Uda amaitzeko, Gasteizek lehen mailako hainbat ekitaldi egingo ditu eta horiekin Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Vital Fundazioak Europako Hiriburu Berdearen izendapenaren X. urteurrena ospatuko dute irailean eta urrian. Gorka Urtaran alkateak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako sailburuak, eta Jon Urresti, Vital Fundazioko presidenteak gaur goizean aurkeztu dituzte egitarauaren ildo handiak. Proposamen teknikoen, profesionalen topaketen eta hitzordu ludiko eta entretenimenduzkoen bidez herritarrekin Estatuko Green Capital bakarraren etorkizuneko estrategia partekatzea da xedea.
Alkateak oraingo erronka partekatzeak duen garrantzia nabarmendu du. Erronka hori ““Gasteizko ingurumen-politikek izan duten arrakasta arlo sozialera zabaltzea da, gure ongizaterako, eta batez ere arlo ekonomikora, ekonomia berdea sustatzeko. Hiri berdetik ekonomia berderako trantsizio l hori Europako superhirietan, oinarritzen den hiri-ereduarekin egiten dugu. Superhiriak dira ondo konektatuta daudenak, zerbitzu publiko onak dituztenak eta ingurumenaren eta lehiakortasun ekonomikoaren arloan nabarmentzeko gai direnak”.. Gorka Urtaranek “guztiok batzen gaituen harrotasun hori” baloratu du, herritar guztiok errekonozituta sentitzen garenekoa.. Titulu hori , gainera, aitortza izan da eta Gasteizko jasangarritasun-politikentzako bultzada handia, baita, ondorioz, Arabako eta Euskadikoentzat ere. Europako Hiriburu Berdea izateak ekarri du hiriburua erreferentea izatea jasangarritasunaren arloan Estatuan eta Europan. Horrek marka jasangarri hori gure mugetatik kanpo esportatzea ahalbidetu du. 10 urteren ondoren, Gasteizek Estaturako eta nazioarterako eredu izaten jarraitzen du eta deskarbonizazioaren erronkan Europako beste hiri batzuentzako itsas-argia da”.
Bestalde, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako sailburuak nabarmendu du Euskadiko hiriburuak Itun Berdean duen lidergoa. “Etxean eta munduan ahotsa altxatzen dugu garapen inklusibo eta jasangarriaren alde. Europako Itun Berdearekin bat egin dugu gure bide-orri propioa erabilita, Euskadiko Itun Berdea”. Gainera, honako hau nabarmendu du: “iraultza berri batean gaude, eta elkarren artean lotuta dauden hiru ardatzetan ardazten da: energetikoa eta klimatikoa, digitala eta sozio-sanitarioa. Iraultza hori subjektu aktibo gisa gidatu eta protagonizatzen ez badugu, egin egingo digute eta aukeratzeko erabakirik gabe eramango gaituzte”. Gasteiz buru izanik, Euskadik aldaketaren protagonista izateko hautua egin du.
Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak nabarmendu du: “duela hamar urte Gasteiz Green Capital izendatzea ez da gauza puntuala izan, hamarkada honetan urratsak eta aurrerapenak egin dira ingurumenaren kontzientziazioan. Lurralde eta hiriburu orekatuagoa eta jasangarriagoa lortzeko erabakietan ere aurrera egin dugu, NBEren 2030erako Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuei jarraituz. Halaber, sari horrek balio izan du eta balio du sustatzeko eta lurralde osoari nazioartean aitortza egiteko. Era berean, Arabako beste udalerri batzuentzat lagungarria da adibide eta estimulu gisa, modu neurritsuagoan, baina ez garrantzi gutxiagorekin, ekimen berdeak egiteko bidea hartzeko”.
Jon Urresti Vital Fundazioen presidenteak hau nabarmendu nahi izan du: “gasteiztarrek duela hamarkadetatik green kontzientzia handia dute haien jarduketetan eta eguneroko bizitzan, eta izugarrizko errespetua dute jasangarritasunarekiko eta arlo guztietan dituen ondorio positiboekiko zein gure natur-ondarearekiko. Hori gure hiriaren marka eta Arabako hiriburuaren ardatz bihurtu da. Horregatik, bat egiten dugu urteurren honekin eta herritar guztiei jarduera ludikoak eta entretenigarriak eskainiko dizkiegu kalean. Halaber, izaera hezitzailea eta sentsibilizatzailea ere izango dute, familientzat batez ere. Urteurren hau ingurumenarekiko konpromisoaren lekukoa da, eta ziur nago Gasteizerako mugarri berriak lortzen jarraituko duela”.
