Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak Andoaingo Udalarekin hitzarmen bat sinatzeari. Hitzarmena Andoaingo hiru eremutan, Etxeberrieta, Ama Kandida eta Agirialai izenekoetan, alokairu-erregimeneko babes sozialeko 266 etxebizitza sustatzeko da, eta herria berroneratzeko, infraetxeak kentzeko eta etxe berriak sustatzeko jarduketak egingo dira.
Bi erakundeen arteko akordioak ezartzen du Etxeberrietan, eremuan hondatuta dauden bizitegi-eraikinen arazoari erantzuna emateko Hiri Antolamenduko Plan Berezi berri bat egin ondoren, 58 etxebizitzako eraikin bat eraikiko dela gero, bigarren fasean, eraitsiko diren eraikin zaharretan bizi diren familiei ordezko etxebizitza emateko. Bigarren fase horretan beste eraikin bat eraikiko da libre geratu den orubean, eta babes sozialeko 108 etxebizitza egingo dira. Bestalde, hitzarmenak jasotzen du 80 bat etxebizitza eraikitzea Ama Kandida izeneko eremuan eta beste 20 Agirialai izenekoan.
Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila arduratuko da desjabetzeak eta ordezko etxebizitzak emateko prozesua kudeatzeaz, bai eta eraikuntza-proiektuak egiteaz eta obrak zuzendu eta gauzatzeaz ere. Bestalde, Udalak dohainik lagako ditu lursailak, eta Etxeberrietan antolamendutik kanpora dauden etxebizitza batzuei buruzko gizarte eta hirigintza alorreko azterlana aginduko du.