Gaur Barakaldoko Herritarren Segurtasunerako Arloko zinegotzi Ángel Madrazok Karmengo jaietarako prestatutako dispositiboaren balantzea egin du, eta esan du atzo, igandean, amaitu ziren jaietan ez dela izan gorabehera handirik. Ekitaldian ondoan izan ditu Udaltzaingoaren komisariorde burua, José Félix Segurola, eta Babes Zibileko boluntarioen arduraduna, José Antonio García.
Madrazok esan du dispositiboaren ardatza gorabeherarik ez gertatzea izan dela. Udaltzaingoaren patruilak ibili dira, batzuk uniformearekin eta beste batzuk kaleko jantzita, eta Babes Zibileko uniformedunak ere bai.
«18 udaltzain gehiago ibili dira egunean, eta gainera efektibo gehiago ibili dira ekitaldi nagusietan (pregoia, suak, kontzertuak…), taberna-eremuetan eta txosnetan, batez ere asteburuetan, lokalak ixten diren orduan. Gakoa izan da udaltzainak eta Babes Zibileko langileak ageria egotea; hori funtsezkoa izan da beroaldiaren aurkako neurriekin» adierazi du.
Udaltzaingoaren batez ere zaratengatik esku hartu du, bai jai-esparruan (32), bai etxeetan (13), eta horrez gainera liskar-saioengatik ere bai (21). Hori dela-eta, gauza bitxia gertatu da: liskar gehiago izan dira goizean eta arratsaldean (12) gauean baino (9). Bederatzi jaiegunetan bide-segurtasunaren kontrako 5 delitu gertatu dira, 6 lapurreta indarkeriarekin edo larderiarekin, eta 13 ebasketa (9 kasutan diru-zorroa edo poltsa eta 4 kasutan sakelako telefonoa).
«Indarkeriaz egindako lapurretako hiru inguruko beste udalerri bateko jaietan gertatu dira, baina biktimek Barakaldoko Udaltzaingoaren bulegoan aurkeztu dute salaketa. Sakelako telefonoen ebasketak ez dira gertatu jai-esparruetan. Izan ere, ebasketa horietako hiru Gorostiza eta Lasesarreko kiroldegietan gertatu dira. Diru-zorro eta poltsen ebasketetako hiru jai-esparruetan gertatu dira» azaldu du Ángel Madrazok.
Beste alde batetik, bi lagun atxilotu dira agintaritzaren agenteen aurkako atentatua egotzita.
Zaintza polizialean aritzeaz gainera udaltzainek garbiketa-zerbitzuetako langileei lagundu diete beren lana ongi egin dezaten.. «Gogoan eduki behar da goizaldeko 6etan eta are 8etan ere oraindik jendea egoten dela jai-esparruetan, batez ere asteburuetan, eta garbiketako langileek eskertu egiten dute udaltzainak bertan izatea. Langileok egiteko handia edukitzen dute, egunean 4.000 – 5.000 kilo hondakin kentzen baitituzte kaleetatik; izan ere, jai-esparruak garbi utzi behar izaten dira hurrengo egunerako» azaldu du Madrazok.
Halaber, Herritarren Segurtasunerako zinegotziak uste du oso onuragarriak izan direla jaietako pertsona-pilaketa handietan deskuiduko ebasketak ez gertatzeko eman diren aholkuak.
MAHUKAK ETA UR-ZAPARRADAK
Babes Zibilaren lanari dagokionez, guztira 21 boluntario aritu dira bederatzi jaiegunetan; 618 ordutan jardun dute 26 zerbitzu itundutan: apar-bainuak, kontzertuak, suzko zezenak, Jolin eta Deabruren jaitsiera…
«Gainera, boluntarioak alertan egon dira bero handia dela-eta, prebentzio modura, eta aparteko lanak egin dituzte bero-kolperik ez gertatzeko: ur-zaparradak mahukekin eta iturri eramangarriak. Beste alde batetik, su artifizialen eremua urez hoztuta suterik ez gertatzea lortu zen» adierazi du Madrazok.
Gainera, Babes Zibilak osasun-arreta eman du 35 kasutan; horietako bi bero-kolpeak izan dira. Kasu horietako bostetan jaietarako kontratatutako zerbitzu medikoak esku hartu behar izan zuen, eta bitan pertsona bat ospitalera eraman behar izan zuten anbulantzian. Bestelako lan batzuk ere egin ziren: esaterako, galdutako 28 umeri eman zitzaien arreta.