Bizkaiko Foru Aldundiak kultura sustatzeko zerga-pizgarriak eguneratu eta zabaltzen dituen Foru Arauaren aurreproiektua onartu du, eta orain Bizkaiko Batzar Nagusietan izapidetzen hasiko da. Aurreproiektu horrek ikus-entzunezko ekoizpenetarako zerga-pizgarriak areagotzen ditu (gehienez, egindako gastuen % 70eko kenkaria), eta atzerriko ekoizpen eta formatu digital berrietara zabaltzen ditu; gainera, % 40ra arteko kenkari berri bat ezartzen du arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunen ekoizpenetarako, eta ekoizpen kulturalen finantzaketa alternatiboa sustatzen du, ekoizlearen eta finantzatzailearen arteko kenkarien transferentzia ahalbidetzen baitu.
Foru Aldundiak aurreproiektu honekin lortu nahi duen helburua da Bizkaiak kultur ekoizpenerako duen erakargarritasuna indartzea, eta horretarako, sektoreko eragileek lurraldean egiten duten lana babestu eta euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenak eta ekoizpen eszenikoak bereziki sustatu nahi dira. Era berean, zergadunei erabateko berme juridikoa eskaintzeko, aurreproiektuan proposatutako zerga-araubideak Europako Batzordearen baimena jaso du. Horrela, Bizkaia da ikus-entzunezko ekoizpenak, atzerrikoak eta formatu digital berrietakoak barne, eta arte eszenikoen eta musikalen ekoizpenetarako zerga-pizgarriak sustatzeko Europako Batzordearen baimena duen Estatuko lurralde bakarra.
Ikus-entzunezko lanen produkzioagatiko kenkaria
Kenkari hori aplikatzen zaie, nazionalitatea edozein dela ere, film luze eta laburrei eta ikus-entzunezko beste lan batzuei, hala nola fikziozko, animazioko edo dokumentaleko serieei (zinematografikoak, telebistakoak edo formatu digital berrietakoak izan), baldin eta haien kultura-izaera egiaztatzen badute. Kenkariaren oinarria ekoizpenaren kostuak, kopiak lortzeko gastuek eta produktorearen konturako publizitate- eta sustapen-gastuek osatuko dute.
Aplikatu beharreko kenkaria % 35 eta % 60 artekoa izango da Bizkaian egindako gastu eta inbertsioen ehunekoaren arabera, eta beste % 10 handituko da osorik euskaraz filmatutako obra bada. Horrela, gehienezko kenkaria % 70ekoa izango da.
- % 60ko kenkaria, Bizkaian egindako gastuak % 50etik gorakoak badira.
- % 50eko kenkaria, Bizkaian egindako gastuak % 35 eta % 50 artekoak badira.
- % 40ko kenkaria, Bizkaiko gastuak % 20 eta % 35 bitartekoak badira.
- % 35eko kenkaria gainerako kasuetan.
- Aurreko edozein kasutan, kenkaria % 10 handituko da euskaraz filmatutako filmetarako.
Kenkari hori baldintza batzuen mende dago, besteak beste, izaera kulturala egiaztatzen duen ziurtagiria lortzea, kultura-errealitatearekin duen lotura edo kultura-aniztasuna aberasteko egiten duen ekarpena, edo obraren kopia bat Euskadiko Filmategian edo ikus-entzunezko lanak katalogatzeko eta kontserbatzeko eskumena duten erakunde edo erakundeetan uztea.
Gaur egun, ikus-entzunezko produkzioetarako kenkaria ez zaie aplikatzen atzerriko produkzioei, ezta formatu digital berriei ere, eta % 30ekoa edo % 40koa da euskara hutsean filmatutako produkzioetarako.
Arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunengatiko kenkaria
Arte eszenikoen eta musikalen zuzeneko ikuskizunak ekoiztean eta erakustean egindako gastuek Sozietateen gaineko Zergaren kuota likidoan % 30eko kenkaria izateko eskubidea ematen dute. Ikuskizuna euskaraz bada, kenkaria % 40ra arte igoko da.
Kenkariaren oinarria arte-, teknika- eta sustapen-arloko zuzeneko kostuek osatzen dute, eta sortutako kenkariak ezin izango du 1.000.000 euroko zenbatekoa gainditu.
Betekizunen artean ezartzen da zergadunak gutxienez irabazien % 50 berrinbertitzea hurrengo lau urteetan arte eszeniko eta musikalen zuzeneko ikuskizun berriak egiteko.
Liburuak argitaratzeagatiko kenkaria
Industria-ekoizpen seriatuaren aurretik euskarri fisiko bat egitea ahalbidetzen duten liburuak argitaratzeko inbertsioek kuota likidoaren % 5eko kenkaria izateko eskubidea emango dute.
Kenkarien transferentzia
Kulturaren eremura zabaltzen da Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren 64.bis artikuluan ezarritako mekanismoa, I+G+b inbertsioengatik sortutako kenkarien transferentziaren bidez proiektu berrien finantzaketa sustatzeko.
Horrela, kulturaren edo ikus-entzunezkoen sektorekoak ez diren enpresek ekoizpenak finantzatzea errazten da, ondoren kenkari horiek ikus-entzunezko ekoizpenengatik, arte eszenikoen zuzeneko ikuskizunengatik edo liburuak argitaratzeagatik aplikatzeko. Finantzatzaileen gehieneko errentagarritasuna ekarpenaren % 120 izango da.