Gaur eguerdian Berdintasunerako Sailarteko Batzordea bildu da Lehendakaritzan. 1993an sortu zen batzorde hau, Jaurlaritzan emakumeen eta gizonen berdintasunerako politikak bultzatzeko eta koordinatzeko, eta gaur, lehen aldiz, berdintasun-unitatea duten erakunde autonomoek eta erakunde publikoek parte hartu dute bertan , Jaurlaritzako sailetako ordezkariez gain. Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da bileraren buru, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariarekin batera.
Batzordea sortzeko dekretua aldatu denetik, batzordea indartu egin da, sail ezberdinak eta Emakundez gain, honako erakunde hauen parte hartzearekin: IVAP, Eustat, Habe, Osalan, Osakidetza, Euskal Trenbide Sarea, Lanbide, EITB, Polizia eta Larrialdietarako Euskal Akademia eta Garapen Lankidetzarako Euskal Agentzia.
Lehendakariaren hitzetan, erakunde autonomoak sartzeak indartu egiten du Jaurlaritzan berdintasunaren arloko koordinazioa. Urkulluk berretsi egin du gobernuak emakumeen eta gizonen berdintasunarekin duen konpromiso irmoa eta gogoratu du Euskadik bere berdintasun-indizea hobetu duela (une honetan 73,1 puntutan dago; 2010ean 68,9an zegoen), eta hori albiste ona dela, egindako lanaren emaitza, baina oraindik bide luzea dagoela egiteko benetako berdintasunera iristeko.
Urkulluren ustez, berdintasunaren “lorpena bizkortu behar dugu, elkarrekin lan eginez, eta hori lortzeko, legegintzaldi honetan tresna garrantzitsuak onartu ditugu”. Ildo horretan, Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzetarako Legea aipatu du, joan den martxoaren 3an onartua, alde batetik. Esan duenez, “lege horrek gure berdintasun-politikak indartuko ditu, eta beste mugarri bat izango da, 2005eko Legea bezala”. Hain zuzen ere, Jaurlaritzaren politikak legearen eskakizunetara egokitzea izan da gaurko bileran jorratutako gaietako bat.
Eta, bestalde, Berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzetarako Herri-Ituna nabarmendu du, “legeak beharrezkoak direlako, baina ez nahikoak emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren egiturazko arazo unibertsala gainditzeko, eta gizarte honetako eragile guztien sentsibilizazioarekin eta konpromisoarekin zerikusia duten beste tresna batzuk ere beharrezkoak direlako”.
Bileran, halaber, Eusko Jaurlaritzako sailek eta erakunde autonomoek beren berdintasun-planetako ekintzarik nabarmenenak aurkeztu dituzte, eta sailek, Emakundek eta Jaurlaritza osatzen duten erakunde autonomo eta publikoek berdintasunaren arloan duten jarraipena berrikusi da.