Eusko Jaurlaritzak uraren kudeaketari aurre egiteko gaitasuna sendotu du, Plan Hidrologikoa eta Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana berrituz eta bere Barne-Arroetan Lehorteen aurrean Jarduteko lehen Plan Berezia onartuz; izan ere, tresna estrategiko horiek bereziki ezinbestekoak dira klima-aldaketak ekar litzakeen balizko tentsio-egoeren aurrean urari dagokion guztia kudeatzeko.
Ezin da ahaztu, duela hilabete gutxi, uholde garrantzitsuei aurre egin diegula, azken hamarkadetako uholde handienei, eta orain gure inguruan nolabaiteko kezka zabaltzen hasi dela lehortearen inguruan. Lehorteak, gainera, erasanak sortzen hasi dira erregulazio gutxiko edo batere erregulaziorik gabeko hornikuntza-sistemetan, hala nola Urdaibain, non Lehorteen Plan Berezia dagoeneko abiarazi berri den.
Muturreko fenomeno horiek behin eta berriz gertatu daitezke eta klima-aldaketak larriagotu ditzake. Beraz, uraren plangintza hidriko egokia izateko beharra gogorarazten dute: jasangarritasun-irizpideeak eta uraren erabilera eraginkorra aintzat hartuz, uraren segurtasuna eta horniduraren bermea lortu ahal izateko, uholdeen eta lehorteen aurreko erresilientzia hobetzeko; eta uren egoera ona lortzeko.
Horregatik, Gobernu Kontseiluak, iragan asteartean, 2022ko uztailaren 26an, Euskadiko barne-arro deiturikoetan 2022-2027 aldirako plangintza hidrologikoa onartu du, uren arloko jarduketaren oinarriak ezartzen dituena.
Euskadiko barne-arroen plangintza hidrologikoa onartzea
Plan Hidrologikoa plangintza hidrologikoaren dokumentu nagusia da. Helburu hauek ditu: uren egoera ona lortzea, Europar Batasunak 2000/60/EE Uraren Esparru Zuzentarauan ezarritako helburuekin bat etorriz; uraren segurtasuna eta horniduraren bermea lortzea, jasangarritasun-irizpideek eta uraren erabilera eraginkorrak gidatuta; eta muturreko fenomenoen aurreko erresilientzia hobetzea (uholdeak eta lehorteak).
Orain onartutako planak uraren kudeaketarako eta administrazio eskudunen (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, hornidura eta saneamenduko erakunde kudeatzaileak eta Estatuko Administrazio Orokorra, batez ere) inbertsioen aurreikuspenerako aplikatu beharreko araudi berritu eta eguneratu bat du, 2022-2027 aldirako aipatutako helburuei dagokienez.
Horri dagokionez, oraindik Europako estandarretara iristen ez diren ur-masa jakin batzuetan uraren kalitatea hobetzeko eta hondakin-uren saneamendu- eta arazketa-sistemak hobetzeko inbertsioak sartzen dira, dauden azpiegituren defizita murritzarazteko. Besteak beste:
- Nerbioi Garaiko saneamenduan aurreikusitako inbertsioak: Basaurbeko (Laudio) eta Markijanako (Amurrio) hondakin-uren araztegiak eta kolektore-sistema eraikitzea: 73 milioi euroko inbertsioa.
- Donostialdeko araztegietan hobekuntza inbertsioak: Loiolan 55 milioi euroko HUA eraikitzea, industria-urak tratatu ahal izateko, Euskal administrazioak Estatuaren enkomiendapean egin nahi duena.
- Inbertsioak Bilbo Metropolitarrean: Sestaoko Galindoko hondakin-uren araztegia berritzeko eta hobetzeko hainbat jarduera, Leioako Lamiakoko gainezkatzeen tratamendu-estazioa eta Zuazo-Galindoko ekaitz-tanga eraikitzea: guztira, 270 milioi euroko inbertsioa)
- Inbertsioak Txingudin: Atalerrekako hondakin-uren araztegia egokitzea, 6 milioi euroko zenbatekoarekin.
- Inbertsioak hainbat saneamendu-kolektoretan: horien artean, Muxika-Gernika (12,3 M€), Ermua-Mallabia (3,4 M€) (Bizkaia), Oikia-Aizarnazabal (6,4 M€), Mijoa (3,1 M€), Elgeta (3 M€), Pasaia (4,8 M€), Mendaro (10,4 M€) (Gipuzkoa); Artziniega (6 M).
