Espainiako Epidemiologia Elkartearen Urteko Bilerak errekorrak hautsiko ditu

Donostiak hartuko du Espainiako Epidemiologia Elkartearen (SEE) Bileraren 40. edizioa. Topaketa Euskal Herriko Unibertsitatearen Carlos Santamaria Zentroan izango da abuztuaren 30etik irailaren 2ra, eta aurreko edizioetako errekor guztiak gaindituko dira; izan ere, dagoeneko 800 parte hartzailek baino gehiagok eman dute izena eta mila inguru komunikazio daude aurreikusita.

XX. mendeko erronkak: ingurumena, klima aldaketa, eta gizarte desberdintasunak‘ lemapean, aurten Euskal Herriko Unibertsitatean egingo den topaketak klima aldaketak biztanleen osasunean dituen ondorio nagusiak aztertuko ditu bereziki. Berotegi efektuko gasak planetaren tenperatura igoarazten ari dira, eta, horrekin batera, basamortutzea areagotzen, laborantzak murrizten eta muturreko meteorologia fenomenoak ugaritzen ari dira (lehorteak, uholdeak…). Horiek guztiek eragina dute pertsonen osasunean, eta desberdintasunak sortzen dituzte.

Gainera, klima aldaketak ondorio negatiboak ditu ere airearen eta uraren kalitatean, eta aurreikuspenen arabera, 2030-2050 urteen bitartean, elementu horien kutsadurak 250.000 heriotza eragin ditzake urtean. Tenperaturen igoerak eta prezipitazioen urritasunak biztanleen lekualdaketak eragingo dituzte, gehienbat dagoeneko faktore horien eraginpean dauden lekuetan; era berean, ekosistemak aldatu eta era guztietako espezien mugimendua ekarriko dute. Horrek organismoen arteko interakzioa ahalbidetuko du, eta, horren eraginez, bektoreek eta zoonosiak transmititutako gaixotasunen hedadura areagotuko da, esate baterako. Pertsonen eta materien mugimendu handiak, garapen eredu jasangaitzek eta ustez zero kostua duen natura espazioen inbasioak Covid-19aren pandemia, SARS-CoV birusaren hedapen azkarra eta beste agente infekzioso batzuen hedapena errazten dute.

Adituen arabera, biodibertsitatea desagertzearekin batera, uzten errendimendua ere gutxituko da, eta elikadura segurtasunari lotutako arazoak sortuko dira. Horren ondorioz, malnutrizioak, beherakoek edo paludismoak gora egingo dute baliabide gutxieneko lekuetan; eta, horri guztiari osasun arloan sortutako desberdintasunak batu beharko zaizkio. Halaber, espero daiteke igoera bat denge, zika, chikungunya eta antzeko bektoreen bidezko gaixotasunen transmisioan. Osasun erronkak gainditu ahal izango dira soilik gizarteek eta erakundeek klima aldaketak dakartzan erronka globalei zorroztasun zientifikoez erantzuten badiete, modu azkarrean, sendoan, homogeneoan eta arduratsuan.

Aurten, berritasun gisa, biltzarra inauguratu baino egun bat lehenago, herritar guztientzat irekia izango den mahai bat antolatuko da San Telmo museoan. Bertan, berokuntza globalak osasunean dituen ondorioei lotutako alderdi guztiak izango dira aztergai. Abuztuaren 30ean izango da, 19:00etan. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

Espainiako Epidemiologia Elkartearen XL. Bilerak erakunde hauen laguntza jaso du: Donostiako Udala, Eusko Jaurlaritza, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), egoitza izango dena, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoa (IHOBE) eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentua.

Biltzarra aurkeztu dute Donostiako Udaletxean emandako prentsaurreko batean. Ekitaldian egon dira Donostiako Udalaren Enplegu eta Garapen Ekonomikorako zinegotzi Marisol Garmendia, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Osasun Publikoaren zuzendari Itziar Larizgoitia, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoaren (IHOBE) zuzendari Alexander Boto, Espainiako Epidemilogia Elkartearen (SEE) biltzarreko antolakuntza batzordeko presidente Jesús Ibarluzea, SEEren biltzarreko antolakuntza eta zientzia batzordearen idazkari eta Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko irakasle Aitana Lertxundi eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen zuzendari Mónica Pedreira.

Herritarrentzako mahai irekia

Eguna: abuztuaren 30a

Lekua: San Telmo museoa

Ordua: 19:00h

Berritasun gisa, kongresuaren inaugurazio ofiziala baino egun bat lehengo, publikoarentzat irekia izango den mahai inguru bat egingo da, non klima aldaketak eta hiri eta ingurumen osagaiek osasunean duten inpaktua aztertuko baita. Abuztuaren 30ean izango da, 19:00etan, San Telmo Museoan eta Donostiako Sustapenak aurkeztuko du. Mahai inguruan parte hartuko dute Euskal Herriko Unibertsitateko eta BC3ko Elisa Sainz de Murietak, Naturklima-Gipuzkoako Klima Aldaketaren Foru Fundazioko Dorleta Orúe-Echevarríak, Carlos III.a Osasun Institutuaren Klima Aldaketa, Osasun, Hiri Ingurumeneko Erreferentzia Unitateko Cristina Linaresek eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren Zuzendaritzako Jesús Ibarluzeak. Aitana Lertxundi izango da mahai inguruaren moderatzailea. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte.

Zenbakitan

  • 800 pertsona baino gehiago inskribatuta
  • 1000 komunikazio baino gehiago
  • 16 mahai espontaneo

Hizpide izango dira…

Aurtengo egitarauak osasunaren ikuspegi integrala eskainiko du, askotariko alderdiei erreparatuta, hala nola hiri osasuna, osasun mentala, genero indarkeriak, txertoak, minbizia eta sexu transmitisiozko gaixotasunak. Espainiako Epidemiologia Elkartearen XL. Bileran, besteak beste, intereseko gai hauek aztertuko dira:

  • Klima aldaketa
  • Ingurumena
  • Hiri osasuna
  • Gizarte desberdintasunak
  • Osasun mentala
  • Covid-19aren zaintza
  • Txertoak
  • Minbizia
  • Sexu transmisiozko gaixotasunak
  • Pornografia eta sexu indarkeria gazteen artean
  • Pandemia osteko osasun publikoa
  • Osasun publikoko agentzia berriak
  • XXI. mendeko biztanleriaren osasuna monitorizatzeko kohorteen azterketak

Inaugurazio eta amaiera ekitaldiak

Inaugurazio mahaia abuztuaren 31n, asteazkena, izango da 12:00etan, eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzako Adolfo Uriartek, Carlos III.a Osasun Institutuko Klima Aldaketa, Osasun eta Hiri Ingurumeneko Erreferentzia Unitateko Julio Díaz Jimenezek, ISGlobaleko Cathryn Tonnek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako Koldo Cambrak emango dute. Bertan, klima aldaketaren ondorio orokorrak eta horiei aurre egiteko moduak aztertuko dira, baita muturreko tenperaturetara egokitzeko prozesuak ere.

Amaierako hitzaldia, berriz, irailaren 2an, ostirala, 12:00etan izango da, eta ISGlobalen Analisi eta Garapen Globala saileko zuzendari Rafael Vilasanjuan kazetariak emango du, “Txertoaren nazionalismoak, tokiko borondatetik behar globalera” izenburupean. Aurkezlea, berriz, Ángela Domínguez izango da, Bartzelonako Unibertsitateko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoko katedraduna eta Espainiako Epidemiologia Elkartearen Txertoen Lan Taldeko koordinatzailea.