Hondarribian (Gipuzkoa) izango da, irailaren 29tik –ostegunetik– urriaren 2ra –igandea–, Gazteriaren II. Foro Transpirenaikoa; hartan, Akitania Berriko, Okzitaniako, Kataluniako, Andorrako, Aragoiko, Nafarroako eta EAEko hirurogei gaztek klima-aldaketaz eta Pirinioetako eskualde eta herrialdeetan hartara egokitzeaz eztabaidatuko dute.
Jean-Louis Valls Pirinioetako Lan Elkarteko zuzendariak zehaztu duenez, “topaketan, laurogei gaztek klima-aldaketak planteatzen duen egoeraz eta hura prebenitzeko, hartara egokitzeko eta hari aurre egiteko gara daitezkeen ekimenez eta ekintzez eztabaidatuko dute. Gazteria bizi behar dituzten ingurune eta baldintzen sektore sozial kontzienteena da, eta, hori dela eta, haiek ikusten dute argien esku hartzeko beharra”.
Foroaren lema honako hau da: “Klima-aldaketaren eragina Pirinioetan: zer egin dezakegu? Impact du changement climatique aux Pyrénéenes: qu’est-ce que nous pouvons faire?». Jardunaldietan, bertaratzen diren gazteak tailerretan banatuko dira, eta zenbait baliabide proposatuko dituzte ekintza klimatikoko mugaz bestaldeko proiektuak antolatzeko.
Hondarribiko foru-aterpetxea izango da gazte-topaketen egoitza. Txomin Sagarzazu alkateak, Idoia Arauzo Pirinioetako Lan Elkarteko Gazteen Lantaldeko zuzendariak, Agurtzane Llano Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendariak eta Jean-Louis Valls Pirinioetako Lan Elkarteko zuzendariak bertaratuko diren gazteen taldeari egingo diote harrera, ostegunean, irailaren 29an, 19:30ean.
Idoia Arauzo Pirinioetako Lan Elkarteko Gazteen Lantaldeko zuzendari teknikoak azaldu duenez, “ostiralean, hilaren 30ean, lan- eta eztabaida-tailerrak hasiko dira, eta, arratsaldean, taldea itsasontziz joango da Hendaiako kirol-portura, eta, bertan, Biarritzeko gazte-talde batek ingurumeneko eta garapen jasangarriko kontzientziazio-proiektu batzuen xehetasunak emango dizkie. Proiektu horiek Biarritzeko WATER FAMILYk (Du flocon à la Vague) sustatzen du. Gorka Oyarzunek (Water Family) eta Julien Gerbet-ek, Blutopiakoak –biak Biarritzekoak–, Foroko parte-hartzaileei zehaztuko diete planetaren azaleraren % 70 ozeanoei dagokiela, eta haiek nolako eragina duten Lurraren tenperaturan.
Larunbatean, urriaren 1ean, Pirinioetako eskualdeen zenbait erakunde-ordezkarik Foroaren egoitza bisitatuko dute, amaierako adierazpena entzun eta bertaratzen direnekin iritziak trukatzeko. Arratsaldean, bizikletan joango dira Doneztebe ingurutik –Nafarroan–, Bidasoako Bide Berdetik. Igandean, hilaren 2an, topaketa amaituko da, eta ondorioak irakurri eta proiektuak aurkeztuko dira. Gazteriaren Lehen Foro Transpirenaikoa iaz izan zen, Jacan (Huesca).