2022ko Andre Mari Zuriaren jaiak azken hamarkadako onenak izan direla baloratu du Vitoria-Gasteizko Udalak

Abuztuaren 10a jaietako balantzea egiteko eguna da. 2022ko Andre Mari Zuriaren jaiak amaitu berritan, Gasteizko Udalak azken hamarkadako onenak izan direla baloratu du. “Pandemiaren ondorioz bi urtez bertan behera utzi ostean, horrelako jaiak merezi genituen. Hiriak ondo pasatzeko gogo handiak zituen. Egun bikainak izan dira eta hori gasteiztarren jokabide alai eta errespetuzkoarengatik izan da. Hori izan da arrakastaren gakoa”, adierazi dute Gorka Urtaran alkateak eta Estibaliz Canto Kultur zinegotziak. Sei ziztada, bi eraso homofobo eta adingabe bati egindako baimenik gabeko ukituak izan dira puntu beltz bakarrak, etenik izan ez duen festa giroan. Parte-hartze altua izan dute jaiek eta poztasunak gainezka egin du.

Alkatea pozik agertu da kalean uneoro izan den giroarekin. “Irmo gaitzesten ditugun aipatutako gertakari isolatuek soilik eragotzi dute ohorezko matrikularako jaiak izan direla adieraztea. Eguraldia ere alde izan dugu. Salbuespen txikiak kasu, gasteiztarrek eta bisitan etorri diren pertsonek maila eman dute eta ondo pasatzeko gogoz eta besteekiko errespetuz atera dira kalera. Eskerrak eman nahi dizkiet eta harro nago halako hiria izateaz”, adierazi du. Gorka Urtaranek eskerrak eman dizkie udaleko langile guztiei (udaltzainei, suhiltzaileei, Kulturari, Osasunari, Kirolei, zerbitzu elektrikoei, Tuvisari, etab.), kontratatutako enpresei, hiriko ostalaritzari eta, oro har, hornidura-zerbitzuei.

Bestalde, kultur zinegotziak honakoa adierazi du: “Jai bikainak izan dira parte-hartzearengatik, 400 ekitaldi baino gehiagok izan duten garapenarengatik, jaietako egitarauan sartu ditugun berrikuntzek funtzionatu duten moduagatik eta bakean, askatasunez eta ia jazoerarik gabe bizi ahal izan ditugulako. Gasteiztarrok eskerrak eman behar dizkiogu elkarri Andre Mari Zuriaren jaiak itzuli diren urtean, oro har, jokabide arduratsua eta errespetuzkoa erakutsi dugulako, eta hori nabarmentzeak merezi du”.

Jaietako ekitaldietako presentzia

Jaietako pregoia. Joseba Fiestrasen eskutik eta The Dublinersen tributu-kontzertua. Publikoak plazako 1.500 aulkiak bete zituen.

Zeledonen jaitsiera eta igoera. Andre Mari Zuriaren plaza eta inguruko kaleak betetzen dira urtero. 60.000 pertsona inguru bildu ziren jaien hasieran.Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera. Urtetik urtera jende gehiago biltzen da Andre Mari Zuriaren plazan. 7an, 20.000 pertsona inguru joan ziren jaitsiera ospetsua ikustera.

Foru plaza. Bost kontzertu izan dira eta 43.500 ikusle izan dira. Tanxugueiras (9.000 pertsona), Mikel Erentxun (6.500), Rulo y la Contrabanda (10.000), Izaro (8.500) eta Talco (9.500).

Aihotz Plaza. 30.000 pertsona inguru igaro dira eremu horretatik bertako ikuskizunez gozatzeko: musika, dantza, trikitixa, bertsolariak, etab. Gauetako kontzertuak: Gozategi (2.000 pertsona), Olatz Salvador (500), Herrezian Zulo (700), Neomak (1.000).

Espainia plaza. 40.000 pertsona baino gehiago elkartu dira gauero eremu horretan 5 orkestra handiren ikuskizunak, Los 40 Classicen DJak eta Modestia aparteren kontzertua ikusteko.

Probintzia plaza. Eremu honetako ikuskizunen proposamenak askotarikoak eta berriak izan dira. Arrakasta izan dute 12.000 ikusletik gora izan baitira. Abuztuaren 6ko David Civeraren kontzertua nabarmendu behar da, 2.000 pertsona baino gehiago izan baitziren bertan.

