Aurten, Eusko Jaurlaritzak itzuli beharrik gabeko 30.000 eurora arteko laguntzak emango ditu ekintzailetzarako, zehazki, enpresa-proiektu berritzaileak sortzeko, ahal dela industria arlokoak. Ekintzaile programak 2,1 milioi euroko zuzkidura du. Laguntzak eskatzeko epea, SPRI Taldearen web orriaren bidez tramitatuko dena, zabalik dago eta abenduaren 12an itxiko da. 2021ean ekintzailetzako 124 proiektu onartu ziren programa honen bidez.
Ekintzailetza bultzatzea funtsezko elementuetako bat da Euskadiren hazkunde ekonomikorako. Ekintzailetzaren garapenerako oztopo garrantzitsuenetako bat da ekintzaileek esperientzia gutxi dutela enpresa eta merkataritza arloetan. Horrez gain, eragozpen handiak izaten dituzte hasierako finantzaketa lortzeko eta, bereziki, proiektuek behar duten epe luzerako inbertsioa eskuratzeko.
Programa honek laguntza ematen die enpresa berriei aurrera egin dezaten euren bideragarritasun-azterketa, martxan jartze eta umotze prozesu osoan, aholkularitza eta azpiegiturak eskainiz bertan kokatzeko. Gainera, finantzaketa eskuratzen laguntzen du lehen fasean garatutako enpresa-plana gauzatzeko egin beharreko inbertsioetarako.
BIC zentroek (Euskadiko enpresen berrikuntza zentroek) gidatuko dituzte diruz lagundutako proiektuak, eta euren zeregina izango da dinamizatzaile izatea enpresa-proiektu berriak ekoizpen-sarean sar daitezen. Hala, helburua da proiektuari aurre egitea arrakasta lortzeko behar dituen berme onenekin, konpromisoa hartuta berrikuntzarekin eta lehiakortasunarekin.
Programara aurkezten diren enpresek 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera sortuak izan behar dute. Salbuespen gisa, laguntza hau argitaratu ondorengo lehen bi hilabeteetan baita ere aurkeztu ahal izango dira 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera sortu direnak. Proiektuek gutxienez hiru lanpostu sortu behar dituzte hiru urteko epean.
Enpresak sortzeko dirulaguntzek -30.000 eurora artekoak, itzuli behar ez direnak- beren baitan hartzen dituzte gastu hauek: enpresa arloko prestakuntza, kanpo-aholkularitza eta kanpoko laguntza teknikoa, prospekzio-azterketak, azoketara joatea eta prospekzio komertzialeko bidaiak egitea eta maketak eta prototipoak sortzea.
Finantzaketa Luzaro erakundearekin sinatutako hitzarmen baten bidez tramitatuko da, eta inbertsio hauetara bideratuko da: lokalak berritu eta atontzea, makinak eta ekipamendua edo lizentziak erostea, eta jabetza industriala edo intelektuala erostea.