“Konbinatu eta mugitu” lelopean, Euskal Herriko Unibertsitateak jarduera egitaratu zabala eskainiko du irailaren 16tik 22ra ospatuko den Mugikortasunaren Europako Astean (MEA). UPV/EHUko Jasangarritasuneko eta Gizarte Konpromisoko Zuzendaritzak gauzatutako ekimena, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetako Errektoreordetzekin koordinatuta.
Horrela, Unibertsitateak bat egingo du, beste urte batez, Europako Batzordearen sentsibilizazio kanpaina nagusiarekin, hiri mugikortasun jasangarria, mugikortasun aktiboaren aldeko portaera aldaketa, garraio publikoa eta garraio garbiaren beste irtenbide batzuk sustatzeko.
Jarduera osasungarriak, erakargarriak eta saridunak
Euskal Herriko Unibertsitateak unibertsitateko kide guztientzat pentsatutako egitarau bat prestatu du, eta hiru campusetan modu presentzial eta birtualean parte hartu ahal izango da. Horrela, aurtengo Mugikortasunaren Europako Asteak (MEA) hainbat berrikuntza izango ditu, hala nola patinete elektrikoaren erabilera egokiarekin zerikusia duen guztia ezagutzeko web-mintegi bat. Gainera, Bizkaiko Campusean partekatutako patinete zerbitzu bat jarriko dugu martxan, Euskootersekin lankidetzan, Leioako metrotik campusera joateko.
Bestalde, Formula Student eta Moto Student taldeek ibilgailu elektrikoak aurkeztuko dituzte Bizkaiko eta Arabako campusetan.
Era berean, “Unibertsitatean mugikortasun jasangarriari buruzko tribial erronkarekin” jarraituko dugu. Online lehiaketa bat izango da, non ekimen honekin lotutako hainbat galdera asmatu beharko dituzun: probak gainditzeko gai izango zara? Eman izena eta ikusiko duzu. Sari interesgarriak dituzu zain.
Horrekin batera, online argazki lehiaketa itzuliko da. Parte hartzeko, argitaratu argazkiak zure Instagrameko kontuan eta etiketatu UPV/EHU (@upvehu_gara), #EHUSEM22 traolarekin. Gogoratu: argazkiak zureak izan behar dira eta edukia mugikortasun jasangarriarekin eta campusarekin lotutakoa izan beharko da. Argazki onenek UPV/EHUko kirol jertse bat edo haize kontrako jaka bat irabaziko dute.
Mugikortasunaren Europako Asteko (MEA) ohiko ekintza oinez edo bizikletaz egindako ibilbideak dira. Horietan, Unibertsitateko jende askok ezagutzen ez dituen gertuko tokien inguruko xehetasunak eskainiko zaizkigu. Leioa-Erandio eremuan, Arboretumetik paseo bat emango dugu Xabier Loidi (Botanikako katedraduna) eta Xabier Murelagarekin (Geologiako irakaslea), eta eremu naturalari buruzko xehetasun interesgarrienen berri emango digute. Kontuz, plaza kopurua mugatua da eta! Ez ahaztu izena emateaz.
Aurrekoetan bezala, Mugikortasunaren Europako Asteak Arabako eta Gipuzkoako campusetako egitarauan barne hartuko ditu Bizikletak konpontzeko tailerrak (BIT) eta bizikleta ibilbideak; horretarako, izena eman dezakezu honako inprimaki hau betez. Donostiako Udalak antolatzen duen Bizikletadara ere batuko gara.
Beste behin ere hitzaldiak eta web-mintegiak eskainiko ditugu, presentzialak zein birtualak. Aurtengo edizioko gaiak honako hauek dira: “Emakumea eta bizikleta hirian: zerk motibatzen eta geldiarazten gaitu gure mugikortasuna aldatzeko unean?”eta “ba al dakizu mugikortasun pertsonaleko ibilgailu (MPI) bat erabiltzen?” Nola erabili modu seguruan”.
Informazio gehiago nahi baduzu, ikusi egitaraua eta parte hartu jardueretan. Eta badakizu… “Konbinatu eta mugitu”.