Barakaldoko Udal Musika Kontserbatorioak 40 urte bete ditu

Ezkerraldean musika-ikasketa arautuak dituen musika-kontserbatorio profesional bakarra da, eta aurten 40. urteurrena ospatuko du. Barakaldok 1982an ireki zuen udal-kontserbatorioa eta harrez geroztik musika-heziketa arautua eskaini die Barakaldoko udalerriko zein Ezkerralde osoko ikasleei, baita Enkarterri eskualdekoei eta Kantabriako hainbat udalerri mugakidetako ikasleei ere. Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria Arloko zinegotzi den Nerea Canteroren hitzetan: «Barakaldo bere kontserbatorioaz harro dago. Musikari dagokionez erreferentzia bat da, eta, dudarik gabe, gure hiriak musikari dion begirunearen arrazoietako bat ere». Efemeride berezi hau ospatzeko, Udalak eta Kontserbatorioak ekitaldi bat antolatu dute datorren irailaren 28an Barakaldo Antzokian. Hala ere, urteurrena ikasturte osoan zehar ospatuko da jarduera eta kontzertu askoren bidez.

Barakaldoko Musika Kontserbatorio Profesionalak etengabeko hazkundea izan du abian jarri zenetik. Legealdi honetan, izan ere, heziketa-eskaintza eta instrumentu-espezialitateak zabaldu ditu, kontserbatorioak inguru honetan erreferentea izaten jarrai dezan. Hala, 2020ko irailean, Tronboi eta Bonbardino/Tuba espezialitateak gehitu zitzaizkion zentroko heziketa-eskaintzari, Haize eta Metal Sailak guztiz osatzeko. «Espezialitate horiek gehitzeak eragin bikaina izan du Kontserbatorioarengan, ikasleek asko eskatzen dituzten modalitateak baitira. Horiek gehitzeari esker lortu dugu Kontserbatorioko zenbait talde osatzea», azpimarratu du Canterok.

Musika-talde horien artean daude, besteak beste: Hari, haize eta perkusioko instrumentuen praktikak; Oinarrizko Mailako Abesbatza; Maila Profesionaleko Abesbatza; eskusoinu, gitarra eta txistuko instrumentu-taldeak; Perkusio taldea; Ganbera-musikako hainbat talde; Maila Profesionaleko Banda Sinfonikoa eta Maila Profesionaleko Orkestra Sinfonikoa. Musikaren irakaskuntza arautua eta horren espezialitate guztiek barne hartzen dituzten irakasgai eta espezialitate guztiak irakasteaz gain, Kontserbatorioak ikasleen entzunaldiak egiten ditu eta parte-hartze aktiboa du jaialdietan eta kontzertuetan.

300 IKASLE BAINO GEHIAGO ETA KANTU MODALITATE BERRIA
Gaur egun 300 ikasle baino gehiago eta 37 irakasle daude Kontserbatorioan. «Azken urteotan ikasle-kopuruak gora egin du, eta, baita pandemia-garaian ere, gai izan da jarduera pedagogiko eta musikal ia guztiak mantentzeko. Horregatik nahiko nuke Kontserbatorioko parte izan diren eta izaten jarraitzen duten kide guztiak zoriontzea, haien esfortzua ezinbestekoa izan baita urte hauetan zehar maila mantentzeko, baita pandemia-urtetan zehar ere», nabarmendu du Canterok. Une honetan Kontserbatorioan hemeretzi instrumentu-espezialitate irakasten dira. 2022ko irailean bertan eskaintza hori zabaldu egin da Kantu espezialitatea gehitzeari esker. 2022/2023 ikasturtean jarriko da abian Kantu espezialitatea Kontserbatorioan, eta Maila Profesionalerako beharrezkoak diren sarrera probak egin dira.

40. URTEURRENEKO EKITALDIAK

40. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi eta kontzertu izango dira 2022/2023 ikasturtean zehar. Hasteko, irailaren 28an Barakaldo Antzokian 40. urteurren honen hasierako ekitaldia antolatuko da.

Bukatzeko, Canterok hauxe adierazi du: «Pribilegio handia da Barakaldon erreferentziazko Kontserbatorio Profesional bat izatea, Tronboi, Tuba eta Kantu espezialitateak gehitzeari esker musikaren irakaskuntza arautuko erreferentziazko zentro gisa nabarmendu dena. Udaletik jarraitzen dugu, eta jarraituko dugu, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin elkarlanean, musika-ikasketak eta -heziketa babesten».