Urria kirolez beteriko asteburu batekin hasiko da Barakaldon. Igandean, hilak 2, 10kBarakaldo herri-lasterketaren zortzigarren edizioa egingo da hirian, eta lehen aldiz Euskadiko txapelketa eta errepideko lasterketen masterra izango da. Probak, Barakaldo atletismo-klubak antolatua, zortzi urte daramatza atletismoa gustuko duten pertsonei hiriaz modu desberdin batean gozatzeko aukera eskaintzen. Iaz, lasterketa lehenengo aldiz Atletismoko Espainiako Errege Federazioaren (RFEA) lehiaketen nazio-mailako egutegian sartu zen, eta aurten, beste urrats bat izango da hiria kirol-proben erreferentzia gisa kokatzeko.
10kBarakaldo aukera paregabea da atletismoa eta runninga maila guztietan sentitzeko. Lasterketa aproposa da marka pertsonalak gainditu nahi dituzten atletentzat, baina, era berean, baldintza ezin hobeak eskaintzen ditu bertara lehiaketaren munduan modu errazean hasi nahi duten lasterkarientzat. Gainera, beti lortzen da giro ikaragarria kirolaren inguruan. «Zortzigarren edizioa da aurtengoa, eta alkate gisa harro egoteko modukoa da honelako lasterketak aurkeztu ahal izatea; izan ere, lasterketa hasi zenean arrakasta handia izan arren, antolatzaileak ez dira konformatu, eta hazten, hazten eta hazten jarraitu dute, erronkak gaindituz, gure hiria kirol-lasterketen esparruan erreferente bihurtzeko», adierazi du Amaia del Campo alkateak Barakaldo atletismo-klubeko Belit Solarrekin eta Tech Friendlyko (probaren babeslea) Sergio Sernarekin batera.
«Poliki-poliki, Barakaldoren izena modalitate desberdineko kirol-egutegietan sartu da, saihestu ezin daitekeen hitzordu bat bezala. Horregatik, gaur eskerrak eman behar dizkiot Barakaldoko atletismo-klubari, urterik urte lanean jarraitzeagatik proba hau antolatzen, izan ere, zalantzarik gabe, gure hiria modu desberdinean bizitzeko aukera bat baita», adierazi du.
10k Ezkerraldeko probarik azkarrena da. Bere zirkuituak, azkarra eta laua, denborak murriztea ahalbidetzen du eta prestakuntza atletikoa errazten du egutegiko beste lehiaketa batzuetara begira. Lasterketaren ibilbideari dagokionez, asfaltozko hiri-zirkuitu batetik gauzatuko da, 10.000 eta 5.000 metro inguruko distantzia batean, eta Bilbao Exhibition Center (BEC) inguruak eta Megaparkaren merkataritza-gunea zeharkatuko dira. 5 km-ko lasterketa 10:30ean hasiko da eta 10 km-koa 11:00etan, pilaketak ekiditeko eta Koronabirusaren kontrako prebentzio-neurriak errespetatzeko.
Del Campok, era berean, «dagoeneko gure hiriko klasiko bat bihurtu den» hiri-ibilbide honetan parte hartzera animatu nahi izan ditu herritarrak.
Lasterketak bere ohiko babesleak ditu, besteak beste, tokiko enpresarena: TECH Friendly. Bi enpresek Klubarekin batera lan egiten dute Barakaldoko 10k herri-lasterketen barruan nazio-mailako erreferente bihurtzeko xede komunarekin. Izen-emateak honako esteka honen bidez egin daitezke: bit.ly/TECH10kBarakaldo.