Spri Taldearen Hazitek laguntza-programaren barnean kokatzen da H-Acero proiektua, eta Sarralle du buru, siderurgiarako ekipoen ingeniaritzan, diseinuan eta eraikuntzan espezializatutako taldea. Sektore siderurgikoa deskarbonizatzen laguntzeko sortu da, eta horretarako hidrogenoa energia-iturri alternatibo gisa erabiltzen du altzairuaren ekoizpen-prozesuaren hainbat puntutan.
Proiektuaren zuzendaritzatik adierazi dutenez, “atmosferara isurtzen den CO2 guztiaren % 9 burdinaren eta altzairuaren sektoreetatik datorrela kalkulatu da. Testuinguru horretan, sektorea deskarbonizatzea erronka handia da, eta teknologia berritzaileetan inbertitzeko beharretik abiatzen da, baita eraldaketa teknologiko baten aldeko apustutik ere, 2050. urterako zero emisio lortzea ahalbidetzeko”.
Hori lortzeko, proiektuak lau jardun-eremu ditu: bata, ekipo aurreratuak garatzera bideratua; bestea, kontsumigarrietan arreta jartzen duena (erregogorra, esaterako); hirugarrena, erregai-iturriari berari buruzkoa (H2); eta, azkenik, produkzio-prozesuarekin lotutako arlo bat. Era berean, azken fase gisa, prototipo-erakusleak eraikiko dira eskala txikian, proiektuan zehar garatutako diseinuak baliozkotzeko.
Horrekin guztiarekin, hidrogenoa siderurgiaren eremuan aplikatu ahal izateko behar den ezagutza teknologikoa lortu nahi du partzuergoak; izan ere, proiektuaren zuzendaritzaren arabera, “sektore siderurgikoko balio-kate osoak gaur egungo ingurumen-beharrei erantzuteko gai izan behar du. Hornitzaileak, azpiegiturak eta prozesuak eraldatzeko gai izan behar dugu, iturri garbien erregaietara egokitzeko, eta emaitza oso eraginkorrak lortzen jarraitu behar dugu, ekoitzitako altzairuen kalitatean eraginik izan gabe”.
Proiektuak dagoeneko bere ekuatorea gainditu du eta 2023aren amaieran amaituko da, hiru urteko lanaren ondoren. Sarrallerekin batera, sektorean erreferentzia diren beste hamaika euskal enpresa eta erakundek parte hartzen dute: Aceralava – Tubacex Group, Arcelor Mittal Olaberria-Bergara, Calcinor – Kelsen, Insertec, Nervacero – Celsa Group, Nippon Gases, Siderex klusterra, Sidenor, Tubos Reunidos Group, eta bi zentro, Tecnalia eta Ceit, biak BRTA euskal aliantzako kideak.
SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.