Lanbideren Administrazio Kontseiluak 11,7 milioi euroko laguntzak onartu ditu gaur, Enpleguko hainbat prestakuntza-ekintzatarako. Zehazki, aurten 7,5 milioi erabiliko dira langabetuak enplegu-nitxo berrietan prestatzeko, 3,2 milioi gehiago enpresek beren langileen gaitasunak eta kualifikazioa hobetzeko, eta beste milioi bat langile kualifikatuen eskari handiko sektoreetarako.
Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua buru dela, onartutako lehenengo deialdiak 7,5 milioi euroko diru-laguntzak abiaraztea aurreikusten du, enplegu-nitxo berrien eremuan lanbide-gaitasunen prestakuntza-ekintzak egiteko. Lehentasunez, langabeei zuzenduta daude, gaitasun digitalak eskuratu eta hobetu ditzaten, pertsonen zaintzaren esparrura, trantsizio energetiko-ekologikora eta ekonomia sortzailera. Ekintza horiek Elkarrizketa Sozialerako Mahaian adostu dira.
Deialdi honek gaur egun enplegu-nitxo berriekin lotutako hainbat jarduera ekonomikotan enplegua sortzeko dauden aukerak azpimarratu nahi ditu, trantsizio energetikoari, digitalari eta gizarte-kohesioari lotutako erronkei erantzuteko. Euskadi Next, Euskadiren suspertze, eraldaketa eta erresilientziarako inbertsio-programan jasotzen denez, erronka nagusia Euskadi berde, digital eta inklusiboa eraikitzea da. Enplegua sortzen duen suspertze ekonomikoa bizkortzearen garrantzia planteatzen da, eraldaketa ekologiko, digital eta soziosanitarioa ekoizpen-egituraren lehiakortasuna indartzeko aukera gisa onartuz, ingurumen-irizpideak balioa sortzeko lehiakortasun-faktore gisa integratuz.
Era berean, 3,2 milioi euroko beste deialdi bat onartu da, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek beren langileentzako prestakuntza-ekintzak susta ditzaten, zehazki, beren konpetentzia eta kualifikazio profesionalak hobetuko dituzten ekintza estrategikoak.
Azkenik, Administrazio Kontseilua gaur bildu da, eta, lehen aldiz, diru-laguntza deialdi bat onartu du, profesional prestatuen eta espezializatuen eskari handiko sektoreetan prestakuntza-jarduerak egiteko. Hauek dira: enpresa transitarioen eta aduana-enpresen logistika-sektorea, informatikaren programazioa eta garapena, sormen, kultura eta musika-industria oso espezializatua. Lehentasunez langabezian dauden langileei zuzenduta, deialdi honek milioi bat euroko zuzkidura du, eta Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatzen da.