Las empresas vascas tendrán ayudas por 1,1 millones para aplicar tecnologías digitales y sostenibles

Euskal enpresek hirugarren urtez jarraian eskuratu ahal izango dituzte teknologia digital eta jasangarrien aplikazioa errazteko BDIH Konexio programako laguntzak. Programak 1,1 milioi euroko aurrekontua du eta eskaerak egiteko epea uztailaren 28tik urriaren 14ra bitartekoa izango da.

Iaz 82 euskal enpresa (lehen edizioan halako bi) izan ziren SPRI Taldeak kudeatutako programa honen onuradunak, zeinaren bidez Basque Digital Innovation Hub zentroak aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat jartzen baitu enpresen zerbitzura teknologia digital eta jasangarrien inguruko prestakuntza emateko eta ikerketak, testak eta baliozkotze-prozesuak egiteko. 2021eko aurrekontua ia 955.000 eurokoa izan zen.

Laguntza teknikoa ematen duten proiektu azkarrak dira, baliagarri direnak horrelako teknologiek fabrikazioko benetako arazoak konpontzeko eskain ditzaketen erabilerak probatzeko eta ulertzeko. Fabrikazioko arazoak esatean esan nahi da, besteak beste, zikloen denborak murriztea manipulatzaile robotikoek egiten dituzten zenbait jardueratan, produkzio-prozesu jakin batzuen deformazioen simulazioak egitea, pieza espezifikoen fabrikaziorako teknologiak aztertzea edo prototipoak garatzea composite pieza funtzionalen fabrikaziorako.

BDIH Konexio programak 12.000 eta 20.000 bitarteko dirulaguntza ez itzulgarriak ematen dizkie Basque Digital Innovation Hub sareko kideekin (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agenteak, hots, Teknologi Zentro, Unibertsitate, Lanbide Heziketako Zentro eta enpresetako I+G Unitateak) edo Europako DIH zentro batekin (BDIHk harekin lankidetza akordioak baditu) elkarlan estuan garatutako proiektuak aurkezten dituzten enpresei.

Programaren helburua da eskuragarri dagoen eskaintza teknologikoa ezagutaraztea euskal enpresen artean. Asmoa da industria arloko enpresen lehiakortasuna hobetzea,  BDIH sareko nodoek eskaintzen dituzten teknologia digital eta jasangarriak aplikatuz eta, bide horretatik, hobekuntzak lortuz euren produkzio-prozesuetan edo produktuetan.

BDIH ekimena fabrikazio aurreratuko RIS3 euskal estrategiaren barruan dago kokatua, eta helburutzat du enpresa-sareari laguntzea berrikuntza digital eta jasangarrien esperimentazioan. Aktibo berezien eta zerbitzuen sare konektatu bat da, teknologia digital eta jasangarrien inguruko prestakuntza emateko, ikerketarako, eta probak eta baliozkotzeak egiteko, eta enpresen -bereziki, ETEen- zerbitzura dago.

Programa honek are gehiago indartu du euskal erakundeek industriaren eraldaketa digital eta jasangarriaren alde egin duten apustu irmoa.

Aurtengo plana, gastuen % 80rainoko dirulaguntzak ematen dituena, bereziki zuzentzen zaie arlo hauetako batekin lotutako teknologiak txertatzen dituzten enpresei: fabrikazio gehigarria, zibersegurtasuna, makina adimendun eta konektatuak, material aurreratuak, robotika malgua, sare elektriko digitalak edo gailu medikoak eta osasun digitala.