Osakidetzaren Debagoieneko Ospitalea Joint Commissión Internationalek akreditatu du berriro, munduko osasun-akreditazio zorrotz eta maxiomoenarekin

Osakidetzaren sare publikoko Debagoieneko Ospitaleak berritu egin du Joint Commission Internationalen bikaintasun-zigiluaren egiaztagiria, munduko kalitate-ziurtagiririk zorrotzena eta entzutetsuena.

Nazioarteko aditu-talde batek zentroaren azterketa zehatza egin du 4 egunez, eta ondorioztatu du ospitaleak bikaintasunaren erreferentzia izaten jarraitzen duela baliabideen kudeaketan eta antolaketan, pazientearen premietan oinarritutako asistentzian, pertsonen osasunaren zaintzan, senideen arretan eta osasun-hezkuntzan oinarritutako programen sustapenean.

 

Joint Commission-eko auditore-talde batek ospitaleko pazienteen asistentziari eta segurtasunari buruzko kalitate-estandarren 1200 irizpide baino gehiago ebaluatu ditu.

Akreditazio hori munduko ospetsuenetako bat da, ospitaleko arretan urrezko estandartzat jotzen baita.

Joint Commission International 90 herrialdetan baino gehiagotan dago, eta pazienteen asistentzia-kalitatearekin eta segurtasunarekin lotutako mundu mailako praktikarik onenak neurtu, identifikatu eta partekatzeaz arduratzen da.

Berrakreditazio hori Debagoieneko Ospitaleko eta Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuko profesional guztiek egunero –COVID pandemian murgilduta, gainera– egiten duten ahaleginaren aitorpen bat da, edozein pertsonari tratu hurbila, zorroztasun zientifikoa eta asistentzia-emaitzen hobekuntza eskaintzen jarraitzeko ahaleginarena, hain zuzen. 

“2016an, Joint Commission Internationalen akreditazioa lortu zuen lehen euskal zentro publikoa izan ginen, eta auditoria zorrotz eta exijente baten ondoren hirugarrenez berritzea arrakasta handia izan da”, adierazi du zentroko zuzendari gerente Luisa María Diez Azurmendik.

Nazioartean, JCIren kalitate- eta segurtasun-estandarrak betetzea lortu duten erakundeen multzo mugatu baten parte dira, Mayo Klinika edo Mount Sinai Ospitalea bezalako zentro entzutetsuekin batera.

Bestalde, multzo horretan Euskadiko bi zentro bakarrik daude, Debagoieneko Ospitalea eta beste zentro pribatu bat, eta estatu osoan 21 ospitale izan dira akreditatuak.

Akreditazioa berritzeko auditoria hiru urtean behin egiten da; hala, ebaluazio bakoitzean Joint Commission Internationalek ezartzen dituen estandar gero eta zorrotzagoak gainditu behar dira.