Prestakuntza espezializatuko egoiliarren eskaintzan, 500 plazako zerrenda gainditu du Euskadik

Osakidetzak 2022-2023 deialdian Osasun Prestakuntza Espezializatuko 519 plaza eskainiko ditu guztira, iazko kopurua gaindituz eta azken hamarkadan % 60ko hazkundearekin.

Aurten ere, Euskadik ahalik eta plaza gehien eskaintzen ditu Lehen Mailako Atentzioari lotutako kategorietan -Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren lehentasun estrategikoetako bat-, hau da, deialdiko plaza guztien herena. Zehazki, 109 plaza daude Familia eta Komunitateko Medikuntzan, hau da, % 40ko gehikuntza azken hamarkadan; 34 Familia eta Komunitateko Erizaintzan, duela hamar urteko zuzkidura laukoiztuz; eta 29 Pediatrian, hau da, orduan baino % 20 gehiago.

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak ezinbestekotzat jo du lanpostuen igoera eutsia, erretiro-bidean dauden profesionalak ordezkatuko dituzten gazteen prestakuntza bermatu ahal izateko. Alderdi hori funtsezkoa da osasun-sistema egokitzen jarraitzeko, gero eta zaharragoa den eta gaixotasun kroniko eta mendekotasun gehiago dituen gizarte baten erronken aurrean.

 Osasun Sailak eskaera egin ondoren, plazen gehikuntza laster BOEn argitaratzea aurreikusi da. Zehazki, Euskadiko 2022-2023 deialdirako, plazen banaketa honako hau izango da:

  • 400 fakultatibo-plaza (espezialitate medikoetako eta diziplina anitzeko espezialitateetako plazak barne). Horien artean, nabarmentzekoa da haurren eta nerabeen psikiatriako 2 plaza lehen aldiz eskaini izana, baimendutako gehieneko plaza, behin espezialitate hori onartuta, Euskadik hurrengo deialdietan eskaintza handitzen jarraitzea aurreikusten baitu.
  • FIR ospitaleko farmaziako 9 plaza.
  • PIR psikologia klinikoko 10 plaza.
  • EIR erizaintzako 100 plaza.

Lurraldeka, Prestakuntza Espezializatuko 519 plazak honela banatzen dira: 287 plaza Bizkaian, 124 Gipuzkoan eta 108 Araban.

Prestakuntza hori Euskadin irakaskuntzarako ziurtatuta dauden 15 zentro/unitateetan egiten da: 7 ospitaletan, 2 irakaskuntza-unitatetan, 4 irakaskuntza-unitate multiprofesionaletan eta erizain espezialistentzako 2 irakaskuntza-unitatetan.

2021/2022 deialdian, egoiliarren % 5 atzerritarrak ziren, eta % 41 beste autonomia-erkidego batzuetatik zetozen, eta horietako asko euskal osasun-sisteman sartzen dira azkenean. Horren erakusgarri da Osakidetzak 2021ean egoiliar gisa prestakuntza osatu zuten langile fakultatiboen % 80 eta erizaintzako langileen % 70 kontratatu izana.