Cikautxo ongi errotutako enpresa bat da -Berriatuan du egoitza zentrala-, 3.000 langile dituena eta urteko 240 milioi euroko fakturazioa duena. Kautxuzko materialak fabrikatzen ditu, nagusiki automobilgintzarako eta etxetresna elektrikoen sektorerako, eta bere berritzeko espirituari jarraiki, hidrogenozko ibilgailuentzako proiektuak lortu ditu aurten. Cikautxo enpresak SPRI Taldearen laguntza jaso du Basque Digital Innovation Hub-ek martxan jarritako BDIH Konexio programaren bidez, zeinak euskal ETEen eskura jartzen baitu fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat prestakuntzarako, ikerketarako, probak egiteko eta produktuak baliozkotzeko.
Cikautxo duela 51 urte sortu zen “eskualdeko jendearen ekimenez, kautxua fabrikatuko zuen kooperatiba bat sortzeko. Etxetresna elektrikoen sektorean hasi ginen Fagor enpresarentzat lanean, kautxuzko piezak behar zituelako” dio Salmenten saileko zuzendari Iker Príncipek.
80ko hamarkadaren hasieran, konpainia automobilgintzaren sektorean murgildu zen. Hurrengo mugarria nazioartekotze prozesua izan zen, 1999an hasi zena lantegi bat irekiz Txekian. Orain, konpainiaren zortzi lantegietatik sei atzerrian daude, eta nazioartekotzeari esker “jarduera laukoiztea” lortu dute.
Cikautxo-ren bezero gehienak automobilgintza sektorekoak dira (% 80), ondoren etxetresna elektrikoen sektorekoak (% 15) eta materialen fabrikaziokoak (% 5); azken arlo horretan “kautxuak eta polimeroak nahasten ditugu gure barne produkziorako edo hirugarrenei saltzeko”. Material horiek hainbat aplikazio dituzte, esaterako erabiltzen dira haurrentzako parkeetako zoruetan, asfaltoetan, futbol zelaietan edo atletismoko pistetan. “Gainera, kautxua prozesatzen duten enpresei ere saltzen diegu”.
Enpresak hainbat funtzio eta produktu eskaintzen ditu, adibidez, automobilgintzaren arloan fluxuen eroapena, bibrazioen aurkako sistemak eta estankotasun-sistemak. “Etxetresna elektrikoei dagokienez, garbigailuen ateetarako juntak edo ura sartu eta ateratzeko hodiak egiten ditugu”.
8 langegitan
Cikautxo-k 3.000 pertsona inguruko plantilla du 8 lantegitan, eta urtean 240 milioi inguru fakturatzen ditu. I+G funtsezkoa da euren negoziorako, eta badute teknologi zentro propio bat, Cikatek izenekoa, “zeinetan 50 pertsonak baino gehiagok lan egiten baitute epe luzerako ikuspegiarekin. Enpresaren abangoardia da”. Konpainiak bere negozioaren % 2,5-3 bitarte bideratzen du I+G-ra.
SPRI Taldeko BDIH Konexio programaren bidez jaso duen laguntzarekin Bin-picking proiektua abiarazi du, piezak irakurri eta makinan jartzen dituen robot bat sortzeko. “4.0 Industriaren adibide bat da. Robotika kolaboratiboaren arloan kokatzen da eta dagoeneko garatuta dago fase industrializatuan. Tekniker zentroak lagundu digu horretan”.
Datozen 20 urteetarako erronka eta helburuek lau ardatz nagusi jarraitzen dituzte. Lehena da oreka ekonomikoari eustea “automobilgintzako teknologien eraldaketak berekin dakarren ziurgabetasun izugarri honen erdian, eta hornidura arazoek nahiz lehengaien kostuen igoerak ezegonkor bihurtu duten testuinguru ekonomiko honetan”.
Bigarren ildoa digitalizazioa da. “Lanean ari gara makinetatik datuen analisiak ateratzeko”.
Hirugarrena mugikortasun berriari dagokio, eta horretan mugarri dira auto hibridoak, elektrikoak, ziurrenik laster iritsiko den hidrogenoa edo auto autonomoa. “Hor posizionatu egin behar dugu, merkaturik ez galtzeko. Lortu ditugun negozio berrien % 50 baino gehiago ibilgailu elektrikoen arlokoak dira. Eta aurtengo nobedade nagusia izan da hidrogenozko ibilgailuentzako proiektuak ere lortu ditugula, martxan izango baitira Europan 2025erako”.
Etorkizunerako laugarren apustu handia jasangarritasuna da. “Kautxua industria kimikoa da, kutsagarria, eta orain trantsizio batean murgilduta gaude material birziklagarriak nahiz bio jatorrikoak erabiltzeko edo CO2 emisioak eta karbono aztarna murrizteko eta elektrizitate berdea erabiltzeko. Bezeroek eskatzen digute hori”.
Epe laburrean, Cikautxo-k ez du zabalkunde gehiagorik egingo atzerrian. “Polo garrantzitsuenetan posizionatuta gaude: Ipar Amerikan, Europan eta Asian. Momentuz ez dugu inbertituko lantegi berrietan, baina gure gaitasunak hobetzen jarraituko dugu Europan, Ipar Amerikan eta Indian”.