Europako Uplift programaren bidez ahotsa eman nahi zaie gazteei gazteriaren arloko politikak egiteko. Barakaldo izango da programa horretan parte hartuko duen udalerri bakarra. Parte hartzea sustatzeko proiektu hau Barakaldon egin da azken hiletan. Programa horren bitartez politika bertikalak ezarriko dira gazteen gizarteratzea eta erabakiak hartzeko prozesuan ahalduntzea sustatzeko. «Barakaldon herritarrek parte hartzearen alde gaude. Giltzarri eta Gazte Bulegoa plataformen bidez gazteek parte hartzea bultzatzen ari gara aspalditik, baina programa honetan gazteek aukera izan dute benetan arduratzen dituen gai batean parte hartzeko, emantzipazioan hain zuzen» esan du Barakaldoko alkate Amaia del Campok, ondoan dituela Jonathan Martín, Gazteria Saileko zinegotzia, eta Usue Lorenz, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikerlaria (Deusto Fundazioa).
Uplift proiektua Europako 2020 Horizontea programaren barruan dago. Bertan Europako eta Erresuma Batuko 16 hiri ari dira, eta Barakaldoren lana nabarmendu da. Udalaz gainera honako hauek ere programan ari dira: Eretza hirigintza sozietatea, Orkestra, Gazte Bulegoa eta Goiztiri GKE. Barakaldoren egitekoa funtsezkoa da politikak sortzen eta ezartzen laguntzeko lau hirigunetako gazte kalteberekin batera politikak sortzeko atalean.
2021eko abenduaz gero, Bizkaiko udalerri horretako gazte batzuek zinegotziekin, Udaleko eta Eretzako teknikariekin eta Orkestrako ikerlariekin batera la egin dute. «Denen artean lortu dute kezkak azaltzeko, ideiak emateko, diagnostikoak hobeto egiteko eta konponbide eraginkorrago eta doituagoak aztertzeko foroa eratzea. Gazte Bulegoak, Goiztirik eta beste gazte elkarte batzuek gazte-talde hori eratzen lagundu dute. Oso proaktiboa izan da, eta kide guztiak laguntzeko prestutasuna eta proiektuarekiko konpromiso handia erakutsi dituzte» esan du alkateak.
PARTE HARTZEKO PROZESUA
Orkestrako ikerlariek gazteak entzuteko esparrua eta eztabaidarako esparrua antolatu dituzte. Lehen fasean tarteka aritu dira esparru horietan, eta prozesuaren amaieran bat egin dute: batetik, Youth Board, gazteek beren kezkak eta zalantzak adierazteko topagunea, dinamikoa eta konfiantzazkoa; bestetik, Social Lab saioetan Youth Board-eko gazteek beren zalantzak eta ekarpenak jakinarazi dizkiete parte hartu duten zinegotziei, eta denen artean arazoen konponbideak aztertu dituzte, igurikizunak mugatu dituzte eta beste bide batzuk ireki dira ekintza-plan bideragarri eta errealista prestatzeko. Orkestra gazteen eta erabakitzailea publikoen arteko lotunea izan da.
«Batera esaten diogun proiektu honen azken fasean bi lan-esparru horiek bi jardunalditan biltzen dira: gazteak eta erabakitzaile publikoak elkarlanean ariko dira baterako hausnarpen-agenda batekin gazteriaren arloko politikak hobetu nahian» esan du Lorenzek.
PARTE HARTZEKO PROZESUAREN EMAITZA
Parte hartzeko prozesua oso emankorra izan da, eta berari esker Udalak lau proposamen jaso ditu gazteek errazago edukitzeko etxebizitza eskuratzea.
Lehenbizi, pilotu modura proposatzen da etxebizitzaren inguruko gazte-foroa sortzea; bertan batera jardungo lukete gizarte ekintza, gazteria eta etxebizitza sailek. Horren helburua litzateke Barakaldoko gazteei etxebizitza eskuratzeko gaitzea: etxebizitza eskuratzeko aukerez eta mugez jabetzea, gazte batzuen esperientziak eredutzat hartzea, informazioa ematea dauden laguntzez, ahulguneez, hiriko etxebizitzen ezaugarriez…. Eta, azkenik, gazteek honetaz dauzkaten kezken, beharrizanen eta eragozpenen berri ematea.
Bigarrenik, emantzipaziorako laguntzei buruzko komunikazioa eta haiek eskuratzeko aukerak hobetzea hurrengo laguntza-deialdietan.
Hirugarrenik, hausnarketa egitea gazteek eskatzen dituzten emantzipatzeko eredu berriez, etxebizitzaren arloko udal politika berriak bideratzeko. Horren ildotik, asmoa da Youth Board gazteei eragiten dieten gaiez hausnartzeko (elkarrekin bizitzeko eredu berriak, esaterako) eta etorkizuneko politikak eta arautegi berrien aldaketak bideratzeko plataforma izatea.
Laugarrenik, Gazte Bulegotik pedagogia-lana egitea prestakuntza-saioen bidez emantzipazioari buruz, familia-etxetik kanpo bizitzeak zer dakarren ulertarazteko: beharrezko hornidurak, kontratuak, zergak, jabeen eta maizterren eskubideak eta betebeharrak, lantxoak egiteko tailerrak, hipotekak, lortu daitezkeen laguntzak…
SAIO INFORMATIBOA DATORREN OSTEGUNEAN, HILAREN 21ean
Udala lanean ari da dagoeneko proiektu horiek gauzatzeko. Bigarren proposamena betetzeko, Gazteria arloak saio informatiboa antolatu du datorren ostegunerako, hilaren 21erako, eta bertan emantzipaziorako laguntzen deialdi berriaren nondik norakoak azalduko dira. Laguntza horiek eskatzeko epealdia gaur hasiko da (astelehena, hilaren 18a) eta irailaren 30ean amaituko da. Saio informatiboa ISZn egingo da, arratsaldeko 18.00etan hasita. Gazteriako eta Eretzako teknikariak ariko dira dinamizatzen eta parte hartzen.