Dibal enpresa bizkaitarra estatuko liderra da merkataritzarako eta industriarako balantza-merkatuan, eta Europako erreferenteetako bat da, 35 urtetik gorako esperientziarekin. Vicomtechen laguntzarekin, Foodys proiektua gidatzen du, SPRI Taldearen Hazitek programaren esparruan.
Proiektuaren xedea da elikadura-merkatuetarako auto-ordainketa sistemen belaunaldi berri bat sortzea, bezeroak erosketa-prozesuan duen esperientzia hobetzeko. Izan ere, pandemiak salmentetan teknologia berrien erabilera bultzatu du. “COVID-19aren ondorioz, bezeroek ez dute itxaron nahi izan, ez eta erosteko eta ordaintzeko ohiko prozesu bat jarraitu nahi izan. Mugitzeko askatasuna nahi dute, baita dendako beste erosle edo langileekin elkarreraginik ez izatea ere, beharrezkoa ez bada”, azpimarratu du Iratxe Berriozabal Dibaleko Marketin zuzendariak.
Egoera berri horretan, Dibalek supermerkatuetan erosketa-prozesuari lotutako konponbide teknologikoak garatzeko proiektu bat hastea erabaki du, modu indibidualean edo konbinatuan, bezeroaren erosketa-esperientzia hobetzeko. Soluzio horiek aukera eman behar dute solteko produktuak modu autonomoan pisatzeko, produktuak itxura bisualaren arabera identifikatzeko, eta, gainera, erosketa-zikloa ordainketarekin bukatzeko.
“Horretarako, pisatze mugikorreko soluzio teknologikoak garatzea eta aplikatzea aurreikusten da, bai eta produktu freskoak zein lehorrak identifikatzeko soluzio teknologikoak ere, kameren eta identifikazioko softwarearen bidez”, arduradunak zehazten duenez. Produktuak kameren eta identifikazioko softwarearen bidez identifikatzearen arloan Vicomtech ari da lanean, Adimen Artifizialean, Visual Computing-ean & Iteraction-ean espezializatutako euskal zentro teknologikoa.
Bezeroarentzako autonomia handiagoa
Foodys proiektuak erosleari autonomia handiagoa ematea du helburu, dendetan erosketa-esperientzia aldatuz. Erabiltzaileak bere organ uzten dituen produktuak identifikatu eta tiket bati gehitu ahal izango dizkio kameren bidez, produktua identifikatuz edo EAN kodearen bidez. Behin erosketa eginda, ez da beharrezkoa izango zain egotea eta produktu guztiak kutxa-lerro batetik edo self-checkout postu batetik pasatzea. “Erosleak erosketa baieztatu eta gailu bakar batean ordaindu ahal izango du, eta ondoren, bere erosketarekin denda utzi ahal izango du. Horrek dendetatik irteteko itxaronaldiak murriztuko ditu”, nabarmendu du Berriozabalek.
Erosketa-prozesuan ere bezeroak bere denborak optimizatuko ditu. Izan ere, erosketa-orgatik bertatik eska daiteke txanda, eta horrela dendan erosketak egiten jarraitu bere txanda iristen den bitartean. Orgako gailuak abisu bat botako du txanda hurbil dagoenean. “Horrez gain, bezeroari era guztietako informazioa eman dakioke (erosketa-historialean oinarritutako promozioak, une horretan egiten ari den erosketari buruzko informazioa, erosketa oinarri duten errezetak). Horrek hobetu eta erraztu egingo du erosketa, Marketineko zuzendariaren esanetan.
Proiektuan aztertzen ari den teknologia merkatu-guneko egoera eta gailu desberdinetan aplika daiteke: erosketa-orga autonomoak, produktuak ordaintzeko estazioak edo, autozerbitzuko balantzetan erabiltzen bada, produktuak irudi bidez ezagutzeak produktua hautatzeko prozesua ere erraztuko du.
Horrek guztiak, Dibaleko arduradunaren arabera, “onura ekarriko lieke supermerkatu handiei. Izan ere, gaur egun merkatuan ez dagoen aukera berri bat eskainiko dute erosketa egiterako orduan”. Erakargarria izan liteke bezero berriak erakartzeko, eta kateek denbora errealean informazioa izango lukete bezeroen erosketei buruz. “Hori erabakigarria da edozein negozioren eraginkortasuna hobetzeko erabaki arinak hartzeko”.
Aurkeztutako proiektuak 2022ko amaierara arteko epea du. “Hortik aurrera, ondorioak aterako ditugu, eta zehaztu ahal izango dugu nola, noiz eta zer arlotan aplikatu ahal izango dugun teknologia. Gutxieneko helburu bezala, gure intentzio da 2023ko urtarrilerako gutxienez autozerbitzuko balantzetan merkaturatzea, fruten eta barazkien errekonozimendurako”, ondorioztatu du.
Euskal enpresak 200 langile ditu, urtean 30 milioi euro inguruko fakturazioarekin, bere ekoizpenaren % 55 esportatzen du eta 60 herrialde baino gehiagotan du presentzia.
SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.