Jiao Tong Unibertsitateak (Shanghai, Txina) bere urteko txostenaren azken edizioaren berri eman du. Txosten horretan, munduko 500 unibertsitate onenak zerrendatzen ditu espezialitate akademikoen arabera. Oraingoan, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) 150 onenen artean kokatu da hiru diziplinatan: Ingeniaritza Metalurgikoa, Ingeniaritza Kimikoa, eta Kimika (Espainiako lehen unibertsitatea da hiru diziplina horietan); eta 200 onenen artean, beste lau diziplinatan: Elikagaien Zientzia eta Teknologia, Materialen Zientzia eta Ingeniaritza, Nanozientzia eta Nanoteknologia; eta Matematika, talde pribilegiatu honetan sartzen dena.
Shanghaiko rankinga izenez ezagutzen den sailkapena unibertsitate munduan gehien baloratzen den ebaluazio irizpideetako bat da, eta eragin handiena duen rankingetako bat da unibertsitateen nazioarteko proiekzioa ebaluatzeko orduan. Sailkapenak munduko 500 unibertsitate onenak biltzen ditu, goi hezkuntzako 1.500 erakunde nagusiak aztertu ondoren, mundu osoko 20.000 unibertsitatek baino gehiagok osatutako multzo batetik abiatuta. UPV/EHU 2012an sartu zen munduko 500 unibertsitate onenen talde entzutetsuan, eta 2020ko ediziotik, 400 onenen artean egon da.
Espezialitate aipagarri horiez gainera, UPV/EHUk postu oso garrantzitsuak lortzen ditu ere beste diziplina batzuetan: Telekomunikazio Ingeniaritza, Energiaren Zientzia eta Ingeniaritza, Farmazia eta Zientzia Farmazeutikoak (munduko 300 unibertsitate onenen artean); 12 diziplina gehiago (Fisika; Nekazaritza Zientziak; Ingurumen Zientzia eta Ingeniaritza; Ingeniaritza Elektrikoa eta Elektronikoa, Ingeniaritza Mekanikoa, Zientzia Biologikoak, Osasun Publikoa, Zientzia Politikoak; Zientzia eta Ingeniaritza Informatikoa; Ekologia; Ekonomia eta Psikologia), 400 onenen artean; eta lau diziplina gehiago (Hezkuntza, Lurraren Zientziak, Zientzia Biometrikoak eta Kudeaketa –Management–) , 500 onenen artean.
Eva Ferreira UPV/EHUko errektorearen iritziz, argitaratu diren datuak oso esanguratsuak dira, “gurea unibertsitate sendo bat dela erakusten dute, dinamiko eta hobetze prozesu jarraian. Zoriontzekoa da lehen 200 onenen artekoak zazpira igo izana, Matematika ere sartu baita, eta munduko 500 unibertsitate onenen artean egotea Telekomunikazio Ingeniaritzan (300 onenen artean), Ekonomia eta Psikologian (400 onenen artean), besteak beste. Kontuan hartu behar da, halaber, jakintza arlo guztiak daudela ordezkatuta gai espektro zabal horretan, eta horrek, gure unibertsitatearen izaera jeneralista ez ezik, arlo guztietan ezartzen den autoexijentzia
maila ere adierazten du. Uste dut arrazoi ona dela gure unibertsitate osoa zoriontzeko eta euskal gizartea ere zoriontzeko, hari zor baitiogu geure zerbitzua”.
Txinako unibertsitateak egiten duen unibertsitateen ex aequo sailkapena, multzoka, honela azaltzen da: lehenengo ehun unibertsitateak izendatzen ditu, ordena zorrotzean; ondoren, 50 unibertsitateko bloke bat ezartzen du; gero, beste bloke bat, 50 unibertsitatekoa; eta hortik aurrera, 500era arte, hiru bloke, bakoitza 100 unibertsitatekoa.