- Ibaiak, hezeguneak eta estuarioak lehengoratzeko inbertsioak: espezie inbaditzaileak kontrolatzekoak; ekosistema urtarrak hobetzekoak, bereziki urari lotutako ingurumen-garrantzi handieneko eremuetan, Natura 2000 Sareko gune askotan.
Era berean, inbertsio handiak aurreikusten dira sistema jakin batzuetan ur hornidura-bermea ziurtatzeko. Jarduera horien artean honako hauek azpimarra daitezke:
- Bizkaian: Urdaibaiko horniduraren hobekuntza (30 M €), baina baita Lea-Artibai (30 M€), Enkarterri (43 M€) eta Bilbo Metropolitarrean ere (292 M €)
- Gipuzkoan: Añarbeko Beheko Ubidearen ordezko hodi bat eraikitzea eta birgaitzea (Gipuzkoa), 39,1 M €-ko inbertsioarekin. Beheko kanalak Añarbeko presatik Astigarragako Petritegiko ura edangarria egiteko estazioraino eramaten ditu hornidura-emariak, eta konponketak behar ditu, zerbitzutik kanpo dagoen kanalarekin bakarrik egin daitezkeenak. Horretarako, ubidea birgaitu bitartean, ur-hornidura ahalbidetuko duen eroanbide alternatibo bat eraiki behar da.
- Araba: hornikuntza hobetzea Arabako hainbat herritan, hala nola Laudion, Amurrion, Okondon, Baranbion, Ziorragan, Sobron eta
Administrazio guztiek aurreikusi dituzten inbertsioen guztizko zenbatekoa 900 milioi euro ingurukoa da, eta horietatik 600 milioi euro euskal erakundeen inbertsioei dagozkie.
Uholde Arriskua Kudeatzeko Planak uholdeak prebenitzeko irizpideak, lehentasunak eta jarduerak garatzen ditu, bai eta uholdeen aurreko erresilientziaren arloan 2022-2027 aldirako egin beharreko inbertsioen denborazko programazioa ere. Bestalde, Uholde arriskuen ebaluazioari eta kudeaketari buruzko 2007/60/EE Europako Zuzentarauak eta plan hidrologikoak ezarritako eskakizunei erantzuten die. Berrikuntza gisa, hirigintza edo hiri-ingurunea ingurune hidrikoarekin hobeto uztartzeko neurriak gehitu dira.
Programatutako inbertsioen artean, hogei bat udalerritan uholdeetatik babesteko jarduerak daude, besteak beste:
- Araba: Laudion aurreikusitakoak (Nerbioi ibaia eta San Juan erreka, 5,2 milioi euroko zenbatekoarekin).
- Bizkaia: Abadiño-Durango (Ibaizabal ibaia eta Sarria, 4 M €), Aranguren (Cadagua ibaia, 7 M €), Galindo (Galindo ibaia, 12,1 M €), Alonsotegi (Azordoiaga erreka, 8 M €), Mungia (Butroe ibaia, 6,4 M €) eta Sodupe (Gueñes, Cadagua ibaia, 1,7 €).
- Gipuzkoa: Azpeitia (Ibaieder eta Errezil ibaiak, 3,1 M €), Beasain-Ordizia (Oria ibaia, 4,2 M €), Tolosa (Oria eta Zaldibia ibaiak, 4,2 M €), Andoain (Ziako erreka, 10 M €) eta Ergobia (Urumea ibaia, 7,3 M €).
Era berean, honako hauek nabarmendu behar dira: uholdeen inpaktua gutxitzeko beharrezkoak diren iragarpen eta alerta hidrometeorologikoko sistemak hobetzeko inbertsioak; uholdeen larrialdiei erantzuteko erakundeen plangintza hobetzeko jarduerak; eta uholde-arriskua ez areagotzeko funtsezkoak diren uholde-eremuetako erabilerak antolatzeko neurriak.
