2022-07-19
Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak Ertzaintzaren “Errespetua, Memoria, Bizikidetza” erakusketa bisitatu du Ermuako Izarra Centren. Erakusketa joan den ostiralean inauguratu zuten Miguel Ángel Blancoren omenez antolatutako ekitaldien esparruan, ETAk bahitu eta hil zueneko 25. urteurrena betetzen denean.
Sailburuarekin batera izan dira Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea, Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusia, Malentxo Arruabarrena Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Administrazio eta Zerbitzuen zuzendaria eta Josu Bujanda Ertzaintzaren burua. Erakusketak 100 metro karratu hartzen ditu 6 gune eta formatu askotan banatuta, eta osotasunean hartuta esperientzia berritzailea eta dinamikoa eskaintzen dio ikusleari; izan ere, ikus-entzunezko formatuak, esaldiak, poemak, aipuak eta objektuak daude bertan, bai eta erakusketa bisitatzen duenaren ikuspuntua duten interakzioak eta jokoak ere.
Erakusketa ETAk eragindako kaltearen gainean hausnarketa egiteko eta norberak bere konpromisoa hartzeko gonbidapena da, eta, gainera, ETAk hildako 15 agenteak ere omentzen ditu: Jorge Díez Elorza, Ramón Doral Trabadelo, Carlos Díaz Arcocha, Iñaki Totorika Vega, Luis Hortelano García, Mikel Uribe Aurkia, Alfonso Mentxaka Lejona, José María Aguirre Larraona, Juan José Pacheco Cano, Genaro García de Andoain Larrinaga, Javier Mijangos Martínez de Bujo, Ana Isabel Arostegui Legarreta, Joseba Goikoetxea Asla, José Luis González Villanueva eta Iñaki Mendiluze Etxeberria.