Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu Idoia Mendiak gizarte-ekonomiari bost milioi euroko zuzeneko laguntzak emateko agindu bat igorri dio Gobernu Kontseiluari astearte honetan, kooperatibek, lan-sozietateek, enplegu-zentro bereziek eta laneratzeko enpresek konpentsa ditzaten Ukrainako gerrak eragindako kalteak eta Errusiari ezarritako zehapenak. Gainera, 1,3 milioi gehiagoko beste hiru agindu izango ditu, gizarte-ekintzailetza indartzeko eta enpresen eta erakundeen elkarte-egiturak sendotzeko. Laguntza horien bidez, gizarte-ekonomiari emango zaion laguntza, guztira, 15 milioi eurokoa izango da 2022an, ekitaldirako aurrekontuan jasotakoaren bikoitza.
Gizarte ekonomiarako babes publiko handiena da, azken aurrekontuetan lerro desberdinak % 29 handitu eta 7.652.000 eurora iritsi ondoren. Kopuru horri aparteko 7 milioi euro gehitu behar zaizkio, hau da, lehendakariordeak joan den martxoan, Ukraina inbaditu eta hurrengo egunetan, gizarte ekonomiako familiekin egindako bileran hartutako konpromisoa, enpresa horien iradokizunei erantzunez.
Laguntza hori, ekonomikoa ez ezik, Lan eta Enpleguko arduradunak Seulgo Nazioarteko Kongresura eraman zuen euskal kooperatiba-ereduaren babesean eta Gizarte Ekonomiako Sailarteko Lehen Planaren onarpenean ere islatzen da. Plan horrek legebiltzar-taldeen ekarpena izan du. Egiturazko laguntza hori egungo egoera ekonomikoaren ondoriozko zailtasun espezifikoetan lagunduz indartzen da.