Lehorteen Plan Berezia, berriz, Eusko Jaurlaritzak onartutako mota horretako lehen plana da. Lehorte-gertaerak kudeatzea ahalbidetuko duen tresna da. Egoera diagnostikatzeko adierazle-sistema bat txertatzen du, eta lehorte-egoeraren larritasunaren arabera modu mailakatuan hartu beharko diren kudeaketa-neurriak ezartzen ditu, ingurumenean, ekonomian eta gizartean izan ditzakeen erasanak gutxitzeko.
Pixkanaka-pixkanaka aktibatu behar diren kudeaketa-neurri horien artean daude, besteak beste:
- Larrialdietako hartuneak aktibatzea,
- Funtsezkoak ez diren erabilerak mugatzea (lorategiak ureztatzea, kaleak baldeekin ureztatzea, igerilekuak betetzea, etab.)
- Hiri-sareetako gaueko presioa murriztea
- Gauez aldi baterako ur-mozketak egitea, besteak beste.
Lehorteen plan berri hori orain bi aste aplikatzen ari dira, onartu aurretik, Busturialdeko eta lurraldeko beste arro batzuetako egoera kudeatzeko: hala nola Lea eta Artibaiko arroetan.
Garrantzitsua da azpimarratzea hiru planen dokumentazioa 6 hilabeteko kontsulta- eta parte-hartze publikoko prozesua behar izan duela burutu. Prozesu horretan, uraren kudeaketan erantzukizuna duten euskal erakundeen arteko lankidetza-prozesu bat egin da, URA-Uraren Euskal Agentziak bultzatuta. Prozesu horretan, EUDELek, Euskadiko hainbat udalek, foru-aldundiek eta uraren zerbitzuak kudeatzen dituzten erakundeek parte hartu dute.
Plan Hidrologikoa eta Uholde Arriskua Kudeatzeko Plana Errege Dekretu bidez aldarrikatuko dira, Kantauriko gainerako arroen plangintzarekin integratu ondoren, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren bitartez.
Euskadiko egungo egoera hidrologikoa
Euskadin azken asteetan izandako euriteen faltak eta tenperatura altuek egoera hidrologikoaren zaintza areagotzeko beharra eragin dute, eta, bereziki, herritarrei hornikuntza bermatzeko beharra. Euskadiko egungo egoeraren diagnostikoa honako hau da:
Urtegietan oinarritutako hornikuntza-sistemak dituzten eremuetan egoera ona da, normaltasun-diagnostikoarekin. Gogoratu behar da sistema horiek hornitzen duten Euskadiko biztanleria % 90etik gorakoa dela.
Ildo horretan, urtegien egungo betetze-maila, oro har, %70etik %90era bitartekoa da, garai hartan beste urte batzuetan izandakoaren parekoa.
Ondorioz, Euskadiko biztanleen % 90 baino gehiagoren hornidura bermatuta dago epe ertainean, baita euri-egoera mugatu batean ere. Egoera askoz hobea da inguruko beste erkidego batzuetan baino.
Aitzitik, erreketan edo iturburu txikietan oinarritutako hornidura-sistemetan emaria oso sentikorra da prezipitaziorik gabeko aldi luzeetan, eta, ondorioz, egoera askoz ere kaskarragoa da. Kasu horietan, egoera, oro har, Alerta gisakoa dela esan daiteke, nahiz eta xehetasunez zonalde batzuetatik besteetara aldea egon daitekeen. Arautu gabeko sistemek hornitutako Euskadiko biztanleria %10etik beherakoa da.
Arazo garrantzitsuenak Urdaibaiko eskualdean eta Arabako Lautadako herri txikietan gertatzen ari dira, eta eremu horietan hornidura-azpiegiturak indartzea aurreikusita dago.
Urdaibain, horniduraren erakunde kudeatzailea, Bilbao Bizkaia Partzuergoa, Lehorteen Plan Bereziko neurriak aplikatzen hasi da, eta pixkanaka kontzientziazio- eta ura aurrezteko neurriak hartzen hasi da, etxeko hornidura bermatzen saiatzeko: hala nola, funtsezkoak ez diren uraren erabilera mugatzea, presioa murriztea edo, kasu batzuetan, gaueko ur-mozketak egitea.
Aurreikuspenen arabera, datozen asteetan euririk egiten ez badu, Lea-Artibai edo Baiaren burua bezalako beste eremu batzuek ere arazoak izan ditzakete.