Umorearen Txokoa (Prado parkea). 20.000 pertsonak baino gehiago, jaietako egitarauaren arrakastetako bat izan da, lekuz aldatu ostean. Umorista ezagunak izan dira, hala nola Sara Escudero, Sergio Arrospide, Antton Telleria, Joaquín Pajarón edo Leire Orbe. Nabarmentzekoa da abuztuaren 5ean bete egin zela, 5.000 ikusle baino gehiago elkartu baitziren Iñaki Urrutia eta JJ Vaquero ikusteko.

Abentura Txokoa (Arriaga parkea). 50.000 pertsona baino gehiago izan dira haurrentzako jolas-parke horretan. Kaia, urmaela, Rebebea edo mirarien sukaldea izan dira gehien erabili dituztenak.

Zezen suzkoak (Olagibel kalea). Egunero 8 zezen suzko erre dira eta 28.000 ikusle izan dira guztira.

Su artifizialak (Mendizabala). Jende gehien elkartzen den ekitaldietako bat da. Botoak zenbatu ondoren, datozen egunetan jakinaraziko da Ikuskizun Piroteknikoen Laginaren XVIII. Edizio honetan Gasteizko herritarrek zer pirotekniari eman dioten baloraziorik onena. 4 enpresak hartu dute parte.

Principal Antzokia. Ohi bezala, komedian oinarritutako hiru proposamen izan dira, interprete eta komiko ezagunekin.

Santiago Molero protagonista duen “Escape Room” antzezlanak 2.166 ikusle izan ditu, eta batez besteko bertaratzea % 78koa izan da.

Fernando Cayoren “El peligro de las buenas compañías” lanak 2.065 ikusle izan ditu.

Josema Yuste komiko ezagunaren “El aguafiestas” lanak 2.047 ikusle.

Festen aurretik, Mayumaná konpainiak dantza eta Currents perkusioaren ikuskizuna eskaini zuen, eta egindako 6 saioetan 3.917 ikusle izan ziren.

Iradier Arena. Jaietan, abuztuaren 5etik 9ra, bigantxen 6 ikuskizun izan dira eta 10.813 pertsona elkartu dira horietan. Uztailaren 25ean beste 2 ikuskizun izan ziren, 2.791 ikuslerekin.

Garbiketan ahalegina bikoiztu da

Jaien egunetan bereziki probatzen den zerbitzuetako bat hiriko garbiketarena eta hondakinen kudeaketarena da. Abuztuaren 4tik 9ra zerbitzuak ahaleginak bikoitzen ditu, eta une batzuk bereziki lan handikoak izaten dira, esaterako, Zeledonen jaitsiera, Egunsentiko Arrosarioa edo barrakak edo txosnak bezalako eremuen eguneroko garbiketa.

Alkateak oso modu positiboan baloratu du “udaleko teknikarien emaitza eta ahalegina, UTE Prezero-Onaindiako langileena, Egibideko boluntarioen funtsezko uneetako inplikazioa eta herritarren geroz eta kontzientzia handiagoa. Jaietako talde bereziak, kontrata berriarekin izandako lehenengoak, oso ondo funtzionatu du”.

Egun horietan egin beharreko ahalegina islatzen duen datu bat: Gasteizek 2.652.000 litro ur eta disolbatzaileak eta koipegabetzaileak bezalako 833 kilo produktu erabili ditu kaleak garbi izateko.

Zalantzarik gabe, 4ean Zeledonen jaitsieran eta ondoren Egunsentiko Arrosariora arte dauden ekitaldietan zehar jarduten duen taldearen lana da zailena, sortzen den hondakin kopuruagatik eta egiteko dagoen presagatik. Hala ere, primeran funtzionatzen du. Zeledonen jaitsieran 2.620 kilo hondakin jaso ziren guztira eta birziklatu egingo dira.

Andre Mari Zuriaren jaietan, 952.930 kilo hondakin eta elementu birziklagarri jaso dira jaietako egun guztietan. Alkateak bideo batean erakutsi ditu jai hauetako unerik berezienak.

