Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailak, Emakunderen bitartez, 80.000 eskola-agenda baino gehiago banatuko ditu iraileko lehen egunetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ziklo osoko ikasleen artean. Agenden helburua da neskak eta mutilak sentsibilizatzea emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde eta errespetuan, autonomian eta aukeratzeko askatasunean oinarritutako harremanen alde, rol eta estereotipo sexistak alde batera utzita. Horrela, ekintza hau bat dator Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planean jasotako balio aldaketa lantzeko ardatzarekin. Bertan jasotzen da ikastetxeak gune garrantzitsuak direla sentsibilizaziorako, neskak eta gazteak berdintasunaren aldekoak izateko giltzarri baitira.
2022-2023 eskola-agendak berdintasunarekin eta pertsona guztiekiko errespetuarekin lotutako eguneroko egoeretan eragiten duten mezuak biltzen ditu. Helarazten diren mezuak honakoak dira, besteak beste: bizitza proiektuak aukeratzeko askatasuna, nesken gauzak eta mutilen gauzak daudela ezartzen duten estereotipoak desagerrarazteko beharra, zaintzak pertsona guztien bizitzan duen garrantzia eta zaintza lanak banatzeko beharra, aniztasunaren errespetua (sexua, arraza, baldintza fisikoak…), pertsonen autonomia indartzea, gorputz perfektuen tirania salatzea, auto-estimuaren eta ahalduntzea bultzatzeko beharra, neska ala mutil izan sentimenduak adierazteko beharra, neska eta mutilen arteko adiskidetzea eta enpatia haien harremanetan, edota emakumeek historian zehar egin dituzten ekarpenak goraipatzea. Hauekin batera, agendaren bitartez ekainaren 15ean aurkeztu zen Berdintasunaren eta Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri-Itunaren hamar puntuak hedatzen dira. Erakundeak eta herritarrak Emakunderen webgunearen bidez atxiki daitezke itun horretara.