Hiri ‘makerrak’
Gasteizko herritar guztientzako egitaraua irailaren 14an hasiko da Herritarren Dialogoak ekimenarekin. Formatu desberdinetako ekitaldien programa izango da, publiko guztientzat, eta pertsonek hiriaren garapenaren inguruan duten ikuspegia partekatu ahal izango dute. Bi astetan zehar, Europa jauregian, Gasteizko kaleetan, Santa Luzia skate parkean eta Montehermoso jauregian, besteak beste, dozenaka ekimen izango dira herritarrekin, enpresen sektorearekin, ekintzaileekin, ikasleekin, kazetariekin, elkarteekin eta hiriko erakundeekin “hitz egiteko”.
Garapen jasangarrian, ekonomia zirkularrean, mugikortasun jasangarrian eta hirigintzan lehen mailako ahotsak diren pertsonekin hitzaldiak; adituek egindako hiriko martxa, hirian GJHen garapena ezagutzeko; enpresekin topaketa eta ekintzailetza Lego Serious Play modura; “Erronka zirkularra”; topaketa komunikabideekin, Hiriko Game Changers eta zikloa ixteko ekitaldi berezia izango dira, besteak beste, Dialogoen programaren barruan, irailaren 14tik 28ra.
Herritarren Dialogoen lekua hartuko du ostegunean eta ostiralean, irailaren 29an eta 30ean Hiri Eredu Jasangarrien inguruko Goi Bilerak, Europa Jauregian. Kirsten Dunlop Klimaren Berrikuntza eta Ezagutzarako Europako Komunitateko zuzendariaren mailako hizlariak izango dira; edo Mercedes Maroto Erresuma Batuko Deskarbonizazio Industrialeko Ikerketa eta Berrikuntza Zentroko zuzendaria. Programa ekonomiaren-enpresen inguruko hainbat mahai-ingururekin osatuko da: Deskarbonizazioa eta trantsizio energetikoa, energia berriztagarriak ezartzeko erronkak edo hidrogenoari lotutako aukerak planteatuko dira; elikadura jasangarria, kalitatezko tokiko produktuen garrantzia, osasuna, edo elikagaien xahubidea aztertuko dira; eta etorkizuneko mugikortasuna, ibilgailuen edo trenen sektorearen inguruko erronkak edo ibilgailu berrietako bateria berrien aukerak jorratuko dira. Guztietan enpresen adibideak aurkeztuko dituzte, azken urteetan egindako ibilbide garrantzitsuan sakondu ahal izateko eta Euskadiko ekonomiaren ehundura Basque Green Deal estrategiaren pean garatzen ari den joeren eta etorkizuneko erronken inguruan lan egin ahal izateko.
Goi-bilerarekin batera, irailaren 24tik urriaren 2ra Europa Biltzar Jauregiko Green Aretoan “Zirkularrak-Circulares” erakusketa egongo da. Ihobe sozietate publikoak sustatuko du eta industriako 10 sektoretako (elikadura, automobilgintza, elektriko-elektronikoa, makinak, eraikuntzarako materialak, metala, altzariak, mugikortasuna, kontsumorako produktuak, kimikoa) Euskadiko enpresek bizi-zikloaren eta ekonomia zirkularraren azterketen metodologiarekin fabrikatutako ehunka produktu bilduko ditu.
Produktu horiek inpaktuaren murrizketan eta materialen berreskurapenean duten ingurumen-balioa ezagutzeko, ASTEKLIMA 2022rekin batera egingo da, Euskadiko Klimaren eta Energiaren astearekin. Publiko guztientzako hainbat jarduera daude aurreikusita, ikasleentzako tailerretatik hasi eta bisita gidatuetaraino, herritarrak ekonomia zirkularraren printzipioetara hurbiltzeko asmoz. Halaber, publiko profesionalak bi jardunaldi tekniko izango ditu, Ekoberrikuntza zirkularra Euskadin: plastikoaren sektoreko kasu praktikoak (irailak 29) eta ondare naturalean ekintza klimatikorako instrumentuak (irailak 30).
