Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian bihar, asteartea, uztailak 26, argitaratuko da Arabako eta Gipuzkoako foru-aldundietako suteen prebentzio eta itzalketako zerbitzuetan sartzeko hautaketa-prozesu berrirako deialdia. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Euskadiko hainbat erakundetako suhiltzaile-plazak betetzeko lehiaketa-oposizio bateratua egiten duen lehenengo aldia da. Guztira 114 plaza dira (46 Araban eta 68 Gipuzkoan), eta gehitu daitezke foru-erakunderen batek hala erabakitzen badu.
Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusiak izenpetutako 2022ko uztailaren 14ko ebazpenaren arabera, 114 plazak honako lanpostuak betetzeko dira:
-
- Arabako Foru Aldundia: 46 plaza Administrazio Bereziko Taldeko Zerbitzu Berezien Azpitaldeko Suteen Itzalketako Zerbitzuan, Sailkapen Profesionaleko C Taldean, C2 Azpitaldean integratuta, 2020ko eta 2022ko EPEei dagozkienak.
-
- Gipuzkoako Foru Aldundia: 68 plaza Administrazio Bereziko Taldeko Zerbitzu Berezien Azpitaldeko Suteen Itzalketako Zerbitzuan, Sailkapen Profesionaleko C Taldean, C2 Azpitaldean integratuta, 2019ko, 2020ko eta 2021eko EPEei dagozkienak.
Hautaketa-prozesua
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hautaketa- eta formakuntza-prozesu zorrotza eta integrala prestatu du, eta fase hauek izango ditu:
Izena ematea: epea irailaren 7an irekiko da, eta 20 egun baliodunetan egongo da zabalik. arkauteakademia.euskadi.eus web-orriaren bidez egingo da. Izena eman ahal izateko, aldez aurreko baldintza hauek bete beharko dira, besteak beste:
-
- 16 urte beteta izatea eta nahitaez erretiratzeko adina bete gabe izatea.
-
- C + E gidabaimena eta emandako puntu guztiak izatea.
-
- Dagokion plazaren baldintza guztiak betetzea: hizkuntza-eskakizuna, hezkuntza-titulua (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua, Eskoa Graduatua, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo titulazio baliokidea) etab.
-
- Kanpoan uzteko irizpide medikoen koadroan jasota dagoen gaixotasunik ez izatea, etab.
Hiru eratako probak: ezagutza-probak (test erako 2 ariketa), proba psikoteknikoak (arrazoitzeko gaitasunak, gaitasun mekanikoak, espazialak, hitzezkoak eta nortasuna ebaluatzeko probak) eta gaitasun fisikoa baloratzeko probak. Guztiak nahitaezkoak eta baztertzaileak dira.
Merezimenduak: probak gainditu ondoren, izangaiek puntuatzekoak eta ebaluatzekoak diren merezimenduak aurkeztu ahal izango dituzte: beste hezkuntza-titulu ofizial batzuk, esperientzia profesionala, etab.
Mediku-azterketa: nahitaezkoa izango da, eta balorazioa izango da GAI edo EZ GAI.
Formakuntza: nahitaezko aldi akademikoa da, eta Akademian bertan egingo da horretarako diseinatutako Ikasketa Planari jarraituz, eta hori ere ebaluagarria izango da.
Praktikaldia: formakuntza osorako zentro edo egoitza egokietan egingo da, eta lanpostuari dagozkion zereginak betetzearekin lotutako eraginkortasun profesionala ebaluatuko da. Praktikaldi hau ere baztertzailea izango da.
Aldi baterako lan-poltsa
EPE hau gainditzen duten baina plazarik lortzen ez duten pertsonak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren aldi baterako lan-poltsa batean sartuko dira, deialdia osatzen duten erakundeen suteen prebentzio eta itzalketako zerbitzuetan lanpostu hutsak betetzeko eta ordezkapenak egiteko.