Gas-kontsumo intentsiboa duten industrientzako laguntzak zabalduko ditu Eusko Jaurlaritzak

Gas-kontsumo intentsiboa duten industriei eskainitako zuzeneko laguntzak zabalduko ditu Eusko Jaurlaritzak errusiarrek Ukraina inbaditu izanak eta ondoren Errusiari ezarritako zigorrek eragindako gas-kostuaren igoeraren efektu kaltegarria arintzeko. Gaurdanik eta abuztuaren 31ra arte irekita egongo da eskaerak aurkezteko epea duela hiru hilabete abian jarritako aurreko deialdian sartu ezin izan ziren beste industria-azpisektore batzuentzat.

Konpainia bakoitzak jaso ahalko duen gehieneko laguntza 400.000 euro izango da. Helbide fiskala EAEn duten enpresak izango dira onuradunak, betiere 2021ean EJSN Kode hauetan aurreikusitako jardueretatik gutxienez bat gauzatu badute eta eskaera egiteko une horretan jarduera egikaritzen jarraitzen badute:

 

Kod. EJSN2009

 

Izenburua EJSN2009

 

133

 

Ehunen akabera.

 

089

 

Beste inon sailkatu gabeko erauzketa-industriak.

 

239

 

Beste inon sailkatu gabeko produktu mineral ez-metalikoen fabrikazioa.

 

201

 

Oinarrizko produktu kimikoen fabrikazioa.

 

241

 

Burdinazko, altzairuzko eta ferroaleaziozko oinarrizko produktuen fabrikazioa.

 

234

 

Beste produktu zeramiko batzuen fabrikazioa.

 

235

 

Zementuaren, karearen eta igeltsuaren fabrikazioa.

 

244

 

Metal preziatuen eta burdinazkoak ez diren beste metal batzuen fabrikazioa.

 

203

 

Pinturak, bernizak, inprenta-tintak eta masillak.

«Beste inon sailkatu gabekoa´» esapideak jarduera ekonomikoen beste epigrafeetan espezifikoki definituta ez dauden jarduera ekonomiko guztiei egiten die erreferentzia.

Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko neurriak barne hartzen diren irizpideei erantzuten die laguntza horien argitalpenak; 158 milioi euroko laguntzak iragarri zituen Iñigo Urkullu lehendakariak, eta apirileko gobernu-kontseiluan onartu ziren. 15 milioi euro baino gehiagorekin hornitutako erreskate-funts batek eta ia 143 milioi euroko asignazio bat duen funts ekonomikoak osatzen dute neurrien pakete hori, eta gaur egun baliagarria da ekonomia dinamizatzeko, enplegua atxikitzeko, eta pertsona eta familia kalteberenei laguntzeko.

Horrenbestez, aurkezpen-epea gaurdanik abuztuaren 31ra arte duten laguntzak laugarren neurria dira Errusiak hasitako gatazka belikoak eragindako egoerari aurre egiteko, gatazka beliko hori ondorio garrantzitsuak eragiten ari baita maila guztietan ere. Europako ekonomiari dagokionez, gas naturalaren prezioaren igoeraren ondorioz 2021eko udaz geroztik jasaten ari den eskaintza-shocka areagotu du, eta ziurgabetasun handia gehitu du egoera horren iraupenari eta intentsitateari buruz. Bostekin biderkatu da gas naturalaren prezioa urtebetean, eta % 25 igo da inbasioa hasi zenetik.

Honako helbide honetako Egoitza Elektronikoan aurkeztu ahalko dira eskaerak: https://www.euskadi.eus/servicios/1215701