Gainera, urrian Eusko Jaurlaritza-Ihobek eta Gasteizko Udalak sustatutako Basque Circular HUB zentro berria inauguratuko dute. Ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen zentroa izango da. Arabako hiriburuan izango du adituen zentro berriak egoitza eta gazteei eta enpresei ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuak eskainiko dizkie.
Egun hauetan zehar Ingurumen Ikasketen Zentroa prestatzen ari den argitalpena ere ezagutaraziko dute. Lan horrek jasotzen du hamarkada honek zer eragin izan duen hiriaren historian.
Gainera, Gasteizen bestelako ekitaldiak ere izango dira, gazteen laguntzarekin. X. urteurreneko ekintzen barruan, udalak gazteen lantaldea sortzea sustatu du eta erronken inguruan eztabaidatzen eta ingurumeneko jasangarritasuna sustatzeko ekintzak diseinatzen ari da, hala nola “ahaztuta” dauden hiri-eremuak berreskuratzea eta berdatzea; hiriko toki jakin batzuetan gaika birziklatzeko edukiontziak jartzea; beste gazte batzuk sentsibilizatzea sare sozialen bidez; eta garraio jasangarria erabiltzeko ekintzak besteak beste. Udalak proposamen horiek finantzatuko ditu.
Vital Fundazioak ere bat egingo du hamargarren urteurrenarekin, eta publiko guztientzat diseinatutako jardueren egitaraua izango du, familientzat batez ere. Irailaren 24an, larunbat arratsaldean, Andre Mari Zuriaren plazan ‘Txiki Rock’, kontzertua izango da. Ekitaldi horretan helduek gazteak zirela entzuten zituzten abestiak oroituko dituzte eta txikienak rock munduan sartuko dira, animazio eta dantza askorekin.
25ean, igandean, Vital Fundazioak Gasteiz beteko du familientzako 10 ekitaldirekin. Green Capitalen balioen inguruan izango dira, hala nola mugikortasunaren, birziklapenaren edo bizi osasungarriaren inguruan. Hala, ‘green triangelua’ osatuko da Andre Mari Zuriaren, Probintzia plazaren eta Florida parkearen artean. Horietan green trizikloak, ‘birziklatu jauzi batean’, 7d zinema, eraztun berdearen inguruko kermesse V-G, material birziklatuaren dimentsio handiko jolasak, txiki green, herri kirolak, minigolfa eta pelukeria eroa eta makillajea izango dira. Bizikletan egiteko ‘green tourrak’ jardueren hiru puntuak elkartuko ditu, eta horrekin osatuko da jardueren eskaintza.
Urriaren 7an, hainbat erakunde publiko eta pribatuk, Mercedes Benz eta Michelin enpresak buru direla, ekonomiaren deskarbonizazioaren inplikazioei buruzko ikuspegiak kontrastatuko dituzte, baita Arabako enpresek eta gizarteak erronka horren inguruan ahalik eta jarrera onena nola har dezaketen ere. Jardunaldia Europa jauregian izango da.
ZAZen kontzertua Foruen plazan
Zaz abeslariak amaiera bikaina emango die ekitaldi guztiei, urriaren 7an Foruen plazan izango baita “Organique Tour” aurkezten. Doako kontzertu horretan, abeslari frantsesak bere estilo arrakastatsua aurkeztuko du Europan egiten ari den bira betean. Abesti frantsesak eta gypsy jazz uztartzen ditu. Nazioartean ezagun egin zen ‘Je veux’ (2010) abestiarekin eta mundu osoan 3 milioi eta erdi kopia baino gehiago saltzea lortu du. Bere musika-eraginen artean daude Antonio Vivaldi, Ella Fitzgerald, Bobby McFerrin eta Richard Bona, eta erritmo afro eta latinoamerikar ugari.
ZAZen aurretik Omago taldea arituko da. Hainbat taldetan ibilitako Uribe Kostako eta Bilboko musikariek osatutako taldea da, nahiz eta aurreko proiektuetan elkarrekin aritu diren, esaterako, The Great Barrier-en Proiektu berri onek pop-rocka eta folka uztartzen ditu.
Taupada berdeak Floridan
Floridako parkean eta Katedral Berriko lorategietan egingo den ikus-entzunezko ikuskizun batek itxiko du ospakizunen urtea, oso proposamen originalarekin, urriaren 21ean eta 22an, hainbat emanalditan, euskaraz zein gaztelaniaz.