Biztanleria kontzientziatuago dago indarkeria matxistarekin

Alkateak nabarmendu nahi izan du herritarrek geroz eta kontzientziazio handiagoa dutela indarkeria matxistaren aurka. Bi eraso homofobo eta sei ziztada izan diren arren, eta emakumeen indarkeriak egunerokoan presente jarraitzen duen arren, jai hauetan ez da ia jazoerarik izan. Geroz eta gehiago gara giza eskubideen aurka egiten duten jokabide eta portaerak normalizatzearen aurka ahotsa altxatzen dugunak, baina guztion artean abusu-ekintza horiek agerian jartzen jarraitu behar dugu, eta intsinuazio edo keinu matxista edo homofoborik txikiena pasatzen ez utzi”.

Online edota offline libre izan nonahi. Celebra, actúa y responde” lelopean, jaietako prebentzio-kanpaina beste urte batez indarkeria matxistaren inguruko informazio-puntuan gauzatu da, Udaltzaingoarekin, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuarekin eta Ikusgune-Gasteizko LGTBI+fbiaren aurkako Behatokiarekin batera. Aurtengo berrikuntza izan da standean mugikorrak kargatzeko 8 puntu izan direla.

Guztira, 1.350 pertsona joan dira bertara, gehienak materialen inguruan, ziztaden aurrean jarduteko protokoloaren inguruan eta erasoen aurrean nola jokatu jakiteko interesa zuten neska gazteen taldeak izan dira. Bertara joaten diren mutilek interesa adierazten dute eta indarkeria matxistaren aurrean jarduteko beharra aitortzen dute. Nabarmentzekoa da standera etortzen diren pertsonek duten kontzientziazio-maila, askok urte osoan zehar hartzen dute parte programan. Halaber, nabarmendu behar da beste autonomia-erkidego batzuetako pertsonek interesa erakutsi dutela eta haien udalerrietan antzeko baliabidea jarri nahi dutela.

Standaz gain, aurten, informatzeko eta prebenitzeko kanpaina bat egin da hiriko tabernekin eta establezimenduekin batera, eta hortik abiatuta, elkarlanean arituko gara urte osoan zehar.

BEI, jaietan gehien hazi den TUVISAren linea

Pandemiaren ondoren orokorra izan da garraio publikoaren erabileraren jaitsiera. Horrek, argi eta garbi, eragina izan du TUVISA garraioen udal-enpresak erregistratutako erabilera-datuetan. Hala, egun hauetan 173.799 pertsonak erabili dituzte hiri-autobusak, 2019an baino % 17,86 gutxiagok. Kontuan izan behar da, 2019arekin alderatuta, abuztuaren lehenengo egunetan erabilera % 30 baxuagoa izan zela; uztailean, berriz, % 25 baxuagoa. Hortaz, esan liteke bidaiariek berriz ere TUVISAren aldeko apustua egiteko balio izan dutela Andre Maria Zuriaren jaiek.

2019arekin alderatuta, BEI linean bakarrik egin du gora erabilerak; 36.305 bidaiari izan ditu linea horrek, 2019an baino % 8,15 gehiago (orduan 33.570 bidaia zenbatu ziren 2A eta 2B lineetan). Autobus Elektriko Adimendunak zerbitzu ona eskaintzen du jai eremura gerturatzeko, eta hori da datu hori interpretatzeko gakoetako bat.

Abuztuaren 4an izan zuen erabilera handiena TUVISAren zerbitzuak; egun horretan, guztira, 35.963 pertsona garraiatu zituen. Gautxorian, bestalde, 18.130 erabilpen erregistratu dira. Eskatutako geldialdiei dagokienez, 249 aldiz eskatu dira; horietatik 216, emakumeek.

Osasun Publikoa

Osasun Publikoaren zerbitzuak elikagaien zaintza higieniko-sanitarioko jarduketak egin ditu aurten ere. Hala, gastronomiarekin lotutako bide publikoko ekitaldiak, jai esparruko eta txosnetako aldi baterako elikagai-establezimenduak eta ostalaritza-establezimenduak ikuskatu ditu.

