Kartelaren irudiaren erabateko protagonista lorez zipriztindutako dantza-zapata da. Loreek, irudi osoan zehar zabaltzen direnak, tablaoen eta peña flamenkoen ezaugarri diren eneazko aulkien dekoraziora gogorarazten dute. Proposamen sendoa eta kolorez betea, hazten ari diren artistak eta finkatuta dauden figurak konbinatu nahi dituen jaialdiaren espiritu berritzailea jasotzen duena.
Lehen aldia da Barakaldo Antzokiak bere flamenko jaialdi sustraituaren irudia sortzeko enkargua artista bati egiten diona. Amaia del Campok, Barakaldoko alkateak, eta Ana López Asensiok, Barakaldoko Antzokiko zuzendariak, Ane Pikazak sortutako irudia aurkeztu dute gaur goizean. Ane Pikazak besteak beste Donostiako Jazzaldia, Zinegoak edo Durangoko Azokarako kartelak egin ditu. «Ostiral Flamenkoak gure udalerrian osperik eta arrakastarik handienetakoa duen jaialdietako bat da, eta neurri honetako artista batek egindako kartel bat izateak are ospe handiagoa eskaintzen dio; gainera obra sortzeko aukera ematea sortzaile plastikoen jarduera artistikoa laguntzeko beste modu bat da. Sinergia hori oso interesgarria iruditzen zaigu», adierazi du Del Campo alkateak, eta aurreratu du laster emango dela ezagutzera jaialdiaren programazio zehatza.
Pikaza Arte Ederretan lizentziaduna eta Arte Dramatikoan diplomaduna da, eta ilustratzaile, aktore eta kultura-kudeatzaile lanak uztartzen ditu.
Jaialdietarako, erakusketetarako, liburuen azaletarako eta aldizkarietarako kartelgintza-lanez gain, Azkuna Zentroaren Fatxada proiektua eta Vetusta Morlaren Los ríos de Alice bideo-jokoa egin ditu.
Aktore gisa egindako lanen artean Lara Izaguirreren Nora film luzean egindako lana nabarmentzen da. Gaur egun La Dramática Errante, Maria Goiricelayarekin batera sortutako konpainiaren, Yerma eta Altsasu elenkoan dago, eta Oliteko Antzerki Jaialdiko zuzendari-kidea da.