Eskaera irailaren 28tik, datorren asteazkena, urriaren 11ra bitartean aurkez daiteke Barakaldoko Udalean, ahal dela 010 zenbakian hitzordua eskatuta. Udalak 40.000 euroko partida dauka.
Euskara ikasteko ikastaroak egiten dituztenek matrikula doan eduki dezakete. Horretarako Barakaldoko Udalak euskara ikasteko bultzatutako laguntzetako bat eskuratzeko eskaera aurkeztea baino ez da beharrezkoa; eskaera aurkezteko epea datorren asteazkenean, irailaren 28an, hasiko da. Iratxe Focesek, Euskara zinegotziak, gogorarazi duenez, joan den apirilean Amaia del Campo alkateak bultzatutako ordenantzaren aldaketari esker ikasturte honetatik aurrera ikasleek matrikulan inbertitutako zenbatekoaren % 100 jasoko dute.
Udalak 40.000 euroko partida dauka 2021eko irailaren 1etik 2022ko abuztuaren 31ra bitartean euskara-ikastaroren bat egiten duten barakaldarren artean banatzeko. Laguntza-lerro horri esker, HABEk homologatutako edozein euskaltegitan (Barakaldon zein udalerritik kanpo) euskara ikastaroren bat egiten duten barakaldar guztiek matrikula-gastuen % 100 berreskuratu ahal izango dute; «horregatik, euskara ikasten ari diren pertsona guztiak dirulaguntza hauek eskatzera animatzen ditugu, horrela ikasten jarraitu ahal izango dutelako kostuaz arduratu beharrik izan gabe» adierazi du Iratxe Focesek.
Euskara ikasteko laguntzak eskatzeko epea irailaren 28an irekiko da eta urriaren 11ra arte, asteartea, egongo da zabalik. Laguntza-deialdi honi buruzko informazio guztia (eskabide-eredua, aurkeztu beharreko dokumentazioa,…) udalaren web-orrietan dago eskuragarri: www.barakaldo.eus eta euskara.barakaldo.eus.
Dokumentazioa Barakaldoko Udaletxean aurkeztu behar da, eta, horretarako, aldez aurretik hitzordua eskatzea gomendatzen da, herritarrei arreta emateko doako telefonoa den 010 zenbakiaren bidez. Era telematikoan ere aurkez daiteke, egoitza elektronikoaren bidez, eta, horretarako, B@KQ identifikazio elektronikoa eduki behar da. Identifikazio hori doan eska daiteke, aldez aurretik Herriko Plazako HAZn hitzordurik eskatu gabe.