Eusko Jaurlaritzak administrazioentzako, enpresentzako eta gizartearentzako neurriak biltzen dituen Kontingentzia Energetikoaren Planaren proposamena aurkeztu eta kontrastatuko du

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak aurkeztu du Euskadiko Kontingentzia Energetikoaren Planaren lehen zirriborroa, dokumentu bizia eta gainerako erakundeek eta industria-sektoreak egin ditzaketen ekarpenei irekia.

Dokumentua Eusko Jaurlaritzako sail guztiei, foru aldundiei, Eudeli, Eusko Legebiltzarreko Jasangarritasun eta Ingurumen Batzordeari, Industria Abagunearen Behatokia osatzen duten klusterrei eta Confebaski bidali zaie.

Helburua da alderdi bakoitzak aztertzea eta abuztuaren 25era arte sar daitezkeen iradokizunak helaraztea, Espainiak irailean Europako Batzordeari bidaliko dion Kontingentzia Planean kontuan har daitezen.

Aurkeztutako lanak administrazioetan, enpresan eta gizartean energia aurrezteko neurriak biltzen ditu, eta Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako eta Industria, Merkataritza eta Turismoko Ministerioetara ere bidali da. Helburua da bi taldeekin partekatzea lehen proposamen hori, eta, hala iritziz gero, Espainiak Bruselara bidaliko duen plana inspiratzea, edo aintzat har daitezkeen ekarpenak biltzea.

Planaren zirriborroak Europako eta Estatuko gidalerroei erantzuten die, eta jarduketen ibilbide-orri bat eskaintzen du epe labur, ertain eta luzera; izan ere, energia-krisia duela hilabete batzuetatik ari da argi eta garbi eragiten Europan, eta ziur asko 2022aren amaieran eta 2023an areagotu egingo da.

Arantxa Tapia sailburuak azpimarratu duenez, dokumentu hau lan-abiapuntua da, eta, alde batetik, aberastu eta egokitu egin beharko da esku hartzen dituen eremuen errealitatera, eta, bestetik, datorren udazkenean eta neguan gerta daitezkeen eskakizunetara.

Laguntza-programak, energia garbiko proiektuak eta kontingentziarako sentsibilizazio handia Euskadin

Lehen zirriborro hori sei ataletan antolatu da:

    1. Europako energia-testuinguruari eta horrek Euskadin duen eraginari buruzko sarrera.

Atal horren ondorioetako baten arabera, «Save gas for a safe winter» ekimen europarraren arabera, 2022ko abuztuaren 1etik 2023ko martxoaren 31ra bitartean, Euskadik 3.250 GWh (0,25 bcm) murriztu beharko lituzke, % -15eko egoeraren kasuan, eta 1.520 GWh (0,12 bcm) % -7ren egoeraren kasuan.

Planteatutako helburua lortu nahi bada, eta Euskadiko gas-eskariaren egitura kontuan hartuta, gas naturalaren kontsumoaren murrizketaren zati handi batek industria-sektoreari eragin beharko lioke, eta esparru horretan eragiten du EAEko Kontingentzia Planak.

2. Bigarren atal bat, administrazioei, industriari eta herritarrei zuzendutako energia murrizteko laguntza-programak jasotzen dituena, kontingentzia-ezkuturik onena, hain zuzen ere, laguntza-programa horiek indartzea delakoan, aipatutako hiru eremuetan aplikatzeko eta zabaltzeko

Indarrean dauden 17 laguntza-programa jasotzen dira guztira. Horietako asko indartu egin dira, azken hilabetean, Europak lortu nahi duen helburuan modu zuzenagoan eragin ahal izateko.

Gainera, bost eranskin ditu

I.eranskina. Benchmarcking europarra. Lehenengoan, –benchmarcking- ikerketa bat dago, Europar Batasuneko estatuetan aktibatu diren neurri nabarmenenak biltzen dituena. Azterketa horretan, estatu kideek energia aurrezteari, neurri ekonomikoei eta energia-hornidurako jarduketei buruz hartutako neurrien tipologia kontrastatzen da. Hiru eremu horietan Euskadik dagoeneko jardun du dagokion dimentsioan.

II. eranskina. Administrazioa. Bigarren eranskinean, administrazioari buruzkoan, instrukzio-proposamena aurki daiteke, toki-erakundeek osa dezaten eta konpromisotzat har dezaten.

III. eta IV. eranskinak. Enpresak eta herritarrak. III eta IV. eranskinek enpresentzako eta herritarrentzako orientabideak eta gomendioak jasotzen dituzte, sentsibilizazio- eta dibulgazio-ikuspegitik. Eranskin horietan jasotzen da, nolanahi ere, Espainiako Gobernuaren abuztuaren 1eko Errege Lege Dekretua nahitaezkoa dela, eta, aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legea hartzen da erreferentziatzat.

V. eranskina. Energia garbien proiektuak. Bosgarren eranskinak zehazten ditu Eusko Jaurlaritzak, EEEren bidez, energiaren eta ekonomiaren deskarbonizazioaren arloan bultzatzen dituen industria-proiektu nagusiak.

