2022-2028 epealdirako Justizia Plan Estrategikoa ezartzen ari da, azken Gobernu Kontseiluan aurkeztu ondoren. Dokumentu hau barneko eta kanpoko eragile juridikoekin lankidetzan garatu da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan justizia-zerbitzu publikoaren kudeaketa eta prestazioa aldatzea eta hobetzea du helburu. Jarduera-plan berri horrek 2019ko azken hiruhilekoan, 2020ko eta 2021eko urteetan eta 2022ko lehen hilabeteetan egindako azterketaren hausnarketak eta ondorioak biltzen ditu, Euskadiko justiziaren esparruan epe ertainean egin beharreko jarduerak estrategikoki diseinatzeko.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi duenez, “plan honen amaieran, justizia-zerbitzu publikoa duen Euskadi bat irudikatzen dugu, herritarrek, langileek eta gainerako operadore juridikoek atsegin, irisgarri, fidagarri, arin, garden eta eraginkor gisa ezagutu eta onartzen dutena”.
Sailburuak zehaztu duenez, helburu nagusi hauek ditu: “gizarte-egoera ahulenean dauden kolektiboei babes berezia ematea; justizia-administrazioa erabiltzen duten pertsonen hizkuntza-eskubideak bermatzea; eztabaidak konpontzeko baliabide egokiak garatzea; eta antolakuntza-eredu bat ezartzea, pertsona motibatuak, kudeaketa hobetzea eta erabat eraginkorra den justizia digitala oinarri hartuta”. Horretarako, Artolazabalek gehitu duenez, “gaur egun justizian egiten dugun inbertsioa sendotzea aurreikusten dugu, estatuko herritar bakoitzeko handiena, eta plan honen indarraldian 1.500 milioi eurotik gorakoa izatea”.
Euskadi abian
2022-2028 Justiziako Plan Estrategikoak XII. Legealdiko Gobernu Programa betetzen du, Euskadi abian. 2020ko urriaren 13ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiaren bidez onartu zen, eta herritarrekin hartutako konpromisoak betetzeko Gobernuak abian jarri behar dituen ekimenak biltzen ditu.
Justiziaren jardun-eremua garatzen duten hiru konpromisoetan (97, 98 eta 99) 26 ekimen aurreikusten dira, neurri handiagoan edo txikiagoan eragina dutenak eta aurkeztu berri den planean sartuta daudenak. Bereziki, 97. Konpromisoaren 1. Ekimenak honela zehazten du: “Justiziako Plan Estrategikoa onartzea, justizia arinagoa, eraginkorragoa eta digitalizatuagoa, pertsonengan oinarritua eraikitzeko parametroak ezarriko dituena”.
Ildo estrategikoak
Dokumentu berriak hurrengo 7 urteetan egin beharreko lana 10 ildo estrategikotan zehazten du. Ildo estrategiko horiek, besteak beste, honako konpromiso hauek dituzte: pertsona ahulenak babesteko zerbitzuen garapen egituratua; eraikin judizialak, instalazio eta baliabide material seguruagoak, eskuragarriagoak, jasangarriak, funtzionalak eta erosoagoak; espediente judizial elektroniko bat, guztiz ezarria eta funtzionala, komunikazio telematikoa gainerako operadore juridikoekin, izapide digitalen garapen progresiboa egoitza judizial elektronikoaren bidez eta bideokonferentzia gero eta gehiago orokortzea; justizia ulergarria, azkarragoa eta aurresangarriagoa (hau da, itxuraz berdinak diren kasuetarako irtenbide desberdinak eskaintzen ez dituena); edo justizia berritzailearen eta komunikabideen aplikazioan jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa gertatzeko beharrezkoak diren egitura-baldintzak sortzea.
Gogoeta- eta entzute-prozesua
Nahiz eta covid-19ak sortutako pandemia mundiala plana egiteko denborak eta prozesua aldatu dituen, Justizia Sailburuordetzako (VJU), epailetzako, fiskaltzako, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeko (IVML) kideek lagundu ahal izan dute hura garatzen; Kudeaketa, Izapidetze eta Laguntza Kidegoetako pertsonek ere parte hartu dute, baita herritarren, delituen biktimen, eragile juridikoen eta erakundeetako ordezkarien, gizarte-ordezkarien eta EAEko justizia-sistemako beste eragile garrantzitsu batzuen ordezkariek ere.
Beatriz Artolazabalen hitzetan, “plan hau ez da utopia bat ere. Asmo handiko plana da, baina posiblea dena”, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak “sektorearen errealitatea eta operadore juridikoen eta erabiltzaileen beharrak eta itxaropenak ezagutzeko beharra” hauteman duenean sortu da. Hausnarketa- eta kontsulta-fasean bildutakoen artean, hauek dira eskatuenak: gardentasun handiagoa; enpatia handiagoa; hizkuntza ulergarria; Justizia Administrazioaren bizkortasun handiagoa; teknologia berriak erabiltzeko laguntza edo justizia eskuragarriagoa, guztion eskura.
2022-2028 Justiziako Plan Estrategikoak zuzenean edo zeharka eragingo die Euskadiko justiziaren arloko 3.000 profesional baino gehiagori.