Bide publikoko ekitaldiei dagokienez, honakoetan egin dira kontrolak: Santiagoko nekazaritza-azokan, azoka arabiarrean, blusen eta nesken herri-bazkarian, ganba jate herrikoian eta txokolate janean. Jai esparruaren barruan, 16 instalaziori egin diete bisita (4 txurro-dena, 2 jatetxe, 3 postu –ozpinetakoak, fruitu lehorrak eta patata frijituak–, 1 izozki-denda, 2 patata erreen postu, 1 food truck, 1 kebab, 1 koktel eta janari mexikarraren postu, eta 1 arto errearen postu). 22 lagin jaso dira guztira. Txosnetara ere egin ziren bisita higieniko-sanitarioak. Bestetik, ostalaritza establezimenduetara 50 bisita egin ziren guztira.

Alkoholari buruzko informazio-puntua eta prebentziozko alkoholemiak

Abuztuaren 4, 5, 6 eta 7an informazio-karpak jarri zituzten Loma Jeneralaren plazan, Posta kalearen izkinan, 23:30etik 03:00etara. Karpa horietan, alkoholaren kontsumoak dituen arriskuen gaineko informazioa eskaini zuten. Era berean, prebentziozko alkoholemiak egin zizkieten hala eskatu zuten pertsona guztiei.

Lau egunetan egindako alkoholemietan honako emaitzak eskuratu ziren: guztira 765 pertsona artatu zituzten; horietatik 463k positibo eman zuten, eta 277k negatibo. 25 pertsonak informazioa bakarrik eskuratu zuten.

“Testing” lana ere egin zuten, Ai Laket elkartearen bidez. Buruileria plazan eta txosnagunean egin zituzten jarduketak, eta 264 pertsona artatu zituzten.

Halaber, kontzientziazio-ekintzak egin zituzten gazteek alkohola kontsumitzen duten espazio publikoetan. Egitasmo horren bidez, 98 kuadrillarekin jarri ziren harremanetan; 405 mutilek, 216 neskak eta 2 pertsona ez binariok osatzen zituzten kuadrilla horiek.

Sorospen-baliabidea

Andre Maria Zuriaren jaietan zehar 173 pertsona artatu dituzte jende gehien ibiltzen den jai-espazioetan jarritako baliabide sanitario anitzetan. Sorospenen % 29 zaurien eta hainbat motatako lesioen ondorioz izan dira, eta % 6,5 intoxikazio alkoholikoen eraginez.

Hiritarren segurtasuna

Oraingo honetan ere, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak dispositibo bateratua garatu dute Andre Maria Zuriaren jaietan zehar segurtasuna bermatzeko. Jaiek iraun duten 6 egunetan zehar, bi polizia-kidegoek 538 salaketa tramitatu dituzte eta 47 pertsona atxilotu. Atxiloketen % 45 genero-indarkeriagatik eta etxeko indarkeriagatik izan dira, eta egoera horien gaineko 31 salaketa erregistratu dira.

Tramitatutako beste salaketa batzuei dagokienez, 3 ziztadengatik izan dira; hiru salaketa horiek Ertzaintzaren aurrean aurkeztu dituzte. Beste 302 salaketa, berriz, telefono mugikorrak (211) eta diru-zorroak (91) lapurtzeagatik izan dira. Era berean, sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituen 3 salaketa ere jasotzen ditu jaien balantzeak.

Turismoa

Bestetik, udal lantalde teknikoak jasotako datuen arabera, Andre Maria Zuriaren jaietan zehar 2.184 pertsonari eman diete arreta Turismo Bulegoan. Astelehenean  etorri zen jende gehien, hilaren 8an; 484 pertsona artatu zituzten egun horretan. Hurrengoak osteguna, hilak 4 ,(408) eta ostirala, hilak 5, (382 pertsona) izan ziren.

Estatutik etorritakoen jatorriari dagokionez, EAE dago buruan (% 23,17), eta hurrengoak Katalunia (% 14,84) eta Valentziako Erkidegoa (% 12,09) dira.

Nabarmentzekoa da areagotu egin dela atzerriko herrialdeetatik etorritako bisitarien kopurua: % 17,54. 2019an % 9,93 izan ziren. Igoera % 7,61ekoa izan da. Jatorri nabarmenenak Frantzia (% 8,79), Italia (% 2,52) eta Belgika (% 1,24) izan dira. Udalak, Arabako Aldundiarekin batera, berariazko kanpainak egin ditu aurten Gasteiz herrialde horietan sustatzeko.