Laguntzak eta euskarri teknikoa tokiko erakundeetan

Laguntza-programez gain, kontingentzia-planak Euskadiko udalerriei laguntza teknikoa emateko ekimen berria aurreikusten du, trantsizio energetikoan eta klimatikoan zailtasunak baitituzte 2019ko Jasangarritasun Energetikoaren Legean eskatutako auditoria energetikoa egiteko garaian.

EEEko eta IHOBEko taldeek babestutako ekimena da. Horren bidez, gaitasunak sortzeko eta bere zerbitzura dauden zuzeneko laguntzen tresnak kudeatzeko laguntza teknikoa emango da, eta Lanbideren eta Novia Salcedoren laguntza izango du, udalen eskura egongo diren giza baliabideak aktibatzeko.

Euskadi, Europarekin lerrokatuta

Energiaren Euskal Erakundeak EBko estatuetan hartutako erabakien azterketa egin du (I. eranskina). 11 herrialde dira, 37 neurri batzen dituztenak, eta horietatik 10ek gas naturalari egiten diote erreferentzia zuzena. Energia aurrezteko neurriak, neurri ekonomikoak eta energia hornitzekoak dira, honako hauetan oinarrituta: inbertsioa, ohiturak aldatzea, fiskalitatea, araudia/erregulazioa eta zuzeneko laguntzak.

Ildo horretan, nabarmentzekoa da energia-krisiaren testuinguruan Euskadin hartutako neurriak bat datozela Europan hartutakoekin.

    • Inbertsioa
    • Bilboko portuan bigarren gas-kargalekua baimenduko da, EAJren taldeak Kongresuan planteatutako ekimen baten ondorioz.
    • Aurrezten eta deskarbonizatzen lagunduko duten proiektu estrategikoak bultzatzeko aurreikusitako inbertsioak bizkortzea erabaki da*
    • Fiskalitatea
    • Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien arteko akordioa, inflazioaren ondorioak arintzeko zerga-neurriei buruzkoa, 250 milioi euroko ahalegin fiskala dakarrena.
    • Araudia/Plangintza
    • Gobernu Kontseiluaren akordioa, energia sortzeko proiektu jakin batzuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa izapidetzeko epeak arintzeko. Akordioa martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretuan xedatutakoaren barruan dago.
    • Onartzea Euskadiko Mugikortasun Elektrikoko Plana, Trantsizio Energetikoaren eta Trantsizio Digitalaren testuinguruan kokatzen dena.

Zuzeneko laguntzak

    • Gas naturalaren prezio altuek eragindako industria-sektoreko enpresentzako laguntza-programa
    • Zuzeneko laguntzak gas-kontsumo intentsiboa duen industriarako
    • Turismo-enpresen energia-eraginkortasuneko proiektuetarako laguntza-programa.
    • Industria-sektorerako Eraginkortasun Energetikoaren Programan enpresa bakoitzeko laguntzaren gehieneko zenbatekoa handitzea, laguntzaren gehieneko muga 2 milioitik 6 milioira handituz.
    • Moves III Plana: aurrekontua 16.557.699,35 handitzea; Kontrol Ekonomikoko Bulegoan izapidetzen ari da.
    • Autokontsumorako laguntza-programa: 2022/07/26 EHAAn argitaratu da aurrekontua handitzea (32,2M €MRR funtsak + 20M €EVE funtsak).
    • Ohiturak aldatzea

700.000 eurotik gorako inbertsioa sentsibilizazio-kanpainetarako, kanpainak abuztutik udazkenera bitartean egingo dira.

    • URAren sentsibilizazio-kanpaina abuztuan eta irailean
    • EEEren sentsibilizatzeko kanpaina, abuztuan/udazkenean eta neguan
    • Sailaren sentsibilizazio-kanpaina, abuztuan/udazkenean eta neguan
    • Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren energia aurrezteari buruzko sentsibilizazio-kanpaina

* Kontingentzia Planaren 5. eranskinean jasotako proiektuen zerrenda

Ondorioa

Gaur ezagutzera eman den proposamenaren zirriborroa abiapuntu bat da eragile publiko eta pribatuen parte-hartzearekin osatzeko.

Gaurtik jarduteko beharrak eta “uda honetan negura aurreratu beharrak”, termostatoen edo argiztapenaren kudeaketari lotutako neurriekin, ezin dute gure epe ertain-luzeko egitura-estrategia geldiarazi.

Etorkizun eraginkorragoa eta energetikoki dependentzia gutxiagokoa behar da Euskadirentzat. Energia alternatiboak sortzearen aldeko apustuak eta industria-sarea eta zientzia eta teknologiako sarea inplikatuko dituzten proiektu eraldatzaileak abiarazteak inoiz baino zentzu handiagoa hartzen du, energiaren eremuan ardaztutako I+G politikekin.

Euskal enpresentzako laguntzen estrategiaren ezaugarri nagusia energiaren esparrua lehenestea da, I+G+Bko programen bidez, eta eraginkortasunaren aldeko apustuan eta energia garbien erabilera eta sorkuntzan askotariko jardueretarako laguntzen bidez.

Ildo horretan, planteatzen da 2023ko aurrekontu eta programetan eraginkortasuna eta jasangarritasuna nagusi izatea .