariak, egungo praktiken aldaketen inguruan hitz egin dute etorkizuneko mahastizaintzako kulturaren eboluzioaren baitan. Miguel Tubiok Galiziako Martín Códax albariño ardoko upategiko esperientziari buruz hitz egin du, eta praktika berri horiek mahastietan nola aplikatzen diren.
Jardunaldian zehar, Arkaitz Larrazabal enologoak eta Bizkaiko Txakolina Kontseilu Arautzaileko kideak Bizkaiko Txakolinaren eboluzioaren inguruan aritu da.
Ikastaroko lehenengo partea amaitzeko, “Ardo munduan ematen ari diren bide berriak eta hauen eragina gure upategietan” mahai-ingurua egin da. Iñaki Suarezek moderatu du, Bizkaiko Txakolina jatorri-deiturako Kontseilu Arautzaileko Dastaketa-Komite Teknikoko sommelier eta kideak. Horrez gain, Yolanda Ortiz de Arri, Agustí Torelló, Miguel Tubio, Rafael Del Rey eta Julio Prietok ere parte hartu dute.
Goizeko jardunaldiaren ostean, parte hartzaileek Zallako frutagintza estazioa eta upategi esperimentala ezagutuko dute. Bertan, Bizkaiko Txakolina eta Euskal Sagardoa jatorri deiturako upategi eta sagardotegiei aholkularitza eta laguntza-teknologikoa eskaintzen zaie.
Udako ikastaro hau antolatzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren, Enkarterrialde Landa Garapeneko Elkartearen, Landa Garapenerako Nekazaritzako Europako Funtsaren eta UPV/EHUren laguntza jaso da.