Tradizioak adierazten duenez, Eliseo Zelaietan lasterketa amaitu ondoren, hurrengo egoitzak lekukotza hori irudikatzen duen garaikurra hartzen du. Orain arte, truke hori Frantziako hiriburuan egiten zen, eta garaikurra helmugara eramaten zen ohiko bideetatik, hegazkinez edo autoz, esaterako. Oraingo honetan erabat desberdina izango da.
Donostiako Udaleko eskalinatan aurkeztu da gaur goizean Tourreko garaikurra Parisetik Euskadira bizikletaz ekartzeko erronka. Ekimena Grand Départ Pays Basque 2023ko antolaketan parte hartzen duten zazpi erakundeek eta Euskadiko Txirrindularitza Federazioak antolatua da.
Aurkezpen honetan Martin Ibabe Donostiako Udaleko Kiroleko, Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotzi ordezkariak, Iker Goiria Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko zuzendariak eta Iñaki Erdoiza Euskadiko Txirrindularitza Federazioko presidenteordeak eta espedizioko arduradunak hartu dute parte, Ziortza Villa eta Julián Sanz ultrafondistekin batera. Bi txirrindulari hauek Eliseoko Zelaietan jasoko dute garaikur hori, uztailaren 24an, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen eskutik, honek Sophie Hæstorp Andersen Kopenhageko alkatearen eskutik jaso ondoren, eta ia gelditu gabe ekarriko dute Euskadira, bizikleta gainean.
Erronka ikusgarri honetan bizikletaren kirolari lotutako kirol espirituak eta balioek gidatuta,, Julián Sanz eta Ziortza Villaren helburua 48 ordu baino gutxiagoan 1.000 kilometro betetzea da. Tourraren etorrerak harrera berezia izango du uztailaren 26an. Zazpi kidez osatutako laguntza-talde batek eta berariaz ekimenerako errotulatutako hiru ibilgailuk eskoltatuta, Ziortzak eta Julianek uztailaren 24an ekingo diote erronkari, arratsaldeko 20:00ak aldera Eliseoko Zelaietatik, eta Euskaditik uztailaren 26an igarotzean Donostian, Gasteizen eta Amorebieta-Etxanon jarriko diren tarteko pasabideak gaindituko dituzte, azkenean Bilbora iristeko.
UZTAILAK 26: IBILBIDEA ETA ORDUTEGIAK
Hiri horietako bakoitzean agintariek egingo diote harrera espedizioari. Iparraldetik Irundik sartu ondoren, 9:50 aldera iritsiko dira Donostiara, eta Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak Kursaalaren aurrean ongietorria egingo diete, eta eraikineko fatxada horiz argiztatuko da horretarako. Deba eta Bergara atzean geratuko dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazara iristeko. Puntu horretan, Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusiak eta Gorka Urtaran Euskadiko hiriburuko alkateak agurtuko dituzte 15:20 aldera.
Amorebieta-Etxanoko Udaletxe plazara bidean, Legutio, Otxandio, Dima eta Lemoatik ere igaroko dira. Amorebieta-Etxanon, 18:00ak aldera, Andoni Agirrebeitia udalerriko alkatea egongo da zain. Galdakao zeharkatu ondoren, Ziortza eta Julián Bilboko Guggenheim Museoaren Plazara iritsiko dira (Puppyren alboan), eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen txaloak jasoko dituzte. Dena aurreikusi bezala garatzen bada, 20:00ak aldera garaikurra Bilbon izango da. (*Ordutegi horiek aldaketak izan ditzakete)
ULTRAFONDISTEN ZUZENEKO JARRAIPENA
Ibilbide hau zuzenean jarraitu ahal izango da estreinatu berri den Grand Départ Pays Basque 2023 web-orrialdean instalatutako tracking plataforma baten bidez: www.letour.euskadi.eus. Atarian sartzean eta garaikurra forma duen ikono bat klikatzean, pantaila bat irekiko da, espedizioaren igarotzea une oro ezagutzeko eta sare sozial integratuen bidez berrikuntzen berri izateko. Frantziako Tourra Euskadira iritsi dela adierazten duen garaikurra uztailaren 27tik aurrera bisitatu ahal izango da Bilboko Turismo Bulegoan, Plaza Biribilean, 9:00etatik 19:30etarako ordutegian.
Julián Sanz eta Ziortza Villa ultrafondista sendoak dira. Hanketan kilometro asko dituzte erresistentzia-erronketan, eta ahalegin hori dedikazioz prestatu dute. Euskadiko Txirrindularitza Federazioaren laguntzarekin, ibilbidearen zatirik zailenak aldez aurretik ezagutu dituzte, eta estrategia bat ezarri dute, mimoz prestatu den erronka gainditu ahal izateko. Horrela, Frantziako Tourra Euskadira iristea txirrindularitzaren berezko balioekin lotzen da, hala nola adiskidetasunarekin, esfortzuarekin, dedikazioarekin, nork bere mugak gainditzearekin eta, zergatik ez, abentura-puntu batekin.(ERANTSITA ULTRAFONDISTEN KURRIKULUMAK)
Ziortza Villa erreferente bat da emakumezkoen txirrindularitzan, dedikazio eta ahalegin handia eskatzen duen modalitate batean, XXI. mendearen hasieran arreta gutxi eskaintzen zitzaiona. Txirrindulari bilbotarrak lorpen handiak ditu bere palmaresean: 24 orduko Europako txapelduna izan zen, lau aldiz 24 orduko Espainiako txapelduna eta hiru aldiz 12 orduko Europako txapelduna. Nabarmentzekoa da baita oztopoak hautsi eta erronkei aurre egiteko duen ilusioa, beti irribarrea ahoan duela. Sasoi betean heldu da, 300 kilometroko Race Across Italy lasterketan garaipena lortu ostean. Donejakue Bideko WUCA errekorra du, 762 kilometroak 34 ordutan betez.
Julián Sanz Euskadiko ultrafondo proben aitzindarietako bat da. Julian asko mugitu da eta bere bidea egin du erresistentziaren mundu honetan, babesleak bilatuz eta energia kopuru izugarria eskainiz. Bere palmaresean, ultradistantziaren proba nagusitzat jotzen den Amerikako Race Across-eko lau partaidetzak nabarmentzen dira, Estatu Batuak kostalde batetik bestera zeharkatzen duen proba. 5.000 kilometro hamar egun baino gutxiagotan. Gainera, hiru aldiz izan da 24 orduko Espainiako Txapelduna, Madril-Gijón-Madril 1.200 kilometroko lasterketa gogorra ere irabazi du eta bigarren izan zen 2012an, bizikletan egiten den Le Mans-eko 24 orduetan. Are gehiago, Julián Done Jakue Bideko WUCA errekorraren jabe da, 23 ordu eta 37 minututan osatu du Orreagatik Santiagorako “erromesaldia”. Erronka hori 2018an aurkeztu zuen Ziortza Villarekin batera.
Euskal ordezkaritza bat Kopenhageko Grand Départ ekitaldira joan ondoren (bertan segurtasun, babes zibil eta larrialdi arloetako informazio ugari eta garrantzitsua bildu zen, Euskadin ekitaldia antolatzeko), ekimen hau beste urrats bat da Frantziako Tourra gure lurraldera iristerako bidean. Aipatzekoak dira, halaber, Carcassonneko helmugara eta irteerara eta Foixeko helmugara egindako bisitak, Euskadiko irteeretan eta helmugetan inplikatutako udaletako talde teknikoek egindakoak.