Europako Mugikortasun Jasangarriaren astearen barruan Bizikletaren erabilera sustatzeko eta aldarrikatzeko ekimena da
Donostiako Udalak Bizikletada ospatu du gaur goizean. Bertan, hiriko 12 institutu eta ikastetxetako 800 ikasleek, Donostiako alkate Eneko Goiak, Mugikortasun zinegotzi Pilar Aranak, eta EHUko, Bizikletaz Adinik Ez ekimeneko eta Txitako hainbat kidek ere parte hartu dute. Guztiek bizikletaz, 10 kilometro, ibili dira Donostiako kaleetan zehar.
Ekimen hau Europako Mugikortasun Jasangarriaren astearen barruan kokatzen da, eta ikastetxe ezberdinetan ikasturte osoan zehar aldaketa klimatikoari aurre egiteko ikasleekin mugikortasunaren eta Eskolako Agenda 21aren inguruan egiten diren lanen barruan dago.
Mugikortasun Astea Europako Batzordeak hiri-mugikortasun iraunkorrari buruz egiten duen sentsibilizazio-kanpaina nagusia da, eta bi helburu ditu: batetik, Europako tokiko agintariak animatzea garraio iraunkorraren aldeko neurriak sustatzera, eta, bestetik, herritarrak animatzea ibilgailu pribatuaren alternatibak probatzera, garraio publikoa eta garraio garbiko eta adimenduneko beste irtenbide batzuk erabiliz.
Bizikletadak itxi du aurtengo Europako Mugikortasun Jasangarriaren asteko ekitaldiak.
2022/09/22-an argitaratua