UPV/EHUko Medikuntzako ikasleen % 89k BAME plaza lortzen dute, 20 puntu gora batez bestekoaren aldean

Osasun Ministerioak argitaratutako txostenaren arabera, Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntzako Graduko ikasleak zortzigarren postuan geratu dira barne mediku egoiliarren 2022ko azterketan lortutako emaitzarik onenen sailkapenean, Espainiako 39 unibertsitateen artean. BAME 2022ra aurkeztu diren UPV/EHUko graduatuen % 43 emaitza global onenen kuartilean kokatu da, «talde indartsua» izenekoan, alegia (73. pertzentila). Gainera, UPV/EHUtik aurkeztutakoen %  0,5 baino ez da geratu «talde ahulean» (27. pertzentila), hau da, kalifikazio baxuenen kuartilean.

Guztira, 11.827 ikasle aurkeztu dira BAME 2022ra (onartutakoen % 90,4). Horietatik % 84k gainditu dute gutxieneko nota, eta % 68,4k eskuratu dute plaza. UPV/EHUren kasuan, baina, datuak hobeak izan dira: onartutakoen ehuneko handiagoa aurkeztu da (342 ikasle, hots, % 96,6) eta horietatik 323k  gainditu dute gutxieneko nota (hots, aurkeztutakoen % 94,4k), eta 304k eskuratu dute plaza (hau da, aurkeztutakoen % 88,9k).

Puntuazioen ordenaz ministerioak emandako zifrez gain, kalifikazio globalak xeheago aztertuta, ikusten da UPV/EHU gainerako unibertsitateen multzoa baino hobeto kokatuta dagoela. Horrela, BAME 2022ra aurkeztutako ikasle guztien kalifikazioa (mediana) 59,1 puntu da 100etik, eta UPV/EHUko ikasleen kalifikazioa (mediana), aldiz, 72,9 puntu da.

Emaitza on horiek UPV/EHUko tituludunen azken bost urteetako joerari eutsi diote. Ikasturte honetan, 5 ikaslek lortu dute notarik onenen TOP100ean sartzea; kopururik handiena, berriz, 2020an lortu zen, urte hartako BAMEan 7 ikasle kokatu baitziren 100 onenen artean.

Joseba Pineda Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko dekanoak bikaintzat jo ditu emaitzok: «Espero baino proportzio askoz handiagoa lortu dugu 2022ko BAMEko posturik onenetan, eta garrantzitsuena da emaitza onak ez direla mugatzen lehen postuetan dauden ikasle horietara, baizik eta promozio osoan ikusten direla, gure irakasleen eta ikasleen lan bikainaren isla». Ildo horretan, azpimarratu du ikasleak pozik ageri direla jasotako irakaskuntzarekin (5 puntutik 4,1 puntu eman diote balorazioan) eta arrakasta tasa handia dutela karreran (% 97), 2020/2021 ikasturteko graduaren jarraipen txostenaren arabera. «Halaber, nabarmentzekoa da UPV/EHUk bere garaian irakaskuntzaren eredu berritzaile eta lankidetzazko baten alde egindako apustua (IKD eredua) eta irakasleei irakaskuntzan eta ikerketan ezarritako eskakizun maila handia. Azkenik, gogoratu behar da ospitaleko irakaskuntzan ikasleek praktika klinikoak egiten dituztela asistentzia zentro publiko eta pribaturik onenetan, haien artean bereziki azpimarratzekoak direlarik Osakidetzako ospitale eta zentroak», gaineratu du Joseba Pinedak.