Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Eneko Goiak, Donostiako alkateak, eta Lourdes Herrastik, Aranzadi Zientzia Elkarteko antropologoak, gaur arratsaldean aurkeztu dituzte, Polloeko hilerrian bertan, hilerri horretako mausoleo frankistaren esanahiz berritu eta bertan ehortzitako gudarien eta milizianoen oroimena duintzeko egingo diren jarduerak.
Aurkezpenak bat egiten du hiria matxinatuen eskuetan erori zeneko 86. urteurrenarekin, eta bertan izan dira biktimen zenbait senide eta erakundeen ordezkariak: Jos Antonio Rodrguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea; Aintzane Ezenarro, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria – Gogora eta Ane Oyarbide, Donostiako Udaleko Berdintasun, Elkartasun eta Eskubide Zibiletako zinegotzia.
Eusko Jaurlaritzak, Gogora Institutuaren bitartez, eta Donostiako Udalak, hilobi horretan lurperatuta daudela jakinekoa den 17 gudari eta milizianoen izenak jasotzen dituen plaka bat jartzea erabaki dute.
Helburua, Beatriz Artolazabal sailburuak azaldu duenez, lekuaren esanahia aldatzea da, bertan ehortzita dauden gudulari errepublikarren memoria berreskuratu eta duintzeko: “haien oroimena espazioa eraldatuz ohoratuko dugu, beraien duintasuna berreskuratzeko eta oroimenak iraun dezan. Gogora Institutuak plaka bat jarriko du hemen lurperatu zituzten 17 errepublikarren izenekin, eta duela 86 urte izan ez zuten omenaldia eta agurra egingo diegu”.
Oroitzapenezko eskultura
Bestalde, Donostiako Udalak, Eneko Goia alkateak jakinarazi duen bezala, eskultura bat jarriko du biktimen omenez. Adierazi duenez, Donostiak memoria-espazioak berreskuratu nahi ditu hirian, eta ildo horretan zentzu osoa hartzen du Polloeko mausoleoa esanahiz berritzeko ekimenak.
Alkateak gogorarazi du iragarpena egiteko aukeratutako datak sinbolismo berezia duela; izan ere, “tropa frankistek Donostia okupatu zuten eguna gogoratzen dugu gaur”. Goiak adierazi duenez, mausoleoak gogora ekarriko ditu “hemen ehortzita dauden dituzten biktimak, eta baliagarria izango da gure hiriaren eta herriaren iraganaren memoria iraunkorra egiteko, faxismoak askatasun kolektibo eta indibidualak laminatu zituenekoa”.