Praktikatun, dena prest mintzapraktikari ekiteko

AEKren Praktikatu zerbitzuak abian du 2022-2023 ikasturterako  kanpaina, Praktikatu euskara gurekin leloa lagun. Hala, urriaren  aurreneko egunetan hasiko dira martxan, Euskal Herriko leku askotan,  berbalagun, mintzakide eta mintzalagun taldeak, lagun giroan elkartu  eta euskaraz aurrez aurre jarduteko. Online saioak, berriz, azaroan  hasiko dira. Dagoeneko dohain eman daiteke izena talde mota  guztietarako, euskaltegietan, udal euskara zerbitzuetan zein  Praktikaturen www.praktikatu.eus atarian. 

Praktikatu hazten ari den egitasmoa da: gaur egun, Euskal Herriko 76  herritan antolatzen ditu mintzapraktika saioak, eta 300 ekintzatik gora  burutzen dira urtean, tartean, mintzodromoak. Ikasturte honetan kopuru horiek handitu egingo dira, lehendik egiten direnez gain, hiru proiektu  berri jarriko direlako martxan: Zangozan (Nafarroa), Igorren (Bizkaia)  eta Pasaian (Gipuzkoa). Hitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak, berriz,  jarraipena izango du Durangaldean (Bizkaia), Arriben (Nafarroa) eta  Urola Kostan (Gipuzkoa); eta elkarri hika hitz egiteko talde berrien  sorrera ere sustatuko da, besteak beste, Usurbilen eta Lea-Artibain.  Familientzako Gurasolagun taldeetan ere segituko dute jolasak, txangoak eta tailerrak egiten, helduek eta haurrek euskaraz batera aritzeko aukera izan dezaten. 

Aurtengo udazkenean, gainera, Euskaraldiaren hirugarren edizioaren  atarian gauden honetan, Praktikaturen proiektuek esanahi berezia  hartuko dute, mintzataldeak euskaraz bizitzeko aukera ematen duten  arigune naturalak baitira, hau da, uneoro euskaraz hitz egiteko aukera  bermatzen duten guneak. Izan ere, ohiko taldeez gain, eta euskararen  transmisioa sendotzeari begira, Praktikatu egitasmoak euskarazko  harrema sare berriak sustatzen ditu ekintza osagarrien bidez, hala nola,  asteburuko egonaldiak, barnetegi ibiltariak edota zaletasunen (natura,  kirola eta kultura) araberako interes taldeak antolatuta. Ondorioz,  bereziki azpimarratzekoa da horietan guztietan parte hartzen duten  mintzalagunen, mintzakideen, berbalagunen eta bidelagunen ahalegina  eta euskararen transmisioari egiten dioten ekarpena.