Bizkaiko Foru Aldundiak irailean ibilbide gidatuak eskainiko ditu Bizkaiko Zin-bidera (Bilbo, Lezama, Larrabetzu, Morga, Gernika eta Bermeo) eta Burdinolen Ibilbideetara joateko, Barbadun ibaira eta Lea ibaira bisita eginez.
Eskaintza hori irailaren bigarren hamabostaldirako baino ez da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Ibilbide Historikoak programaren barruan kokatzen da. Proposamen kultural eta turistiko paregabea da; izan ere, lurraldeko interes historikoko espazioetan bisita gidatuak egingo dira. Udan Urdaibaiko aztarnategi arkeologikoetan zehar hainbat ibilbide eskaini dituzte programaren baitan.
Burdinbideen Ibilbidea eta Zin-bidea irailaren 16, 17, 18, 23, 24 eta 25ean egin ahal izango dira. Interesa izanez gero, informazio guztia www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunean, 688.856.689 telefonora deituz edo [email protected] helbidera idatziz eskura daiteke.
Ibilbide Historikoak programaren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko paisaia- eta natura-inguruneko aztarnategi arkeologiko nagusiak ezagutarazi nahi ditu.
Irteera gidatuetan, Bizkaiko historiarako monumentu bikain horiek aztertzen eta kontserbatzen esku hartutako aditu profesionalen aholkularitza jaso da.
Bizkaiko kultura eskaintzaren barruan oso errotuta dagoen jarduera da. 2012an jarri zen martxan, eta Bizkaiko kultura eta ondarea zabaltzeko kalitatezko programa egonkor bihurtu da. Ibilbide gidatu eta pertsonalizatuei esker, gure lurraldearen historiaren zati handi bat biltzen duten Bizkaiko baliabide berdingabeak ezagutuko ditugu.
Busturialdeko bisita gidatuak uztailean, abuztuan eta irailean izango dira. Bisita-egutegia kontsultatzeko, jo ezazu www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunera, deitu 688.856.689 telefono zenbakira edo bidali mezu bat [email protected] posta elektronikora.
Kultura eskaintzak natura-ingurunearen eta kultura baliabidearen jasangarritasuna eta begirunea bermatu nahi ditu. Horregatik, bisita batzuk oinez egingo dira eta beste kasu batzuetan tren turistiko bat erabili ahalko da. Bisitari taldeak txikiak izango dira beti.
Burdinolen Ibilbideak
Burdinolen Ibilbideen barruan, Barbadun ibaia eta Lea ibaia bisitatuko dira. Barbadun ibaia Bizkaiko Jaurerriko burdinola- edo errotari-industria garatzeko motorretako bat izan zen. Ibilbideak ibaiaren arroari jarraitzen dio, non elkarrekin moldatzen baitira burdina tradizionala eta meatzaritza garaikideak inguru horretan utzi duen erauzketa-aztarna sakona. Bertan dago bisita daitekeen Bizkaiko burdinola museo bakarra, El Pobal. Garaiko makineria martxan ikusteko aukera izango dugu.
Lea ibaiari dagokionez, funtsezkoa izan zen jarduera hidrauliko garrantzitsua garatzeko Lea-Artibai eskualdean. Pedro Bernardo Villareal de Bérriz ilustratuaren ondarearen lekuko leiala izan zen, zeinaren barnean, besteak beste, Bengolea multzoa nabarmentzen baita. Ibaiak historia markatzen du eta lagun izango dugu ibilbide honetan, industriaurreko eta industria garaiko burdinola-errotari eta ontzigintza jardueraren lekuko. Gutxi eraldatutako paisaia batetik igarotzen den ibilbidean zehar, bisitariek industriaurreko iraganean kokatzeko eta bertara erraz bidaiatzeko aukera izango dute.
Bizkaiko Zin-bidea
Bizkaiko Zin-bidea irailean jarriko du martxan foru-aldundiak, bisita gidatuaren formatuan. Bizkaiko Jaunak ekitaldi ospetsuan Foruen zina egiten zuen lekuetatik igaroko da proposatutako ibilbidea. Bizkaiko Lurralde Historikoa arautzen zuten legeak ziren Foruak, eta, Bizkaiko Jaunak zin egin ondoren, onetsi egiten ziren. Errealitate historiko horrek Bizkaiko Lurralde Historikoaren berezitasun politikoa definitzen lagundu du.
Zin-bidea Bilbon hasten zen, Gernika-Lumo zuen erdigune eta Bermeon amaitzen zen. Bizkaiko Foruak zin egiten ziren lekuak eta monumentuak bisitatuko dira.
Bisita horrek bi helburu nagusi ditu: bata da gure historia ezagutaraztea; bestea, zehatzagoa, Bizkaiko Foruen funtsean murgiltzea, Euskal Herriko kudeaketa politikoaren aplikazioan izandako ezarpen-mekanismoetako batzuk ulertzeko.