Basoko suteen arriskuaren aurrean, astearterako, 2022ko uztailaren 19rako, murrizketak eta debekuak eguneratzea

Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariaren ebazpena astearterako, 2022ko uztailaren 19rako, eguneratzea, bereziki landa-lurzoruan eta lurzoru urbanizaezinean arriskua eragin dezaketen erabilpen eta jarduketa jakin batzuetarako murrizketen eta debekuen zonak eta ordutegiak berrikusteko.  

Alerta laranja / Alarma gorria

Basoko suteen arriskuagatik aktibatutako alerta laranja egoeran debekatuta egongo dira honako jarduerak, egunero ezarriko diren ordu-tarteetan:

    • Sua erabiltzea edo sua eragin dezaketen jarduerak egitea, hala nola nekazaritza- eta baso-eremuetan deflagrazioak, txinpartak edo deskarga elektrikoak sor ditzaketen makinak erabiltzea.
    • Su artifizialak, petardoak eta pirotekniako bestelako elementuak erabiltzea eta barbakoak egitea, hori guztia baita hiri-lurzoruan ere eta zuhaitzak eta zuhaixkak dauden lursailetatik, sastrakadietatik edo edozein eratako labore-sailetatik 300 metrora baino gutxiagora.
    • Errekuntzako motordun ibilgailuak erabiltzea baso-pistetan, lursailetako bideetan eta asfaltatutako errepideetatik kanpora geratzen diren gainerako igarobideetan, lanpostura edo ohiko bizilekura joateko ez bada eta ezinbesteko kasuetan izan ezik. Debekatuta dago halako ibilgailuekin landaredi-eremuak zeharkatzea edo horietan gelditzea edo aparkatzea.

Basoko suteen arriskuagatik aktibatutako alarma gorri egoeran: aurreko murrizketa guztiak eguneko 24 orduetan egongo dira indarrean.

Arau-hausteak

Gaurtik aurrera ezarriko diren murrizketak eta debekuak ez betetzea arau-hauste “larritzat” edo “oso larritzat” jo daiteke, eta ezarri ahal izango diren zigorren artean, 1.501 eurotik 30.001 eurora arteko isunak daude, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen (apirilaren 27ko 1/2017 LD) 69., 70. eta 73. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.