Tapia: «Eusko Jaurlaritzak ostiral honetan partekatuko du Euskadiko Kontingentzia Energetikoaren Planaren lehen zirriborroa, ekarpen guztiei irekia»

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak egun-eguneko gaiak aztertu ditu Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, eta honako gai hauek nabarmendu ditu:

Energia aurrezteko neurriak

Dagokiguna da buru-belarri lan egitea gure energia-kontsumoa eta, batez ere, gas-kontsumoa murrizteko. Negu gogorra espero dugunez, adostasunez lan egin behar dugu.

Energia aurrezteko neurriei buruzko Errege Dekretuak gai oso zehatz batzuk baino ez ditu aipatzen. Egia da klimatizazioa garrantzitsua dela eta aire girotuaren eta berokuntzaren mailek eragina dutela aurrezteko orduan, baina baita mugikortasunak, urak eta hondakinek ere. Lege-dekretuak horren guztiaren zati txiki bat jorratzen du. Askoz esparru gehiago hartu behar dira.

Euskadik berrogei urte daramatza energia aurrezteko neurriak arrakastaz lantzen, eta orain gauza bera egiten ari gara energiaren % 50 gutxiagorekin. Biztanle bakoitzeko ur-kontsumoa ere murriztu dugu. Asko aurreratu dugu, baina jarduera gehiago egin behar dira, eta horretarako da gure Kontingentzia Plana.

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Kontingentzia Planaren lehen zirriborroa partekatuko du ostiral honetan. Eusko Jaurlaritzako sail guztien, foru-aldundien eta Eudelen ekarpenak jasotzeko proposamen irekia izango da. Ministerioetara eta industria-sektorera bidaliko dugu, azter dezaten eta hobetzeko proposamenak egin diezazkiguten.

Zehapenak

Ez dut uste zigorrik behar denik. Beti behartzen gaituen elementu bat da, baina Euskadin gure konpromisoa erakutsi dugu, eta inolako zigorrik gabe lortu ditugu lorpenak. Kasu honetan, neurri pizgarriak askoz ere garrantzitsuagoak izan daitezke zehatzeko neurriak baino.

Jakin behar dugu denok murriztu behar dugula gure kontsumoa, energiaz gain fakturetan aurreztu egingo dugulako.

Errege Lege Dekretu hori modu sentikor eta malguan aplikatu behar dugu.

Ekonomia

Ez daukat kristalezko bola, baina negua gogorra izan daiteke, kontuan hartuta lehengaiak garestitu egin direla, hornidura-kateak apurtuta daudela, inflazio oso handia dugula, itsasontzietan gas natural likidotua iristen dela, baina Errusiak edozein unetan eta edozein aitzakiarekin hornidura itxi dezakeela, eta hori % 20ra murriztu dela. Espero dezagun ez asmatzea eta negua hain gogorra ez izatea, baina ezin dugu esan mahai gainean zalantza horiek ez daudenik.

Europar Batasunak elkartasuna eta erantzukizuna eskatzen digu. Ez gara uharte bat eta guk ekoizteko adina gas izan dezakegu, baina Alemaniak gelditzen bada, zuzenean eragingo digu. Munduko ziurgabetasuna garrantzitsua da.